Gozabide izan nahi dute kirola

Gozabide izan nahi dute kirola

Zurbano eta Astrain aldi berean kirolari eta emakume izatearen argi-ilunez mintzatu dira. Ibilbidean egindako urratsak azaldu dituzte, baita «arrakalak» salatu ere.

Uxue Rey Gorraiz

Bi kirolari, bi emakume, bi ahots, baina desio bera: emakumezkoen kirola ikusaraztea, itzalpetatik ateratzeko. Nork bere bizipenetatik baina iritzi askotan bat eginez mintzatu ziren atzo zortzi Uxue Astrain Arizala futbolaria (Etxauri, 2000) eta Irati Zurbano Zuazu arku tiratzailea (Elia, 1997), Euskaldunon Biltoki elkarteak antolatutako Emakumea eta kirola solasaldian, Iruñeko Txantrea auzoan. Urteetan, bi kirolariak lehia bizian aritu dira futbolean eta arku jaurtiketan. Bidean, sentitu dituzte presio eta buruhausteak, baina, orain, gozatzea dute helburu nagusi.

Zazpi urterekin hasi zen Astrain Arizala futbolean, eskolako taldean. Adinean gora egin ahala, gora egin zuen haren jokoaren mailak ere, eta Nafarroako zenbait taldetan jokatu du azken urteetan; Ardoin jokatu ditu denboraldi gehien. Ondotik, Osasunaren lehendabiziko taldean egin ditu bi urte, eta Berriozarren aritzen da gaur egun. Atzelaria da.

Zurbano Zuazu, berriz, gehiegi pentsatu gabe hasi zen arku jaurtiketan, 10 bat urterekin. Umoretsu, kirolean emandako aurreneko pausoak ekarri zituen gogora: “Txapelketa batean izandako puntuaziorik baxueneko errekorrik baldin badago, ziur nirea dela”. Ordea, berehalakoan etorri ziren lorpenak eta garaipenak, eta, urte luzez, goi mailako txapelketatan lehiatu da Zurbano Zuazo; gehienetan, olinpiar arkuko modalitatean. Hain zuzen ere, Espainiako txapelketa irabazi zuen 2020an diziplina horretan. Iaz, lehia behin-behinean alboratzea erabaki zuen Eliakoak, eta arbitroa da gaur egun.

Hizlariek solasaldian egindako adierazpenek etengabe utzi zituzten agerian futbolaren eta arku jaurtiketaren arteko desberdintasunak. Kirolak eskatzen dituen trebezia motetan, ikusgaitasunean, kirolari kopuruan, guztietan sumatu daitezke aldeak. Hala ere, batean zein bestean, ezinbestekoa da burua zaintzea; ondorio horretara ailegatu ziren Astrain Arizala eta Zurbano Zuazu. “Kirolean, burua ongi ez baduzu, deus gutxirako balio du gorputzarekin egin dezakezunak; alferrik da”, nabarmendu zuen futbolariak. Azaldu zuenez, horrek ez du esan nahi gainerakoak inportantziarik ez duenik, baina, edonola ere, psikologia da guztiaren gainetik. Gainera, aldebikoa da onura; biek aitortu dute “terapiatzat” dutela kirola bera.

Bestalde, bi kirolariek aski ongi dakite zer den presiopean lehiatzea eta entrenatzea. Dena dela, atzean utzi dituzte garai horiek, eta, esandakoen arabera, gozatzea dute orain desio. Denborarekin ikasi dute horrek behar duela izan bidea. Zurbano Zuazu, adibidez, “gainditua” sentitu zen iaz, eta horregatik utzi du atzean kirola, “oraingoz”. Kasu berezia da harena, aita baitu entrenatzaile. “Zorionekoa naiz. Maiz, aita izan da lehiatzera bultzatu nauena, baina kirola uztean ere guztiz babestu ninduen”.

Kirola ogibide izatea, zail

“Emakume batzuk bizi daitezke futbolak ematen dizkien diru sarrerekin, baina jendeak uste baino gutxiago dira”, adierazi zuen Astrain Arizalak Txantrean, diru kontuez hitz egiten hasi bezain pronto. Kontatu zuenez, Espainiako Iberdrola Ligan jokatuta ere, futbolari askok “nekez” irabaz dezakete bizitzeko adina, eta ezinbesteko zaie kirolaz besteko lanak izatea. Esan zuenez, hori “pentsaezina” litzateke gizonezkoentzako, eta, are, haren iritziz, gizonezkoek futbolean irabazten dutena apaltzeak izan behar luke lehen urratsa, “ikaragarri irabazten baitute”.

Iritzi berekoa da Zurbano Zuazu, baina, bere kirolaren kasuan, bestelakoa da egoera. “Arku jaurtiketan, hemen inguruan ez dago kirolari profesionalik”. Kontatu duenez, urrun jo beharko litzateke beste eredu batzuen bila. “Korean, kirol nazionala da arku jaurtiketa. Estatu Batuetan ere izanen da profesionalik. Hemen, ezin”.

Aho batez, biek eskatu zituzten baldintza hobeak emakumezkoen kirolerako, orokorrean. Futbolariaren esanetan, horrek lagunduko luke emakumezko erreferenteak izateko; “Horien falta sumatu dut beti”.

Biak kritiko dira egoerarekin, baina baita baikor ere, Zurbano Zuazuren azken esaldiak agerian utzi zuenez: “Asko dago aldatzeko, baina ari gara; gu geu; emakumeak”.