Lohizune Amatria
Aurreko astean ezusteko erantzun bat jaso nuen elkarrizketatu bati “zer moduz?” galdetzean. Nire hitzak entzun, eta aurpegia eskuekin igurtzi zuen berehala, nik entzun nahi nuenaren, publikoak espero zuenaren edo egiaren artean erabakitzen ariko balitz bezala. Horien artean deserosoena aukeratu zuen: “Bada, egia esan gaizki”. O. Eta orain zer? Zer erantzuten zaio horri? Zergatik?
Modu automatikoan ia abiatzen ditugu solasaldiak zer moduz zaude? galderarekin. Gehienetan erantzuna zein den jakin nahi ez badugu ere, horrela jokatzen dugu, aurrean dugunaren ongi-a gai “garrantzitsuagoei” bidea emateko oina bailitzan.
Egun, dena den, ohikoago bilakatu da ongi esan beharko esamoldea. Elkarrizketatuak ere xehetasun gehiago gehitu zizkion haren erantzunari: “Baina beno, iruditzen zait azkenaldian denek dugula antzeko sentimendua”. Harena arrazoitu nahiko zuen, agian; niri erantzuna erosoagoa egin, edota biak batera. Eta, egia esan, ez du arrazoirik falta. Azkenaldian, behin baino gehiagotan azaldu zait gaia eguneroko elkarrizketetan, eta gobernuak ere aipatu du neurri murriztaileen luzatzea justifikatzean. Otsailaren amaieran urtebete eginen du Nafarroan lehenengo koronabirus kasua atzeman zutela. Jardueren atzeratzeak, eskolen itxiera, itxialdia. Murrizketak, debekuak, musukoa. Konfinamendu garaiko baikortasun itxaropentsu faltsua aspaldi utzi genuen atzean, eta Munduko Osasun Erakundeak izena jarri dio orain sentitzen dugun honi: neke pandemikoa.
Kutsatuak ez izateko etengabe aktibatua dugun segurtasun kode berria da tentsioaren arrazoietako bat. Osasun larrialdiak eragindako krisi ekonomikoak eta sozialak areagotu egin dute, eta ekuazio guztiak antsietatearen eta depresioaren aurrean zaurgarriago egin gaitu. Sindemiak eragindakoa izateagatik du abizenez pandemikoa neke honek, baina birusaren antzera zabaldu dela dirudi. Era ikusezinean, isilpean. Europako Batzordeak dio Batasuneko biztanleen %60 inguruk dutela neke hori.
Nekea arintzeko, osasun agintariek diote ezinbestekoa dela herritarrei argi eta garbi jakinaraztea zergatik hartzen diren neurriak, zer ondorio dituen ez betetzeak, nola eta noiz altxa daitezkeen, eta herritarren bizitzak eta osasunak duten balioarekin lotzea. Imajinatzen dut horrela egiten saiatzen ariko dela gobernua. Baina nekea kazetariongana ere iritsi da, eta, kontraesankorra den arren, luzeak egiten zaizkit agintarien agerraldiak. Biharkoa gaurko nahi dugu, esaldi bakarrean. Baina biharkoa oraindik ez da, eta ezinegona areagotzen da, ezinezko bat bilatzen ari baikara.
Erruduntasun sentimendua alboratzen, unea bizitzen, gain-informazioa ekiditen ikasi beharko dugu; bai eta zer moduz? galdetzean erantzunari garrantzia ematen ere. Ongi gaudela erakustera behartuta gaudela ematen duelako maiz. Baina, tarteka, gaizki gaude. Nekatuta. Triste. Ez da dena zuri edo beltz; grisak ere normalizatu beharko ditugu.