Sephorako langileek 2020ko otsailean hasitako protestari eutsi diote, eta greban daude oraindik ere, lan baldintza duinak exijitzeko. Orain arte, multinazionalak ez du urratsik egin langileekin hitz egiteko.
Edurne Elizondo
Langileak dira, eta urte bat bete berri dute greban, lan baldintza duinak exijitzeko. Enpresak ez du mahai batean eseri nahi izan haiekin, orain arte; herritarren artean ere, merezi dutena baino oihartzun apalagoa izan dutela sentitzen dute. Halere, aurrera jarraitzeko indartsu daude: Sephora multinazionalaren Iruñeko lantokiko emakume langileak dira, eta astean hiru egunez ari dira greba egiten, 2020ko otsailaren 6tik.
“Generoarekin lotutako irakurketa sakona egin beharko genuke auzi honetan”, erran du ELAko zerbitzuetako arduradun Ainhoa Urkiak. Langileak ere iritzi berekoak dira: “Prekaritateak bereziki jotzen gaitu emakumeok; gurea sektore feminizatu bat da, eta horrek dakar gu aintzat ez hartzea”, adierazi dute.
2019ko Martxoaren 8ko greba feminista dago Sephoran iaz lehertu zen lan gatazkaren oinarrian, hain zuzen. Greba egin nahi zuten langileek “arazoak” izan zituzten, eta enpresak “ezbaian” jarri zuen protestarako beren eskubidea. Ondorioz, antolatzen hasi ziren, eta hauteskunde sindikalak egin eta gero, lan batzordea osatu eta enpresarekin harremanetan hasi ziren, arazoei heldu eta lan baldintzak hobetzeko asmoz. “Erantzuna ezezko biribil bat izan da, hasieratik”, azaldu dute langileek.
Ezezko horren aurrean, grebaren alde egin zuten langileek, iazko otsailean. Hiru aldarrikapen nagusi jarri zituzten erdigunean, eta hortxe jarraitzen dute: lan hitzarmen propio eta duin bat; soldatak hobetzea; eta behin-behinekotasuna eta ordutegien malgutasuna murriztea. “Gaur egungo lanaldiekin eta malgutasunarekin, langileek ez dute soldata duin bat, ezta beste lan osagarriren bat bilatzeko aukera ere”, nabarmendu du Urkiak.
Epaitegira bidean
“Zentzuzkoa dena bertzerik ez dugu eskatzen; astelehenetik larunbatera bitartekoak dira gure kontratuak, eta senide bat medikuarengana laguntzeko baimena ere ez digute ematen”, berretsi dute Sephorako langileek.
Duela urtebete greba hasi zutenetik, langileek ez dute izan enpresako arduradunekin elkartzeko aukera. Alderantziz. “Enpresak epaitegietara jo bertzerik ez du egin”. Iazko udan, ELAko ordezkariei idatzi bat igorri zien Sephorak, konpainia ez kritikatzeko ohartarazteko. Ez hori bakarrik: sindikatua auzitara eraman zuen enpresak, eta kalte ordaina eskatu, enpresarien ustez greba legez kanpokoa delako.
Uztailaren 17an egin zuten epaiketa, eta ELAk irabazi zuen. Enpresak helegitea aurkeztu, baina langileen grebarako eskubidea berretsi dute epaileek. Enpresak egin du bertze saiorik langileen protesta “geldiarazteko”: hiru grebalari zigortu dituzte, hamasei egunez, lanik eta soldatarik gabe. Zigor hori jaso zuten lan baldintzak salatzeko bideo bat egin eta zabaldu eta gero. “Enpresaren kezka nagusia da bere irudi publikoa. Ez dute kritikarik nahi jendaurrean”.
Sephorak grebalariak zigortzeko hartutako neurri horren aurrean, kontziliaziora deitu zituzten multinazionaleko arduradunak eta langileak. Grebalariek ez zuten hutsik egin, baina Sephorako kideek bai. “Ondorioz, epaitegietara jo beharko dugu”, azaldu dute langileek.
Prest dira hori egiteko; prest dira borrokan jarraitzeko. Langileek onartu dute ELA sindikatuaren babesa “ezinbertzekoa” izan zaiela protestari urtebetez eutsi ahal izateko, eta babes horrek ematen die aurrera jarraitzeko indarra. Onartu dituzte zailtasunak, halere: “Sentitzen dugu ez gaituztela kontuan hartzen; enpresak ez duela ulertzen gutxienekoa dela eskatzen ari garena. Gurekin mahai baten bueltan eseri nahi ez badute ere, nola ulertuko dute, bada?”, salatu dute langileek.
Bertzeentzat “eredu”
Grebalariek garbi dute dagokiena lortzeko ari direla borrokan. Antolatzeko urratsa egin dute, eta ez dute atzera egin nahi. ELAko zerbitzuetako arduradun Ainhoa Urkiak nabarmendu eta eskertu du Sephorako langileek urrats hori egin izana, hain zuzen, eta garbi du emakumeon greba sektore bereko bertze anitzentzat “eredu” izan daitekeela.
“Horregatik dira enpresako kideak sare sozialen bidez zabal daitekeenaren beldur”, berretsi du Urkiak. Arazoa ez delako bakarrik Sephorako langileena, ELAko kidearen hitzetan. “Bertze enpresa askotan bada baldintzak hobetzeko beharra”. “Indarrak batzeko” balio dezake Sephorako emakumeen grebak, Urkiaren ustez, eta “elkarrekin borrokatzera” deitu ditu sektoreko langileak. Sephorari buruz, azken datu bat jarri nahi izan du ELAko kideak mahai gainean: “2018an, 148 milioi euro fakturatu, eta hiru milioi euroren irabaziak izan zituen”. Langileek greban segitzen dute, lan baldintza duinen alde.