“Antzezlanen aurretik, ia beldurtu egiten naiz; oso emozionantea da”

“Antzezlanen aurretik, ia beldurtu egiten naiz; oso emozionantea da”

Han-hemenka ari da azken urteotan Hernandez-Sanchiz, antzokiz antzoki. Narratzaile gisa arituko da bihar, Baluarteko oholtza gainean. ‘Peru eta otsoa’ emanaldian hartuko du parte, Nafarroako Orkestrarekin.

Uxue Rey Gorraiz

Bere burua hitz gutxitan deskribatzeko eskatuta, “aktorea eta musika dibulgatzailea” dela esan du Ana Hernandez-Sanchizek (Iruñea, 1973). Ez da zalantzati agertu erantzuna bota duenean, baina segituan sentitu du beste zenbait diziplina aipatzeko premia: narratzailea ere bada, eta lokuzioan ere aritzen da lanean. Iruñean jaioa izanik ere, hamasei urte dira Madrilen bizi dela. Dena dela, maiz etortzen da bisitan jaioterrira, harreman estua baitu Baluarterekin. Iruñeko antzokiko oholtza gainera igoko da bihar: narratzaile gisa ariko da Peru eta otsoa emanaldian.

Askotariko lanak egiten dituzu gaur egun, baina kontserbatorioan eman zenituen aurreneko pausoak, gitarra klasikoarekin. Nolatan egin zenuen saltoa?

Musika ez ezik, arte guztiak gustatu izan zaizkit txikitatik: margotzea, kantatzea, antzeztea… eta gitarra jotzen hasi nintzen, hain zuzen ere, abestea gustatzen zaidalako. Azken batean, gitarrak ahotsari lagun diezaioke. Gero, kontserbatorioko abesbatzan hasi nintzen, baita Iruñeko Orfeoian ere, eta han, operaren munduan murgildu nintzen. Operak eraman ninduen antzokietara, eta antzerkigintzara egin nuen salto. Hantxe segitzen dut egun.

Beraz, musikari gisa aritu baino, nahiago duzu antzezlana?

Ni oso pertsona soziala naiz; asko gustatzen zait beste pertsona batzuekin lan egitea, diziplina edozein izanik ere. Kontua da gitarra oso tresna bakartia iruditzen zaidala. Ohartu nintzen beharbada ez zela niretzako instrumenturik egokiena, eta, beraz, nahiago izan nuen gitarra alboratu eta musika antzerkiarekin uztartuta landu.

Orfeoian izan zinela aipatu duzu, eta ahotsa jarri diozu hainbat ikus-entzunezkori. Lokuzioan, zer alde zaindu behar da gehien?

Oso zaila da aholku onen bat ematea, baina edozein arlotan lan egin edo aritu nahi baduzu ahotsa tresna nagusi izanik, garrantzitsua da heziketa. Premiazkoa da arnasketari erreparatzea, gauzak nola esan ongi jakitea, interpretatzen ari zaren hori zure barrenean sentitzea. Gero, jakina, bakoitzak berarekin dakarren ahotsa zein den, aldatu egiten da kontua.

Nolakoa da zurea?

Tresna ona dut; urteek erakutsi didate hala dela, eta jendeak maiz esan dit. Ahots beroa dut, atsegina. Nahiko estandarra dela ere esan nezake, baina lan jakin batzuetarako oso egokia da nire ahots mota. Gainera, txikitatik abesten dudanez, ikasi dut moldaketak egiten.

Narratzaile izanen zara bihar, Peru eta otsoa emanaldian. Zein da zailtasun nagusia?

Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera aritzen naiz obra honetarako; beraz, iruditzen zait oso inportantea dela musikaria ere izatea, nolabait. Niri oso lagungarri zait musikaren gainean dudan ezagutza. Izan ere, obran egiten dudan narrazioa partitura berean dago bildua. Biolinek eta txirulek egin behar dituzten notak jasoak dauden bezala, han daude nire hitzak ere. Gainera, zuzendariaren jarraibideei ere segitu behar diet. Horiek denak oso aspektu inportanteak dira; jakitea noiz esan zer, eta, besteak beste, zer kadentzia eta erritmorekin. Musikarekin bat egin behar du narratzaileak.

Zer zaizu erakargarrien zure lanean?

Niri asko gustatzen zait publikoaren parte hartzea sustatzea. Askotan eskatzen diet nirekin batera errezitatzeko, kantatzeko, edo mugitzeko. Orain, ordea, muga handiak ditugu horretarako.

Zergatik?

Publikoak maskara jantzita egon behar du. Horrez gainera, ez dago baimendua ikusleek kantatzea; diotenez, abestuz gero aerosol gehiago botatzen ditugu airera, eta handiagoa da kutsatze arriskua.

Narratzaile zarenean, zu zeu zara agertoki gainean dagoena, edo interpretatzen duzu pertsonaiaren bat?

Kontzertu edo obraren araberakoa da. Peru eta otsoaren kasuan, oso klasikoa denez, ni neu naiz hitz egiten duena. Datu gutxi batzuk asma ditzaket, baina ni naiz; Ana.

Hain zuzen, pertsonaia baten interpretazioan oinarritzen da aktore lana. Horretan ere egina duzu ibilbidea.

Bai, aritu izan naiz zinean. Orain, saiatzen ari naiz ikus-entzunezko gehiago egiten, eta materiala prestatzen nabil horretan jardun ahal izateko, film laburrak eta telebista egiteko, batik bat. Baina askoz gehiago gustatzen zait antzerkia.

Zer du berezi antzerkiak?

Antzerkia bat-batekoa da, eta publikoarekiko harremana oso estua da, indar handikoa. Edozein antzezlanen aurretik, urduritu egiten naiz: ia beldurra sentitzen dut, eta oso emozionantea da. Gainera, azken urteetan mikroantzerki asko egin dut Madrilen, eta oso eroso sentitu naiz formatu horretan. Oso berezia da.

Nolakoa da mikroantzerkia?

Hamar-hamabost pertsonarentzat egiten da antzezlana, gela txiki batean. Are, txikia izaten da gidoia ere. Ordu laurden bat inguru irauten du antzezlanak, eta aktore kopurua ere oso murritza izaten da: hiru izan ohi gara. Erritmo bizikoa da dena; izan ere, hain emanaldi motzak direnez, hainbat aldiz egiten dugu gau berean. Bat bukatu, eta berehala hasten da hurrengoa. Interesgarria da, bai esperientzia gisa, bai entrenamendu modura.

Hego Amerikan ere egin dituzu lanak. Giroan, sumatu duzu alderik?

Niri asko gustatzen zait hara joatea, iruditzen zaidalako haiek beste era batera begiratzen diotela kulturari. Askotan, Europan egiten dugunari so egiten diote, berritasunarekiko interes handiagoa dutelako. Gainera, adibidez, musika oso ongi txertatzen dute hezkuntzan, eta ohartzen dira kultura oso tresna baliagarria dela gizartea aldatzeko. Esaterako, musikak garrantzi handia izan du hango bake prozesu batzuetan, baita kolektibo jakin batzuen ahalduntzean ere.

Arquetipicas konpainia sortu zenuen 2019an. Zer izaera du?

Emakume sortzaileen talde bat bildu ginen, eta asmo bera erdiesteko egin nahi genuen lan: batetik, gure proiektuak sortzeko eta garatzeko aukerak lortzeko; bestetik, emakumeak hizpide izateko. Horretan segitzen dugu. Adibidez, Las Boulanger izaneko obra izan da gure azken estreinaldia. XX. mendeko bi emakume musikariri buruzkoa da. Ahizpak ziren, eta, izugarri inportanteak izan arren, guztiz ezezagunak dira. Obra honekin, gaur egunera ekarri nahi ditugu, eta, era berean, balio du ikusteko zenbat emakume ditugun ahaztuak.

Gaur egun, zenbateraino dira ikusezinagoak emakumeak?

Antzerkiari dagokionez, gero eta aukera gehiago ditugula iruditzen zait, zorionez. Oztopo gutxiago ditugu agertokietara igotzeko eta gure lana egiteko, baina azken boladako kontua izan da. Oraindik ere bide luzea falta da egiteko; dena dela, ari gara.