Azkura duelako egiten du hatz

Azkura duelako egiten du hatz

Fernando Mikelarenak bertze historialari anitzen babesa jaso du, Arturo del Burgok haren kontrako salaketa jarri eta gero. Bere lanetan errandakoa berretsi du Mikelarenak, Iruñeko epaitegian: Arturo del Burgoren aitona Jaime del Burgo Torres Nafarroako erreketeen buruzagi izan zela 1936ko urrian.

Edurne Elizondo

Liburu ausarta da; ez die biktimei erreparatzen, biktima horien hiltzaile izan ziren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileei baizik”. Orreaga Oskotzenak dira hitzak Isidoro Egia Olaetxearen biloba da; aitatxi zuena eta haren hiru anaiak hil zizkioten, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz; 2016an erran zituen, Fernando Mikelarenak Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores (Pamiela, 2015) argitaratu eta gero. Historialariak lan horrekin hasi zuen Muertes oscuras (Pamiela, 2017), eta La (des)memoria de los vencedores (Pamiela, 2019) liburuekin osatu duen trilogia, 1936ko garbiketa politikoari buruz. Duela bost urteko hitzak berretsi ditu Oskotzek orain, eta nabarmendu du gertatu denak erakutsi diola zuzen zela: Jaime del Burgo Torresen biloba Arturo del Burgok Fernando Mikelarena salatu du, bere aitona trilogian aipatzeagatik.

“Salaketa horrek erakusten du bide onetik ari dela Fernando [Mikelarena]”, erran du Oskotzek; azkura duelako egin duela hatz Del Burgoren familiak, alegia. Irainengatik kereila kriminala aurkeztu aurretiko adiskidetze egintzara deitu zuten Mikelarena, hilaren 18an, Iruñeko Lehen Auzialdiko 5. Epaitegira. Arturo del Burgok bere eskaerari eutsi zion egun horretan: asmo zuen Mikelarenak onar zezala La (des)memoria de los vencedores liburuaren eta 2020ko urrian argitaratutako Saca de Tafalla-Monreal 21/10/1936 artikuluaren egilea dela, eta onar zezala ez duela inolako frogarik aurkitu Jaime del Burgo ezein hilketarekin lotzeko.

“Ez nuen horrelakorik espero”, erran du Fernando Mikelarenak, lasaitasunez. Adiskidetzeari uko egin zion hilaren 18an; 1936. urteko garbiketa politikoari buruz aipatutako lanak idatzi dituela onartu zuen, noski, eta lan horietan errandakoa berretsi zuen, gainera: “Jaime del Burgo Torres Nafarroako erreketeen buruzagia izan zen”. Esteban Ezkurrak izendatu zuen, behin-behinean. “Kargu horretan izan zen, gutxienez, 1936ko urriaren 18tik 27ra; halaxe jaso zuten garai hartan Pensamiento Navarro eta Diario de Navarra egunkariek”.

Tafallako fusilatuak

Del Burgo erreketeen buruzagi zela gertatu zen, beraz, Tafallako ateratzea. Eta hori berretsi du Mikelarenak. “Datuak mahai gainean jarri bertzerik ez dut egin. Datuek diote Del Burgo zela erreketeen buruzagi egun horietan, eta horixe erran dut, ez bertzerik”.

1936ko urriaren 21ean, Nafarroako Karlisten Gerra Batzorde Nagusiaren baimenarekin, Tafallako 64 errepublikazale herritik atera, eta Elon hil egin zituzten. Tafallako erreketeen buru Julian Castiella urriaren 18an hil zen, Siguenzako (Espainia) frontean, eta “zigor gisa” hil zituzten Tafallako herritarrak. Egun hartakoaz dauden lekukotzek ez dute Del Burgo Torres Tafallan edo Elon kokatzen.

“Garai hartako lekukotzen eta datuen araberako informazioa eman dut nik; nire diskurtsoa kritikatzen ahal da, noski, baina datuekin egin behar da hori; eta datuen arabera argitaratu dudana ezin du inork ezeztatu”, nabarmendu du Mikelarenak. Historialarien lana “mugatzeko” saiakerak kezkatzen du beratarra batez ere, eta garbi erran du epaileek ezin dutela lan historiografikoa berrikusi. “Historialarion lana da hori”.

Mikelarena ez da hori uste duen bakarra. Historialari anitzen babesa jaso du egunotan; batetik, Basilio Lacort Ateneoko zenbait kidek gutuna idatzi eta zabaldu dute haren alde. Interneten bidez, bertzetik, Ikerketa historikoaren judizializazioaren aurka eta frankismoaren krimenak ezagutzeko eskubidearen alde izenburuko manifestua bultzatu dute historialari batzuek https://manifiestojudicializacion.blogspot.com/p/manifestua-eu.html. Sinatzaileen artean dira Nerea Perez Ibarrola, Gemma Pierola Narbarte, Zuriñe Sainz Pascual eta Amaia Alvarez Berastegi, bertzeak bertze.

Pamiela argitaletxeko kideen babesa ere jaso du Fernando Mikelarenak. “Haiei deitu nien, kereilaren berri jaso bezain pronto”, oroitu du historialariak. 1936ko garbiketa politikoari buruzko trilogiaren egileak bezala, Pamielako arduradun Txema Aranazek ere aitortu du Arturo del Burgok egindako urratsak “harritu” egin duela. “Ez genuen espero”, berretsi du. “Are gutxiago kontuan hartuta asmo berean atzera egin behar izan zuela bere aita Jaime Ignacio del Burgok”, erantsi du Aranazek.

Izan ere, antzeko kereila kriminala aurkezteko saiakera egin zuen UPN-PPko diputatu izandako Jaime Ignacio del Burgok 2016an, Jose Ramon Urtasun margolariaren aurka, Navarra1936Nafarroa izenburupean Nafarroako Parlamentuan egindako erakusketagatik. Orduan, orain bezala, agerian gelditu zen Zigor Kodeak ez duela hildakoen ohorearen defentsarako aukerarik ematen; saiatzekotan, bide zibiletik egin behar dela, alegia.

Lanean jarraitzeko gogo eta asmo sendoa agertu du Fernando Mikelarenak. Eta eskertu egin dio keinua Orreaga Oskotzek. “Historialari zintzoa da, eta senideenganako errespetu handiz egiten du lan”, nabarmendu du. Oskotzek garbi du Del Burgoren bilobak “mahaian kolpea jo” nahi izan duela aurkeztutako salaketaren bidez. “Fernandoren lanak min egiten dien seinale”. Oskotz Areka memoria elkarteko kidea da. 1936ko garbiketa politikoan hildakoen eta errepresaliatuen bilobek eta ilobek osatzen dute. Elkarteak babesa eta elkartasuna agertu dizkio Mikelarenari, hain zuzen ere, eta eskertu egin du 1936ko errepresio horren arduradunak erdigunean jartzeko historialariak egindako ahalegina. “Ez da zilegi mezularia isilaraztea jasotzaileak mezua gustukoa ez duenean”.

Kontseilariaren erantzuna

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok ere hartu du hitza Fernando Mikelarenaren aurkako kereilari buruz. Departamentu horren ardura da memoria historikoa lantzea herrialdean, eta, hori egiteko, hain zuzen, “Fernando Mikelarenaren gisako historialarien” lana defendatu du kontseilariak: “Diskurtso negazionistek gora egiten duten une honetan, ahanztura eta memoriarik eza bultzatzen diren honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Mikelarenaren gisako historialariek egiten duten lana babestea, lan horren bidez saiatzen baitira urte luzez ezkutuan egon den iragana ezagutzeko gakoak gure esku jartzen”, erran du Ana Ollok.

Erantsi du ikerlarien lana “judizializatzea” ez dela bidea: “Mesede eskasa eginen diogu memoria ikuspegi positibo batetik eraikitzeko eta gizarte demokratiko bat eraikitzeko bideari, ikerlarien lana eta ezagutza bera judizializatzen baditugu”, nabarmendu du Nafarroako kontseilariak.

“Historialariak askatasunez egin behar du lan”, berretsi du Fernando Mikelarenak. Euskal Herritik kanpo gertatzen ari denari ere egin dio so, eta Polonian jazotakoa salatu du. Berriki, bi historialari zigortu dituzte herri horretan, eta 1.600 orrialdeko saiakera bateko paragrafo bat “zuzendu” eta “barkamena eskatu” beharko dute. Jan Grabowski eta Barbara Engelking dira Amaierarik gabeko gaua: judutarren patua Polonia okupatuan izenburuko lanaren egileak. Malinowo herriko alkateak emakume judu bat nazien esku utzi zuela eta zeukana lapurtu ziola kontatu zuten historialariek saiakeran. Alkatearen iloba batek salatu zituen, eta bere aldeko ebazpena jaso du. Poloniako Gobernuak ukatu du epaiketarekin zer ikusirik izatea. Prozesuak, halere, gobernuak bultzatutako lege bat du oinarri, Poloniako nazioari irain publikoak egitea zigortzen duen legea, alegia. “Horrelakorik ezin da onartu”, erran du Mikelarenak.

 

Jose Ramon Urtasun: “Arrazoia dugu lagun”

Jose Ramon Urtasunek «babes osoa» erakutsi dio Mikelarenari, ederki baitaki kereila bati aurre egitea zer den. 2016an, Jaime Ignacio del Burgok margolariaren kontra egin zuen.

E. Elizondo

Jose Ramon Urtasunek Burlatako Uranga jauregian erakutsi zituen bere koadroak, Jaime Ignacio del Burgok artistaren kontra aurkeztutako kereila kriminalarengatik epaitegira deitu zuten egun berean. 2016ko ekainaren 23an egin zuten bi aldeen arteko adiskidetze saioa, Nafarroako Justizia Jauregian. Adiskidetzeari uko egin zion margolariak, eta orduan azaldutakoei eutsi die orain ere, Fernando Mikelarena historialariari “babes osoa eta elkartasuna” agertzeko: “Ez da ataka samurra epaitegira joan behar izatea, baina aurrera egin behar dugu, arrazoia lagun baitugu”.

“Ezin dut ulertu Del Burgo familiak, berriz ere, kereila aurkezteko urratsa egin izana”, erran du Urtasunek. 2016an, Navarra1936Nafarroa izenburuko erakusketa jarri zuen margolariak, Nafarroako Parlamentuan, eta erakusketa horregatik salatu zuen Jaime Ignacio del Burgok Urtasun, bi koadrotan bere sendia “iraintzen” zuela argudiatuta. “Orduan, orain bezala, Del Burgo familiakoak barregarri gelditu ziren”. Izan ere, salaketak ez zuen aurrera egin. Del Burgok Nafarroako Parlamentuko orduko presidente Ainhoa Aznarezen kontra egiteko asmoa ere agertu zuen, baina horretan ere atzera egin zuen, azkenean.

“Kontrakoa” lortu

“Nabarmentzeko gogoa bertzerik ez dut ikusten Mikelarenaren kontrako salaketaren atzean”, azaldu du Jose Ramon Urtasunek. “Kontrakoa” lortuko dutela uste du, ordea. Hau da, gertatu denak oihartzun handiagoa emanen diola, azkenean, historialariak bere liburuetan 1936ko garbiketa politikoari buruz ikertu eta argitaratutakoari.

Del Burgoren salaketa jaso eta gero, Urtasunek Corellan erakutsi zituen parlamenturako prestatutako erakusketako koadroak. “Bat zulatu egin zidaten”, oroitu du margolariak. Iaz, berriz, Salobreñara (Espainia) eraman zuen artistak bere erakusketa, eta, han ere, zenbait lan hautsi zizkioten. “Ez ditut konpondu; gertatzen dena egun dugun errealitatearen isla da, finean”, erantsi du margolariak.