Gidari berekoiak kameren jomugan

Gidari berekoiak kameren jomugan

Juan Larretak esklerosi anizkoitza du; ondorioz, desgaitasunen bat dutenentzako txartela dagokio, haientzat gordetako tokietan aparkatzeko. Sareak baliatzen ditu agerian uzteko leku horiek baimenik gabe erabiltzen dituztenen «kontzientziarik eza».

Edurne Elizondo

Juan Larreta 2019ko urtarrilean hasi zen gidariak salatzen, autoa behar ez den tokian aparkatzen dutenean. Isunik ez duen salaketa da harena, salaketa publikoa; helburu baitu agerian uztea desgaitasunen bat dutenentzako tokiak baimenik gabe erabiltzen dituztenen “kontzientziarik eza”. Horretarako, 400 pertsonak osatutako sareak egindako argazkiak zabaltzen ditu, Internet bidez, gidari berekoiak lotsagorritzeko. Esklerosi anizkoitza dauka.

“Bete-betean harrapatu arren, bada batere lotsatzen ez den gidaririk”, erran du Larretak. Baina ez du etsi, eta sare sozialetan zabaldutako irudien bitartez (@Okupasmotoriza2 da Twitterren), nabarmendu nahi du desgaitasunen bat dutenentzako tokiak “hagitz garrantzitsuak” direla, eta behar ez den bezala erabiltzen dituztenek “kalte handia” egiten dietela baimena dutenei.

“Aitzakia betikoa da: ‘Minutu bat bertzerik ez da’. Baina minutu bakar horrek tokirik gabe uzten banau, denbora hori baino anitzez ere gehiago galduko dut nik joan nahi dudan tokira ailegatzeko”, azaldu du. “Berez mugitzeko arazoak ditugun herritarroi oztopo gehiago ez jartzea da kontua”, erantsi du.

2019ko urtarriletik, gaizki aparkatutako autoen 4.700 argazki baino gehiago jaso eta zabaldu ditu Larretak, sare sozialen bidez; guztiak Nafarroan eginak. Hemendik kanpokoak ere jaso ohi ditu. Txartela ez duten erabiltzaileen jokabidea salatu nahi du argazki horiekin, bai eta txartela gaizki erabiltzen dutenena ere: “Hori ere gertatzen da: hildako erabiltzaileen txartelak erabiltzea, edo bertze batenaren fotokopiak egitea, adibidez”.

Txartela banatzeko moduan ere bada zer hobetu, Larretaren ustez; izan ere, eskumena udalek dute, eta, ondorioz, txartelak kudeatzeko eta emateko prozesuak ezberdinak dira batean eta bertzean. “Nafarroan, 272 herritan banatzen dute udalek txartela; agiri batzuetan datu bakar bat ere ez da agertzen, eta bertze batzuk eskuz eginak dira. Horrek ez du errazten arazoa konpontzea”.

Nafarroako Gobernuak izan beharko luke txartelak banatzeko eskumena, Larretaren iritziz: “Sistema bakar bat izanen genuke, eta dauden txartel guztien erregistro fidagarri bat. Gaur egun, ez dakigu zenbat dauden herrialdean”.

Administrazioarekin batera

Txartelen eskumena Nafarroako Gobernuak har dezan, urtarrilean bitan egin dute bilera erabiltzaileek eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk, hain zuzen. “Zirriborro bat helarazi diegu agintariei. Kontent gaude egin diguten harrerarekin; borondatea badutela erakutsi digute”, erran du Larretak.

Herrialdeko zenbait udalekin ere egin dituzte bilerak, herritarrak kontzientziatzeko kanpainak egiteko asmoz. Iruñean, Zizurren, Orkoienen eta Atarrabian egin dituzte jada. “Ezinbertzekoa da kanpainak egitea, zoritxarrez”. Antsoainen gertatu dena jarri du adibide: “Okindegi baten aurrean dagoen toki bat erabiltzen dute anitzek, ogia erostera sartzeko. Udalak epe mugatuko aparkalekuak jarri zituen ondoan, eta, halere, gidariek desgaitasunen bat dugunon tokian aparkatzen dute oraindik”.

Gisa horretako jokabideak gogor salatu ditu Larretak, desgaitasunen bat dutenenganako “elkartasunik eza ikaragarria” erakusten dutelako. Isuna jaso eta helegitea aurkezten dutenen jokabidea ere nekez uler dezake, eta are gutxiago helegite hori kontuan hartzen duten epaileena. Berriki, Nafarroako Administrazio Epaitegiak isuna kendu dio merkataritza gune bateko desgaitasunen bat dutenentzako tokian aparkatu zuen gidari bati, “pribatua” delakoan. “Erabilera publikoa” dela erantzun du Larretak: “Gure eskubideak zapaltzen ari dira”. Iruñeko Udalak helegitea aurkeztu du.