“Arlo guztietan eman behar zaio ikusgaitasuna euskarari”

“Arlo guztietan eman behar zaio ikusgaitasuna euskarari”

Castiella Imaz bitan ageri da Nafar Ateneoaren organigraman: eledun da Euskara eta Zientzia sailetan. Bere aurrekoek egindako bidearekin segitzea eta horretan sakontzea du helburu.

Uxue Rey Gorraiz

Gogotsu heldu dio Ines Castiella Imazek (Iruñea, 1974) erronka berriari. Nafar Ateneoko bi saileko eledun izendatu dute berriki: Euskara eta Euskal Kultura Sailekoa eta Zientzia Sailekoa. Kargu horiek dituen lehendabiziko emakumea da elkartean. Bi alorrak indartzea du asmoa hark, baita batak besteari laguntzea ere; izan ere, sinetsia da zenbaitetan eskutik helduta ere egin dezaketela bidea zientziak eta euskarak.

Eledun izan aurretik, zer harreman zenuen Nafar Ateneoarekin?

2018. urtearen bueltan hasi zen nire hartu-emana elkartearekin. Orduan, euskarazko irakurketa talde batzuen koordinatzaile nintzen, eta urte hartako Euskaraldia hastear zenean iruditu zitzaigun zerbait berezia antolatu genezakeela, zenbait talderen arteko topaketa moduko bat. Horretarako, elkarlanean aritu ginen Nafarroako Liburutegiarekin, eta hantxe zen Josu Jimenez Maia, orain gutxi arteko Nafar Ateneoko Euskara Saileko eleduna. Harekin harremanetan izan naiz azken urteotan, eta nire izena proposatu zuen bere lekukoa hartzeko; baietz esan nion, bistan denez.

Zer lortzeko sortu zen Euskara eta Euskal Kultura Saila?

Eugenio Arraizak abiarazi zuen, 1992. urtearen inguruan. Arraiza gizon euskaltzalea zen, Iruñekoa, eta sinetsia zegoen euskara bezalako ondare bat gizarteratu beharra zegoela. Hori izan zuten asmoa hasieran, eta helburu bera dugu oraindik ere.

Zer leku du euskarak Nafar Ateneoaren programazioan?

Zoritxarrez, ez dakit askorik euskaraz lehendik egiten zenaz; orain, ordea, ohartzen naiz azkenaldian gero eta gauza gehiago ari direla antolatzen. Egoera soziopolitikoan izandako aldaketak izan daitezke horren atzean, ez dakit, baina uste dut Nafar Ateneoak euskarari eta euskalgintzari lekua egin nahi diola eta egiten diola. Logikoa da, elkartea nafar guztion kultur ekimenei buruz hausnartzeko eta jarduerak antolatzeko foru bat baita. Euskara eta euskal kultura ere badira nafar kultura. Hori elkarteak badaki, eta lagundu nahi du erakusten.

Zer jardueraren bidez, zehazki?

Bi motatako jarduerak ditugu; batetik, eledunak berak proposatzen dituen ekimenak daude, eta, bestetik, Iruñeko Udalarekin dugun hitzarmenarekin aurrera ateratzen direnak. Lehendabizi, jadanik martxan daudenei eutsi nahi diegu, esaterako, Joxe Miel Bidador euskarazko poesia taldeari eta Nafar Ateneoa sariketari. Gainera, beste egitasmo batzuk ere sortuko ditugu.

Zer egitasmo, adibidez?

Gustatuko litzaidake euskara beste diziplina batzuekin uztartzea; ez dut letren mundura mugatu nahi. Zientziarekin eta artearekin, adibidez, gauza asko egingo ditugu aurki.

Zehaztu duzue jardunaldirik?

Martxoaren 2an zientzia jardunaldi batzuk izanen dira Iruñeko Iturramako Civivoxen. Mahai inguru bat izanen da, teknologia munduko zientzialariekin.

Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izan zen; zenbait aldarrikapen egin zenituen sarean. Zein da egoera?

Aurrerapausoak eman dira mediatikoki; praktikan, ordea, ez dakit hala den. Esaterako, nik industria ingeniaritza ikasi nuenean emakumeak izaten ginen gelako %40. Kontuan izanda tradizioz gizonezkoei esleitu zaien diziplina dela, ez dago hain gaizki. Ordea, gaur egun estatistikek diote hamarretik bakarra dela emakumea adar horretan. Hor agerian gelditzen da zerbait egin dugula gaizki; izan ere, pentsatu nahi dut nik bezala ingeniaritza ikasi duten emakumeek seme-alabei edo ondoko belaunaldiei ez dietela transmititu neskak printzesak izateko jaio direla edo mutilek futbolari izan behar dutela. Huts egiten ari garela zerbaitetan, edo hainbat gauzatan.

Zertan egiten da huts?

Ez gara mezua ongi ematen ari, eta egiten ari garen irakurketa ez da guztiz zuzena. Zientzian pentsatu, eta ez zaizkigu behar adina adar etortzen burura. Berehala jotzen dugu ingeniaritzetara begiratzera, eta, hortaz, hori bakarrik ikusten dugu. Berriki, estatistika batean ikusi dut bioteknologia eta kimikaren alorreko zenbait gradutan neskak direla ikasle gehienak. Batzuetan iruditzen zaigu zientzian ez dagoela neska askorik, baina oker gaude: neskak nabarmen ari dira murgiltzen zientzia munduan, eta haiei esker ari gara aurrerapauso asko ematen, adibidez, medikuntzan.

Sumatu duzu aldaketarik azken urteotan?

Bai, baina gizarte matxista batean bizi gara, eta, oraindik ere, ematen du gizonezkoek esaten dutenak balio duela bakarrik. Ari gara gauzak aldatzen, baina poliki. Esango dudana ez da oso ausarta, agian, baina nire itxaropena da hemendik pare bat belaunaldira ikusi ahal izatea benetako aldea gaur egungo egoerarekiko.

Emakume zientzialaria zara, baina lotura estua duzu letrekin ere; itzultzaile modura.

Bai; maite dut literatura, gustatzen zait irakurtzea. Dena dela, itzulpengintzan ere zientziari loturik hasi nintzen. Artikulu zientifiko gehienak ingelesez idazten dira, batzuk gaztelaniaz, eta, euskaltzalea izanik, inportantea iruditzen zitzaidan zientzia euskarara ekartzea. Euskarari merezi duen duintasuna eman nahi badiogu, ikusgaitasuna eman behar diogu arlo guztietan, ez bakarrik folklorean.