Justiziak bat egin du Iguzkitzarekin, eta lizentzia ukatu du lohien plantarako

Justiziak bat egin du Iguzkitzarekin, eta lizentzia ukatu du lohien plantarako

Arenak 2011n jaso zuen baimena. Iguzkitzako Udalak kendu egin zion, urratsik ez egiteagatik. Erabaki hori berretsi du orain epaile batek.

E. Elizondo

“Lasai egon gaitezke, justiziak bat egin baitu gurekin, azkenean; jarrai dezakegu Montejurra babesten kutsagarria izan daitekeen jarduera batetik”. Iguzkitzako Udaleko alkate Jose Ignacio Urrak erran ditu hitzok, Iruñeko Administrazio Gaietarako Hirugarren Epaitegiaren sententzia jaso eta gero: epaileak berretsi du udalaren erabakia, eta ez du baimendu Aridos Reciclados de Navarra enpresak Azketan egin nahi zuen lohien konpost planta.

2011koa da proiektua. Urte horretan eman zion Iguzkitzako Udalak enpresari lehendabiziko jarduera lizentzia. Asmoa zen indusketa lanetatik eratorritako lurrak, obra hondakinak eta inausketa eta lorategietako hondakinak erabiltzea lorategietako lurrak sortzeko. 2013an, Nafarroako Gobernuaren baimena jaso zuen Arena etxeak, jarduera esparrua zabaltzea erabaki eta gero. Obrak hasi bazituen ere, ez zuten inoiz martxan jarri lohiak tratatzeko planta. Ondorioz, Iguzkitzako Udalak “iraungitzat” jo zuen emandako lizentzia.

Arena enpresak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta justiziak arrazoia eman zion, hasiera batean. Enpresak, baina, administrazioak agindutako zenbait neurri ez zituen hartu, eta Iguzkitzako Udalak lizentzia bertan behera uzteko erabakia berretsi zuen. Erabaki hori ontzat jo du orain bertze epaile batek, eta planta martxan jartzeko atea itxi dio Arenari.

Zigor txostena

Iguzkitzaibarko herritarrek hasieratik izan dute kezka proiektu horrek Montejurran eta inguruko lurretan eta uretan eragin zezakeen kutsaduragatik. Iguzkitzako alkate Urrak garbi dauka Montejurrako hegala ez dela “toki egoki bat” lohiak tratatzeko planta bat jartzeko, eta, ondorioz, “kontent” hartu du epaileek proiektua hutsean utzi izana. Urrak gogoratu du Nafarroako Gobernuak enpresaren aurkako zigor txostena egin zuela, isurketak egiteagatik.