Aitzakiak

Lur Albizu Etxetxipia

Mendigorrian lortu dute, azkenean, D eredua zabal dadin. Heldu den ikasturtean izanen dute, lehendabiziko aldiz, euskaraz ikasteko aukera herrian.

Indar handiz ibili dira lanean azken urtean guraso nekaezin horiek, burugogorrak (ezin zitekeen beste modu batera izan), etsi gabe. Beste batzuei esker ere izan da: duela hamar bat urte ospatu zen Mendigorrian Sortzen egun hura. Dagoeneko (eta urte batzuk bazeramatzaten batzuek) Artaxoa eta Mendigorrako gurasoak baziren, esfortzu handiak egin zituztenak haien umeek eskola publikoan ikas zezaten, D ereduan. Hainbat eta hainbat bidelagun izan zituzten, euskararen aldeko bide hartan kide izan zituztenak (asko izanen ziren; bazen haien artean taxi-gidari bat, Patxi deitzen zena. Haien etxeetako ateetara joaten zitzaien bila. Festa hartan paella erraldoia prestatu zuen mundu guztiarentzat. Eskuzabala zen Patxi).

Euskararen aldeko, D ereduaren aldeko borrokaren genealogiak egin behar bagenitu, hamarkadaz hamarkada, segur aski esperientzia, lan, elkarlan, sinergia pila bat aurkituko genituzke. Eta denbora etorri eta denbora joan, azken finean hain desberdinak izanen ez diren gatazkak. Hainbeste aldatu ez diren eztabaidak, aurreiritziak, estereotipoak eta ekinak. D ereduko lerroak zabaldu izan direnean, 1985ean edo 2021ean, maiz prozesuak ez dira berdinak, baina ezta oso desberdinak ere; ez dakit zenbat kezkatu beharko ginatekeen.

Ni kezkatzen nauena da halako esfortzu izugarria egin behar ote den hizkuntza eskubideak bermatu ahal izan daitezen. Zergatik esplikatu behar diren hainbeste gauza. D ereduaren lehenengo haziak duela hamabost bat urte hasi ziren ernaltzen Mendigorrian. Nola pasatu behar izan dira hainbeste urte? Mendigorrian egin duten lana eta aurrera eraman duten borroka aurrera eraman gabe, beste herri batzuetan ez da posible izanen? Hori da mezua? Bestela, ez baitut gehiegi ulertzen.

Eta are, ez dut ulertzen nola Nafarroako Gobernuak bere funtzioei muzin egin eta D ereduaren aldeko matrikulazio kanpainarik ez duen eginen, zergatik eta “ez delako herritarrengana iristen”. Hori, komunikazio estrategia penagarria izanen duzuelako izanen da, aizue. Zuen ardura eta erantzukizuna da aldatzea, sakontzea eta iristea. Zer esan ekimen interesgarriak publikotasunaren aitzakiaren pean baztertzen dituzten alderdi ezkertiar horiez.

Beste behin ere herritarren bizkar jarri dute ardura: “Ez dute izena ematen ez dutelako nahi”, “norberak erabaki dezala nahi duena”, “ez dute hitz egiten ez dutelako nahi”. Oso ongi, berriz ere desberdinkeriak iraunkor egiten ari zarete. Ikusiko dugu zer gertatuko den aurten. Baina hainbeste arduragabekeria eta hainbeste ezaxola edonor haserretzeko modukoak dira, zalantzarik gabe.

Lezioak ematen jarraituko dute Mendigorria berriek. Urte askotarako!