“Maite dut hari batetik tiratu eta gauzak handitzen ikustea”

“Maite dut hari batetik tiratu eta gauzak handitzen ikustea”

Gerardo Lizarraga artista erbesteratuari buruzko erakusketa ondu du Oriak, eta Nafarroako Museoan da ikusgai. Komisario izan da, baina ez ditu alboratu beste proiektuak: FANeko zuzendaria ere bada.

Uxue Rey Gorraiz

Kazetaria da Blanca Oria (Iruñea, 1958), eta editorea, eta dokumentalista, eta baita erakusketa komisarioa ere. Oria proiektu askotan murgildua ibili da urteetan, kulturaren uretan betiere, eta arte plastikoetan eta zineman egin ditu urratsik gehienak. Dena dela, kontatu duenez, “inurrien antzera” ematen ditu pausoak, eta, hain zuzen ere, hori maite du bere lanetik, batik bat. Gerardo Lizarraga artista iruindarrari buruzko ikerketa abiatu zuen duela hamar urte baino gehiago, eta, orain, hari buruzko erakusketa bat zabaldu du, Nafarroako Memoria Institutuarekin elkarlanean: Gerardo Lizarraga. Erbesteko artista. Maiatzera arte izanen da ikusgai, Nafarroako Museoan.

Nor zen Gerardo Lizarraga?

1905ean Iruñean jaio zen artista bat. Hiriko familia inportante batekoa zen Gerardo, hau da, goi mailako klase batekoa; betiere, Iruñeko testuingurua zein zen aintzat hartuta. Madrilen egin zituen ikasketak, talentu handikoa zen, eta, gainera, aski baliabide zituen etorkizun oparoa izateko. Ordea, 31 urte zituela harrapatu zuen gerrak. Erbesterako bidea hartu zuen, eta, handik aurrera, haren bizitza errusiar mendi baten modukoa izan zen, Mexikora ailegatu zen arte. Sorkuntza artistiko asko egin zituen: margolanak, ilustrazioak, kartelak…

Iruñean jaio zen Lizarraga, baina ez du sona handirik Nafarroan.

Ez, eta, hain zuzen ere, hori bera pentsatzen du jendeak haren berri izandakoan: Nola da posible? Nondik atera da gizon hau? Suedian ezagutuko ez balute, normala litzateke, baina hemen hain ezezaguna izateak ematen du zer pentsatua. Izan ere, errua ez da artistarena, ezta herritarrena ere.

Norena da errua?

Garai hartako egoera politiko eta sozialarena; gerrak, gerraosteak eta erbesteak. Gainera, Lizarragarena ez zen izan salbuespena. Gerrak izugarri zigortu zituen intelektualen ibilbideak, eta askok egin behar izan zuten ihes. Iruditzen zait ez dugula behar adina deitoratzen hori gertatu izana.

Zergatik erabaki zenuen haren gaineko ikerketa abiatzea?

2009an, margolari nafarrei buruzko erakusketa bat osatu genuen Iruñean, eta hara non agertu ziren Lizarragaren hiru obra. Horietatik abiatuta, ikertzen hasi nintzen. Luzea izan zen prozesua, hamar bat urtekoa.

Hain justu, Estrellado izeneko dokumentala estreinatu zenuen 2018an, Lizarragari buruzkoa.

Bai, eta orduan sortu zen Lizarragaren bizitza eta lanak erakusketa batera ekartzeko ideia. Nafarroako Memoriaren Institutuko kideek interesa azaldu zuten lanarekiko, proposatu zidaten erakusketa bat eta argitalpen bat egitea, eta nik, baietz.

Erakusketa ez ezik, online bidezko jardunaldi batzuk ere antolatu dituzue. Zein dute ardatz?

Arreta gehienbat kulturara eta sortzaileen bizitzetara bideratuz erreparatu nahi diogu memoriari; uste dugu Lizarragaren kasuan zentratuta aise egin daitekeela. Testuingurua sakonki azaltzea da gakoetako bat.

Nafarroako FAN Anime Jaialdiko zuzendaria ere bazara. Nola iritsi zen hura sortzeko ideia?

Asko gustatzen zait zinema, biziki maite dut animazioa, eta baita Japonia ere. Gerardo Lizarragaren lanarekin gertatu bezala, honetan ere, besterik gabe, ikertzeari ekin nion. Segituan iruditu zitzaidan ezin egokiagoa zela Iruñean hari buruzko zerbait sortzea. Hasieran, lotura estuagoa zuen gai teorikoekin; orain, berriz, alde ludikoak garrantzi handia du.

Nolakoa da afizioa Iruñean?

Handia da, eta jende asko erakartzen du jaialdiak. Gainera, harrera beroagoa da urtetik urtera: 6.000 pertsona inguruk hartu zuten parte azken aldian. Aurten, zoritxarrez, oraingoz ezinezkoa izan da deus antolatzea. Dena dela, udaberrirako zerbait egiten saiatuko gara, maiatzerako.

Artyco aldizkari kulturala editatu zenuen 1990eko hamarkadan. Zer bide egin zuen?

Bi urte iraun zuen. Oso konplikatua da horrelako proiektuak aurrera eramatea. Orain, pentsaezina litzateke orduan egiten genuen bezala jardutea; online bidez argitaratuko genuke, dudarik gabe. Ni, ordea, euskarri horietan aritzeak ez nau gogobetetzen. Iruditzen zait ez dela gauza bera, telelana eta lantokitik aritzea gauza bera ez diren bezala. Gainera, uste dut ez garela gai online bidez egindako gauzak ongi gogoratzeko. Oroitzapen horiek ez zaizkit iltzatzen memorian. Izar laino bat sortzen da, eta dena lausotzen.

Dokumentalista, komisarioa, editorea… Zer duzu gustukoen?

Nahiko heterogeneoa naiz. Askotan esan izan dut kazetaria baizik ez naizela, horretarako ikasi nuelako. Baina, egiari zor, batzuk jantziz aldatzen diren adina aldatu naiz ni diziplina batetik bestera. Inurri baten modura aritzen naiz lanean, oso gustura, esku artean dudana edozer izanik ere.

Zergatik inurrien antzera?

Ordu asko ematen ditut bila, etxean, ordenagailu aurrean edo batetik bestera. Batzuetan, aise aurkitzen duzu bidea, eta, beste batzuetan, hilabeteak pasa daitezke ia urratsik egin gabe. Parte hori ez du inork ikusten, baina, tira, agian hobe da horrela. Nik, nire lan guztietan, maite dut hari mutur batetik tira egin eta gauzak nola handitzen diren ikustea. Hasieran txikitzat zeneukan hura handi bilakatzen da pixkanaka, eta izugarrizkoa da horrek sortzen duen plazera.