“Zenbait herritan euskara ez da hain agerian, baina han da”

“Zenbait herritan euskara ez da hain agerian, baina han da”

Hamaika TBko ‘Nafar Away’ programak Tutera, Lizarrerria eta Tafallaldea izan ditu hizpide, oraingoz. Saioaren lantaldeko kide da Martikorena; dioenez, «pozik» da izandako harrerarekin.

Uxue Rey Gorraiz

Batetik bestera dabil Hamaika Telebistako Nafar Away programa berriko lantaldea herrialdean. Saioaren izenak hitz erdika aditzera ematen duenez, Nafarroako txokoak erakustea da saioaren asmo nagusietako bat, eta euskara dute hari gidari. Zoe Martikorenak (Donostia, 1995) du programaren ekoizpenaren ardura, eta edizioaren zati bat ere hark egiten du. Betiere, kameraren atzean aritzen da lanean; harena da, Ander Lanasenarekin batera, objektiboaren begirada ernea.

Nafar Away-ren lehendabiziko hiru atalak eman dituzue jadanik. Nolakoa izan da harrera?

Oso pozik gaude. Nik behintzat, ez nuen espero horrelako erantzunik. Sare sozialetan asko hitz egin da saioari buruz, eta ikusleak oso pozik daude egiten ari garenarekin. Ez hori bakarrik: elkarrizketatu ditugunek ere esan dute oso ona iruditu zaiela emaitza.

Oraingoz, hizpide izan dituzue Tutera, Lizarrerria eta Tafallaldea. Zeren arabera aukeratzen dituzue tokiak?

Momentuz, ez dugu irizpide zehatzik adostu. Dena dela, egia da saiatzen garela pixka bat jaisten, hau da, begirada Nafarroa hegoaldera ere zuzentzen. Asmo nagusietako bat da jende askorentzat hain ezaguna ez den Nafarroa hori erakustea. Izan ere, maiz ez diegu behar adina erreparatzen herrialdeko txoko batzuei.

Bisitatzen dituzuen herrietan, zer alderdiri erreparatzen diozue gehien?

Yasmine Khris Maansriren buruan sartzea da kontua. Hura da aurkezlea, eta gauzak haren begiradaren bidez ikusteko aukera dugu gainerakoek. Printzipioz, saiatzen gara pentsatzen zehazki zer ikusi nahiko lukeen herri batera lehenengo aldiz doan pertsona batek. Izan daiteke bertako janaria, festak ospatzeko duten modua, herriaren ezaugarri kulturalak, monumentuak… Hori izaten dugu asmoa, baina, azken batean, Yasminen kuriositateak gidatuta egiten dugu bidea. Izan ere, askotan, harentzat benetan da herri horietan izan den lehendabiziko aldia; hori ez da fikzioa.

Euskara duzue hari gidari. Balio dezake ikusteko zer egoeratan dagoen euskara Nafarroan?

Bai, balio dezake erakusteko zein den euskararen errealitatea toki bakoitzean. Zorionez, orain arte grabatu ditugun saioei esker ohartu gara euskarak guk uste baino indar handiagoa duela. Zenbait herritan, eremu batzuetan, euskara ez dago hain agerian, baina han dago; ikusi dugu baietz.

Euskarari dagokionez, izan da bereziki harritu zaituen herririk?

Bai; adibidez, Bargotak. Oraindik ez da han grabatutako saioa eman, baina berriki izan gara han, eta sekulako sorpresa hartu dugu, onerako. Herria txiki-txikia da, ehun bat biztanlekoa, eta, hala ere, lortu genuen euskaraz dakiten eta elkarrizketa batean parte hartzeko prest zeuden lau pertsona aurkitzea. Gainera, Lizarran ere zorte handia izan genuen, eta euskaltegian ikasten ari diren bi euskaldun berri agertu ziren atal horretan. Hala, gauza bat dela bestea dela, ari gara erakusleihoa zabaltzen, eta hori oso interesgarria da.

Ekoizpen lanean, zein da zailtasun nagusia, zure ustez?

Batetik, eguraldia; badakigu non gauden, eta eguzkia ez dugu beti lagun izaten. Bestalde, pandemiarengatik hartu beharreko neurri guztiak aintzat hartuta lan egiteak baditu zailtasunak. Adibidez, distantzia gorde behar izaten dugu elkarrizketatuaren eta aurkezlearen artean, eta, horregatik, angelu jakin batzuk bilatzen ditugu, urruntasun sentsazioa hain nabaria ez izateko. Hitzekin eta jarrerarekin lortzen dugu hurbiltasuna transmititzea.

Oztopoak oztopo, hazi eta hazi ari da Hamaika Telebista. Sumatzen duzue egindako saltoa?

Nik nabaritzen dut. Gainera, Nafar Away-rekin ere ari gara sumatzen gero eta zabalagoa dela gure publikoa. Ez dakit orain dela hilabete batzuk Tuterako zenbat pertsonak ikusiko zuten Hamaika Telebista, baina, ditugun datuen arabera, herriari eskainitako saioa eman zen egunean Tuterako 220 pantailatan aukeratu zuten gure katea; ikusleak are gehiago izango ziren, beraz.

Zure ustez, zer dago emaitza horren atzean?

Lehen ez bezala, orain Hamaika Telebistak badu eguneroko albisteekin egindako magazina, zuzenekoa. Aurrerapauso hori oso inportantea da. Gainera, iruditzen zait, saioei dagokionez, ahalegin handia egiten ari garela. Buelta bat eman diogu genuenari, sortu dira saio berriak, ongi pentsatuak, eta pizten ari da interesa jendearengan.

Zer egoeratan dago euskarazko kazetaritza Nafarroan?

Diru kontuei dagokionez, betikoa gertatzen da: Nafarroan pertsona batzuei ematen dizkiete diru laguntzak, ezaugarri jakin batzuk betetzen dituztenei. Aukeraketa hori ez da, jakina, gure mesedetarako izaten. Hori dela eta, ahal dugun moduan egiten dugu aurrera, dugunarekin.

Etorkizunera begira, zehaztu duzue helburu berririk?

Momentuz, saio hau ekoizten segitzea eta ongi amaitzea dugu helburu. Hasiera batean, guztira bederatzi saio daude aurreikusita, baina, egia esanda, ez dakit ez ote diren gehiago izango. Beste lau atal ditugu faltan, eta sentsazioa dut beste hamaika mila herri geldituko zaizkigula egiteko. Jakina, nola ez? Bederatzi saio ez dira ezer Nafarroa ezagutzeko.