‘Bizipenak eta testigantzak. Konfinamenduaren eragina eta ondorioak Nafarroako emakumeengan’ izenburuko lana egin du Sara Ibarrolak. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eskatutako «ikerketa kualitatiboa» da, eta itxialdian «lehen lerroan» izan diren andreen hitzak jaso ditu.
Edurne Elizondo
Nazioarteko zenbait erakundek ohartarazi dute: bertze krisialdi anitzetan bezala, emakumeak baztertzen dituen egiturazko desberdinkeriak ekarriko du, oraingoan ere, koronabirusaren pandemiak andreak gogorrago jotzea. Horregatik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak urrats bat egin du aurrera, eta emakumeen eskubideak “ezbaian” jarri dituen egungo jokalekuan “ikerketa kualitatibo” bat bultzatu du, andreon iazko martxotik maiatzera bitarteko konfinamenduaren bizipenak eta testigantzak jasotzeko. Bizipenak eta testigantzak: konfinamenduaren eragina eta ondorioak Nafarroako emakumeengan izena du, eta Sara Ibarrola soziologoak egin du, helburu nagusi batekin: genero kontzientzia eta memoria kolektiboa sortzea, politika publikoen bidea markatzeko.
Ibarrolak 51 emakume elkarrizketatu ditu ikerketa osatzeko. “Ikuspuntu androzentrikoa gainditzeko” asmoz egin du lana, pandemiaren “lehen lerroan” egon diren emakumeei betetzen duten “funtsezko rola” aitortzeko. Emakumeok erreferente bilakatu ditu bertze emakumeentzat, eta, oro har, gizartearentzat; ez hori bakarrik: “Elkarri entzun diotenean, emakumeak ohartu dira itxialdiko egoera anitz emakume izateagatik bizi dituztela; norberaren esperientzia subjektibotik memoria kolektiboa eraiki dute; ahozko testigantzak ezagutza bilakatu dituzte. Ezagutza horri, hain zuzen, duen balio zientifikoa onartu behar zaio”, erran du Ibarrolak.
Ahozko ezagutza hori nabarmentzeaz gain, ikerketak agerian utzi nahi izan ditu emakume batzuen eta bertzeen arteko desberdintasunak ere: “Emakume izateagatik sufritzen duten bazterketa dute denek komun, baina norbere errealitateak inguratzen du”. Finean, konfinamendua ez da gauza bera etxetik lan egin behar duenarentzat, etxebizitza batean gela bat bertzerik ez duen emakume batentzat, andre ijito batentzat edo desgaitasuna duen bertze batentzat. “Testuinguru horiek guztiak kontuan hartu behar dira emakumeon beharrei behar bezala erantzun ahal izateko”, erran du soziologoak.
Sara Ibarrolarentzat “erronka handia” izan da ikerketa bat egitea osasun krisiak ezarritako etxealdiaren gisako “gertaera ezohiko” bati buruz. Emaitza eskuan, hiru ideia nagusi nabarmendu ditu, emakume guztien bizipenak eta testigantzak kontuan hartuta: “Batetik, konfinamenduak erakutsi digula elkarren beharra dugula denok; bertzetik, agerian gelditu dela zaintza erabat feminizatua dagoela, eta krisia dugula arlo horretan; eta, hirugarrenik, emakumeak gai izan direla unerik latzenetan ere aurrera egiteko”.
Ibarrolak zenbait taldetan banatu ditu ikerketan parte hartu duten emakumeak, arlo bateko zein bertzeko irudia lortu asmoz. Zehazki, sei esparru bereizi ditu: telelana eta zaintza uztartu behar izan dituzten emakumeena; autonomoak diren edo negozio txiki bat dutenena; pobreziak jotakoena; indarkeria matxista sufritu dutenena; emakume ijitoena; eta, azkenik, 65 urte baino gehiagokoena.
Martxoko itxialdiak etxera bidali zituen herritarrak etxea zutenak, behintzat. Etxean lan egin ahal izan zuten eta dute batzuek, baina osasun krisiak etendako jardueretan ari zirenak jokaleku ezezagun batean gelditu ziren. “Bi hitz erranen nituzke telelana eta zaintza uztartu behar izan dituzten emakumeen testigantza laburbiltzeko: itota eta lan kargak zanpatuta sentitu direla; autonomoen eta negozio txikiak dituzten emakumeen sentsazioa, berriz, ziurgabetasun hitzak islatzen du hobekien”.
Pobreziak jota dauden emakumeen kezkak lotuta daude, batez ere, egunerokoari aurre egiteko aukerarekin. L.M.R, adibidez, etxebizitza bateko gela batean bizi da, senarrarekin eta semearekin batera. “Etxe berean bizi dira bertze familia bat eta etxeko nagusia; konfinamenduan, gure gela izan da gure espazio bakarra”. U.P, berriz, langabezian dagoen emakumea da; bakarrik bizi da bi seme autistekin. Liburutegi publikoen gisako zerbitzuak bertan behera gelditu izanak “nabarmen” okertu zuen andre horren egunerokoa konfinamenduan. “Oro har, pobreziak jotako emakumeek izugarrizko estresa izan dute itxialdian; kasu anitzetan, zer jan erosteko dirua lortzeko ahaleginak bete du emakumeon egunerokoa”, azaldu du Sara Ibarrolak.
“Erresistentzia”. Ibarrolak hitz hori nabarmendu du indarkeria matxista pairatu duten emakumeen kontakizunaren ondorioz. “Erasotzailearen aurrean, erresistentzia ikaragarria erakutsi dute; autokontrolerako eta erasotzailea kontrolatzeko gaitasunak ere balio izan die erresistitzeko”, erran du soziologoak.
Konfinamenduarekin batera, gora egin zuten 016 telefono zenbakira egindako deiek. Laguntza eskatu zuten emakume anitzek, alarma egoerak beren erasotzaileekin batera itxi eta gero. E.E.A.-k alabarekin partekatu zuen etxebizitza konfinamenduan, baina, egun oro, eraikineko atarian izan zuen erasotzailea, ikerketan kontatu duenez. “Kontrola erabatekoa izan da”. Kontrola indarkeria fisiko eta psikologiko bilakatu da bertze kasu anitzetan: “Bakarrik ginen. Zer egiten nuen? Nahi zuen guztia. Behin baino gehiagotan barruan utzi ninduen, itxita, jatekorik eta dirurik gabe”.
Sara Ibarrolak garbi du bere ikerketak balio behar duela emakumeen inguruko estereotipoak apurtzeko. Egungo gizarteak estereotipo huts bilakatu ditu emakume ijitoak, neurri handi batean, eta irakurketa horri aurre egin nahi izan dio soziologoak bere lanaren bidez. “Bazterketaren adibiderik garbiena izan daitezke emakumeok. Gizarteak duen irudiaren arabera, formakuntzarik gabeko emakumeak dira ijitoak, gizonen menpeko, erabat. Jasotako testigantzek bertzelako errealitate bat jarri dute gure aurrean: emakumeok hartu dute beren familiak aurrera ateratzeko ardura”.
Emakume ijitoen testigantzek agerian utzi duten bertze elementu bat nabarmendu du Ibarrolak bere ikerketaren bidez: elkartasunarena. Ijitoen arteko elkartasun sareek bete duten funtsezko rola aipatu du soziologoak. Bertzalde, konfinamenduan agerian gelditu dira gizartean dauden zenbait arrakala, eta horietako batek irakaskuntzaren esparruan eragin die ijitoei. Izan ere, eskolak itxi eta gero, familia anitzetan izan dituzte haurrek zailtasunak eskolak Interneten bidez jasotzeko.
Errealitate horren berri jaso dute ikerketan parte hartu dutenen testigantzek. Hala dator bat: “Zazpi pertsona ginen etxe txiki batean. Nire lehengusu txikia lagundu behar nuen etxeko lanekin, bere amak ez zekielako nola egin. Itota sentitu ginen konfinamenduaren amaieran; latza izan zen eustea”.
Ibarrolak 65 urte baino gehiago dituzten emakumeen testigantza jasotzeko interes berezia izan du. Izan ere, koronabirusak eragindako osasun krisiak bete-betean jo ditu adin tarte horretako andreak. Zahar etxeetan gertatu denak, bertzeak bertze, eman du COVID-19aren arriskuaren maila. Soziologoa ez da harritu, beraz, 65 urte baino gehiagoko emakumeen testigantzetan nabarmendu den sentsazioaz jabetu denean: “Beldurra. Hiltzeko beldurra dute; beldurra diote gaitzari, eta beldurra diote gaitza bertze norbaiti kutsatzeari”, nabarmendu du ikerlariak.
Egunerokoari aurre egiteko lehentasunak hartu du emakume gazteagoen konfinamendua: “Zaintza eta telelana uztartzeko modua aurkitzeko beharra edo enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin soldata jasotzeko premia zituzten buruan; 65 urte baino gehiagoko emakume anitzek pentsioa kobratzen dute, eta, egunerokoak markatutako premiazko kontu horiek bermatuta, beldurrak hartu ditu”. 2020. urte hasierako konfinamenduak eta osasun krisiak gerora ekarritako murrizketek eragindako “kalte emozionala” nabarmendu du Ibarrolak.
Sentitu duten beldurraren adibideak utzi dituzte beren testigantzetan: “Bikotekideak eta biok 70 urte baino gehiago ditugu. Gure sasoia kontuan hartuta, arrisku txikiena nork zuen aztertu genuen, eta erabaki genuen ni aterako nintzela erosketak egitera”.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Igualdadnavarra.es bere webgunean jarri du Sara Ibarrolak egindako ikerketa. Idatziz jaso dituzte elkarrizketatutako emakumeen testigantzak, baita YouTuben ikus-entzunezko lan batean ere: Youtube.com/watch?v= WZS93xYFztk&feature= youtu.be helbidean, hain zuzen ere.
Ibarrola soziologoak oroitu du ikerketa joan den urtean koronabirusa dela-eta martxoan hasitako konfinamenduaren ingurukoa dela, baina garbi utzi du merezi duela pandemiak geroztik eragindakoak ere aztertzen jarraitzea. Batez ere, haren erranetan, inor bazter utziko ez duten politika publikoak markatzeko asmoz.
Ilustrazioak: Mercedes Corretge – ‘Bizipenak eta testigantzak. Konfinamenduaren eragina eta ondorioak Nafarroako emakumeengan’ ikerketa (Nafarroako Berdintasunerako Institutua).
“Xedea da emakumeen beharrak jartzea politiken erdigunean”
Eva Isturiz. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendaria.
E. Elizondo
Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendaria da Eva Isturiz (Iruñea, 1965). Erakunde horrek eskatu du Ibarrolak egindako ikerketa.
Zergatik erabaki duzue egitea?
Emakumeon eskubideen esparruan atzera egiteko arriskua bazelako, eta egoera horren aurrean adi egon behar genuela garbi genuelako. Xedea da emakumeen beharrak politika publikoen erdigunean jartzea, ikuspuntu intersekzional batetik.
Ikerketa kualitatiboa da.
Datuez harago, emakumeek zer sentitzen zuten jakin nahi genuen. Izan ere, gertatu denak erakutsi digu zaintzaren esparruan krisia dagoela, eta berdintasunaren irudipena bertan behera gelditu da: kasu anitzetan, ardura emakumearen bizkar gelditu delako.
Zein izan da ikerketari buruz ikus-entzunekoa egiteko arrazoia?
Gure asmoa da lan hori erabiltzea; toki entitateek, elkarteek eta kolektiboek, bertzeak bertze, lantzea. Finean, gogoetarako eta eztabaidarako elementu bat izatea nahi dugu.
Zuentzat, politikak zehazteko tresna izanen da?
Bai. Indarkeria matxistaren inguruko informazioak, adibidez, aukera emanen digu eraginkorrago izateko esparru horretan. Zaintzaren arloan ere, garbi ikusi dugu zaintzaren inguruko akordio bat lortzeko urratsak egiteko beharra. Enplegu plana egiteko taldean ere egonen gara, eta gure hizpideak aurkeztu ahal izanen ditugu, bertzeak bertze.