Beti bultzaka, atea zabal dadin

Beti bultzaka, atea zabal dadin

Mendigorria izanen da eskolan D eredua ezarriko duen hamalaugarren herria, eremu euskaldunetik kanpo. Herriko gurasoen ahaleginari esker lortu dute, euskaraz ikasteko aukera ez baita Nafarroa osoan bermatua, oraindik ere, ustez legeak horretarako bidea ematen duen arren.

Edurne Elizondo

Lortu dute: Mendigorriko haurrek euskaraz ikasi ahal izanen dute herriko ikastetxe publikoan, datorren ikasturtetik aurrera. 2015ean aldatu zuten Nafarroako Euskararen Legea azkenekoz, eta, geroztik, eremu misto eta ez-euskaldunean publikoan D eredua ezarriko den hamalaugarren herria izango da Mendigorria. Gurasoen ahaleginak lortu du euskarari bidea egitea, ustez legeak horretarako aukera jaso arren, eskubide hori dutela aldarrikatu behar izan dutelako, behin eta berriz: atea ez zegoen itxita, baina gogor egin behar izan dute bultza zabal dadin.

Eremu euskaldunetik kanpoko egoeraren adierazgarri da Mendigorriko gurasoek hilaren 6an Iruñean egindako agerraldian gertatu zena: herritarrak “hagitz kontent” agertu ziren D eredua ezartzea lortu dutelako, baina Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, berriz, kezka bat jarri zuen erdigunean: “Eskola mapa aldatzea falta da”. Horri buruz galdetuta, Gaubekak garbi erran du ez zirela “fidatzen”. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskola mapa berria argitaratu du, azkenean, eta jendaurrean erakutsi eta gero onartuko dute behin betiko.

“Tamalez, oinarrizko arazoa ez da aldatu”, erantsi du Gaubekak. “Gaztelaniaz ikasteko aukera ikastetxe guztietan dago bermatua; euskaraz ikasteko, berriz, erreferentziazko zentroak ezarri dituzte”. Hau da, herri guztiei ez diete, berez, eskubidea onartzen; eskola mapan agertu behar dute horretarako. Prozesua ez da erraza, herri bateko zein bertzeko esperientziek erakutsi dutenez. “Gurasoek egin behar dute beti ahalegin berezi bat, nork bere herrian euskaraz ikastea kapritxo bat balitz bezala. Seinalatu egiten dituzte, nolabait”, dio Behatokiko zuzendariak.

Sortzen-eko Nafarroako koordinatzaile Marta Diez Napalek ere garbi du Hezkuntza Departamentuak ez duela erraztasunik ematen. “Villatuertan eta Oteitzan D eredua ezartzeko gogoz direla badakigu, baina, segur aski, izanen dira gehiago. Arazoa da ez zaiela bidea batere errazten. Iruñerrian hamasei haur eskoletatik bakarrak eskaintzen badu murgiltze eredua, zer ez da gertatuko eremu diskriminatuan?”.

Gurasoen ondoan egon nahi dute Sortzen-eko kideek, eta euskaraz ikasteko eskubidea gauzatzeko bidean haiekin batera bultza egin. Herrien egunerokoan ere eragin nahi dute, eta ludotekak jarri dituzte martxan, adibidez, Sesman, Lodosan, Allon eta Castejonen. “Erriberrin, Caparroson, Azkoienen eta Garinoianen ere zabaltzeko zain dira. Eskolatik kanpo, euskaraz aritzeko espazioak eman nahi dizkiegu haurrei”, kontatu du Diez Napalek.

Eremu euskaldunetik kanpo D eredua ezartzea lortu duten gurasoek, berriz, beren esperientziak jarri nahi dituzte urrats bera egin nahi dutenen esku. 2015etik, hamalau izan dira, eta guztietan nabarmendu dute ahalegina handia izan arren merezi izan duela. Ondokoak dira Mendigorriko, Castejongo, Erriberriko, Lodosako eta Caparrosoko herritar batzuen kontakizunak:

JOSU GOÑI

Mendigorriko gurasoa

“Ez da samurra gobernuaren aurka egitea, baina merezi du”

Josu Goñiren alaba izanen da 2021-2022ko ikasturtean Mendigorriko D ereduan hasiko diren haurretako bat. “Zoritxarrez, gogor borrokatu behar izan dugu hori lortzeko. Ez da bide erraza izan; ez da samurra [Nafarroako] gobernuaren aurka egitea, baina garbi dugu merezi duela. D eredua nahi dugu, gure herrian”, erran du Goñik.

D eredua herrian ezartzeak Mendigorriari ere mesede eginen diola argi du Goñik: “Gurea landa eskola bat da. Euskaraz ikasi nahi dutenek Garesera joan behar badute, eskola ere gal dezakegu”. Goñik oroitu du aurreko urtean gurasoen %53k egin zutela D ereduaren alde seme-alabentzat. Sei haur baziren euskaraz ikasten hasteko zain, baina Hezkuntza Departamentuak ez zien aukera eman. Ikasturte berrian izanen dute.

Oraindik euskaraz ikasteko aukera ez duten herritarrak “lan egitera” deitu ditu Goñik. Halere, garbi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak “bidea erraztu” beharko lukeela. “Ez ditzatela beste herrietako gurasoek guk izandako oztopoak aurkitu; izan dadila errazagoa besteentzat”.

RAUL MALO

Castejongo gurasoa

“Pandemiak betean harrapatu arren, hagitz kontent gaude”

Castejonen 2019-2020ko ikasturtetik badute D eredua herriko eskola publikoan. Raul Maloren seme zaharrenak sei urte ditu, eta A ereduan dago. Lau urteko gazteena, berriz, D ereduan. “Lehen promoziokoa da; lehen urtean 11 umerekin hasi ginen”, azaldu du.

Martxan jarri aurreko lana oroitu du Malok: “Hitzaldiak egin genituen, guraso batzuekin eta bertzeekin hitz egin genuen; Sortzen-eko eta Euskarabideko kideen laguntza ere izan genuen”.

Castejongo ikastetxean PAI programa dute: ingelesez ikasteko programa, alegia. “2019an, eskolako arduradunek erran ziguten D ereduak ere PAIrekin behar zuela derrigorrez”, kontatu du Castejongo gurasoak. Handik sei hilabetera, ordea, eskolak berak eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari PAItik ateratzea.

2020ko otsailean ezezkoa jaso zuten Castejongo eskolan. Orain, bigarrenez egin dute eskaera. “Nafarroako Gobernuak baiezkoa emanen duela espero dut; eskolako kideak ere ohartu dira PAIk ez duela funtzionatzen”.

Malok onartu du Castejonen gisako herri batean “euskararen inguruko mitoen aurka” lan egin behar dela, baina ontzat eman du D ereduan egindako bidea. “Pandemiak betean harrapatu arren, hagitz kontent gaude”.

HUGO BUSTAMANTE

Erriberriko gurasoa

“Euskara inposatzen ari garela entzun behar izan dugu”

Erriberrin ere euskararen inguruko “aurreiritziei eta gezurrei” egin behar izan diete aurre, Hugo Bustamantek nabarmendu duenez. “Euskara inposatzen ari garela entzun behar izan dugu; gure eskubidea da Tafallara joan behar ez izatea euskaraz ikasteko; euskaraz ikasi nahi ez duenak badu aukera, libre da”.

2017-2018ko ikasturtean ezarri zuten D eredua herri horretan. Zortzi umerekin jarri zen eredua martxan. “Nire semerik gazteena iaz hasi zen. Adin ezberdinetakoak batera aritzen dira, baina hori biziki aberasgarria da haurrentzat”.

Bustamante kolonbiarra da, eta beti izan du garbi haurrek herrialdeko hizkuntzan ikasi eta hizkuntzari lotutako kultura jaso behar zutela. “Hasieratik egokitu zaigu lan egitea; informazioa zabaltzeko eta gurasoekin hitz egiteko ahalegina egin behar izan dugu beti. Finean, lehen eskuko lekukotzak eskertzen ditu jendeak”. Ereduak denbora behar duela erantsi du, sendotzeko eta denek ohikotzat hartzeko. Ez du zalantzarik: “Hagitz kontent gaude”.

ALICIA ARAMENDIA MARZO

Lodosako gurasoa

“Gero eta gauza gehiago egiten dira euskaraz, baina ez da erraza”

Aspaldiko arantza bat atera ahal izan zuen Alicia Aramendia Marzok, Lodosan D eredua ezarri zutenean: “Gure amak beti erraten zuen pena handia zuela euskaraz ez genekielako; orain dugu haren ametsa betetzeko aukera”.

Lodosan 2016-2017ko ikasturtetik dago euskaraz ikasteko aukera ikastetxe publikoan. Aramendia Marzoren semea da euskaraz ikasten ari diren ikasleetako bat. Ama ere ari da, bertze hainbat gurasorekin batera, AEKn. Tristuraz onartu du semeak ez diola euskaraz egiten. “Hizkuntza eskolarekin lotzen du. Gero eta gauza gehiago egiten dira herrian euskaraz, baina ez da erraza”.

Zortzi umerekin jarri zuten Lodosan D eredua martxan. “Egun, 36 ari dira. Hagitz kontent gaude. Badakigu bide luzea dugula, eta lanean jarraitu behar dugula, baina egindako hautuaz seguru gaude”.

NAIARA ERDOZAIN

Caparrosoko gurasoa

“D eredua ez da oztopo, inondik inora, haurrek ingelesa ikasteko”

Naiara Erdozainen etxean beti izan dute garbi D ereduaren alde eginen zutela apustu: “Nire senarra bilbotarra da, eta beti erran dit nahi zuela semeak euskaraz ikastea. Nik ere bai; gure hizkuntza da”.

2016an ezarri zuten D eredua Caparrosoko eskolan. Ordura arte, herrian euskaraz ikasi nahi zutenek Tafallara jo behar zuten. “Arazo bat zen hori, biok lanean egonda zaila izanen litzatekeelako haurra herri batetik bertzera mugitzen aritzea. Herrian ikasteko aukera izan genuenean, ez genuen zalantzarik egin”, kontatu du Erdozainek.

Garbi utzi du Caparrosoko giroa ez dela eremu euskalduneko edozein herritan egon daitekeena. “Gutxiengo bat gara euskararen alde egin dugunak, eta bertzeentzat herriko arraroak gara”. Hasieran “lau katu” zirela onartu du Erdozainek, baina D eredua bere bidea egiten ari dela ikusita, erantsi du herritarrak hasi direla euskarazko ereduarekin “ohitzen”. Auzi bat garbi utzi nahi izan die herriko gurasoei: “D eredua ez da oztopo, inondik inora, haurrek ingelesa ikasteko”.

Arazo nagusia da eskolatik at euskaraz aritzeko espazioak lortzea. Horixe nabarmendu du Caparrosoko amak. Helburu horrekin sortu zuten haurrekin emozioak lantzeko espazio bat, eta xede bera du Sortzen-en laguntzarekin martxan jarri nahi duten ludotekak ere. “Pandemiaren erruz atzeratu behar izan dugu; herriko haur guztientzat zabaldu nahi dugu”.