Patronalak zer erantzun zain, tailerretan prest dira protestan jarraitzeko

Patronalak zer erantzun zain, tailerretan prest dira protestan jarraitzeko

Autoak konpontzeko tailerretako beharginek segida eman diete, asteon, abenduan hasitako mobilizazioei; 2018tik ari dira lan hitzarmen berri bat lotu nahian.

Edurne Elizondo

Larunbatean, auto karabana; asteartean, elkarretaratzea; eta, asteazkenean, berriz, bi orduko lanuztea. Autoak konpontzeko tailerretako langileek Iruñerrian egindako azken protestak dira horiek, Nafarroako arloko patronalari eskatzeko 2018ko abendutik iraungia duten lan hitzarmena berritu dezatela, “behingoz”.

Asteon egindako protestek abenduan hasitako mobilizazioei eman diete segida. Otsailaren amaierarekin batera, ordea, lan gatazka bertze etapa batean sartzen ahal dela ezagutarazi dute langileek 3.000 inguru dira herrialdean. “Egoera aztertu, eta erabaki beharko dugu mobilizazio eta aldarrikapen gehiago eginen ote dugun”, azaldu du ELAko ordezkari Carlos Sarasak.

Patronalaren erantzunaren araberakoa izanen da erabaki hori. Orain arte, negoziazioari uko egin dio patronalak; 2020ko ekainekoa da sindikatuek mahai gainean batera jarritako azkeneko proposamena. Patronalak ez zuen onartu, eta, geroztik, ez du bertze urratsik egin. “Ez dute negoziatu nahi”, berretsi du CCOO sindikatuko ordezkari Eva Ziaurrizek. Horregatik, azken mobilizazioek ez badute patronalaren jarrera aldatzen, bertze pauso bat emateko prest dira sindikatuak.

Izan ere, ekainean mahai gainean jarritako proposamena “gutxienekoak” jasotzen zituen testu bat zen, eta helburu nagusia zuen 2019-2020ko urteak ixteko “zubi lana” egitea, 2021ean, berriz ere, “hitzarmen duin bat” negoziatzen hasteko. “2021. urteak aurrera egin ahala, ordea, zentzua galtzen du proposamen horrek”, azaldu du Ziaurrizek.

Pandemiaren “aitzakia”

ELA eta CCOO sindikatuekin batera, UGTk eta LABek ere badute ordezkaritza autoak konpontzeko tailerren mahaian; 2019ko urtarrilean hasi ziren urratsak egiten, nor bere bidetik, 2018ko abenduarekin batera iraungitako lan hitzarmena berritzeko.

Lan horrek, baina, ez zuen lortu helburu zuen emaitza, eta egoerak okerrera egin zuen 2020ko koronabirusaren pandemiak eztanda egin eta gero. “Osasun krisia baliatu du patronalak, baina pandemiak ezin du aitzakia izan ukatzeko 2018an eta 2019an jaso dituen irabaziak”, nabarmendu du ELAko Carlos Sarasak.

Sindikatuek patronalaren ordura arteko isiltasuna apurtu nahi izan zuten, ekainean, eta elkarrekin prestatutako proposamena egin zioten: “Erreferentziazko soldata igo KPIa + %1; eta erreala, berriz, KPIa + %0,5; hori da egin dugun aldarrikapen ekonomiko bakarra, 2019-2020rako”, erran du Sarasak. Proposamenaren bigarren puntuak jasotzen du, berriz, adostutakoa bete beharra.

2019-2020koa itxita, 2021etik aurrerako “lan hitzarmen duina” lortzeko lan egitea zuten xede sindikatuek. Denborak aurrera egin du, eta patronalaren teilatuan segitzen du pilotak.