Iritzia: Ez dago arbolarik adar ihar bakorik

Iritzia: Ez dago arbolarik adar ihar bakorik

Olatz Azpirotz Larzabal

Ez dago arbolarik adar ihar bakorik. Euskal esaera zahar bat da: esan nahi du denok daukagula bekaturen bat, eta, bekatu guztiek euren atzean arrazoi edo istorio bat daukatenez, egokia da inguratzen gaituena ikusteko.

Agintariek gure euskal historiako erromatar garaiko leinuak ekarri dituzte gaur egunera: baskoiak, barduliarrak, karistiarrak, autrigoiak eta akitaniarrak, besteak beste. Ezagueraz banatu gaituzte, eta ezin gerturatu gabiltza aspalditik.

Hori horrela, gure barrenean arteak zerraldo mozteko gogoak eta nahiak pizten doaz. Ezin zatzaizkigu uka. Gartxoten antzera, Zaraitzuko ibarrean barna komunikatzeko xedearekin mendi puntetan piztutako suteak aitzindariak dira. Aitzindari bihurtu ditugu. Gaur ere nekez azal diezaiokegulako elkarri zenbat maite, faltan botatzen eta estimatzen dugun. Harremanak sari bihurtu dituzte; hurbilekoak sari hutsak dira orain.

Ordea, argi ikusi dut arauak betetzeak ez nauela zuengana gerturatu; birtualki egiten ditugun hitzemateetan ainguratuak geratu gara. Saria ez didate eman, eta, jada, maite ditugunen artean egun daukagun distantziak ez digu batere tarterik uzten beharrezkoa dugun freskotasunerako.

Egunak egunen ondotik doaz, eta elkar ikusteko saiakera asko amestu ditut. Maite duguna ikusteko ahalegin ezkutua eta bistakoa egin dugunok penitentzia propio bat aurrera eramateko behartuak izan gara: ahaleginaren absoluzioa eta damutzea lortzeko, hain justu. Hainbestek azaleratu dugu maite dugunak hurbil izateko nahia, penitentzien salerosketak hiri eta herrien bertako merkatua hozkatu duela. Batik bat, albokoak saiatutako hurbilketa ekiditeko helburuarekin. Kate ez bihurtzeko, gertaera segurua izan ez dadin. Gauzak horrela, batzuk prest egonen dira, badaezpada, beharrezkoa badute, diruaren truke barkamena erosteko.

Horrela, pertsona maitatuen artean distantziak dakarren lehortasunak guztion grinan finkatzea lortu zuen. Lehor dugu barrena. Eta lehor dugu gogoa. Baina ez gara leinuak, elkarri lotutako maitasun lokarriak gara.

Azken horregatik sentitzen naiz ni benetako gizaki azkenaldian. Distantzia eta mugak tarteko, elkarri lotuta jarraitzen dugulako, harremanen hartu-emana sendoa eta emankorra egitea lortu dugulako. Horrek, ordea, ez dit ekiditen falta sumatzea, nahiak nire zentzutasuna bere gain hartzen saiatzea, argazkiak eta mezuak jada nahikoak ez izatea.

Horregatik, banatu daitekeen zeozer ez garela, senideak zein lagunak garela argi erakutsi nahi dizuet, eta baita nire existentzia erreala dela ere. Hori lortzeko hainbat arteen xaflak ganbaran gordetzen nabil. Momenturen batean horiek hartu, su eman eta hemen nagoela erakusteko, lurralde banaketaren gainetik gure lokarriak altxatzeko, eta elkarrengandik hurbilago sentitzeko.