Trans legearen eztabaida piztua den honetan, ate joka da Martxoaren 8a. Deialdietan parte hartzeko gogoz da Ari Vigo, garbi baitu mugimendu feministaren gehiengoa transen alde dela.
Uxue Rey Gorraiz
Emakume transa da Ari Vigo (Buenos Aires, 1988), lesbiana. Argentinan jaio izanagatik, Txilen egin ditu bizitzako urte gehienak, eta hamar baino gehiago dira Euskal Herrian bizi dela; Iruñea du etxe. Dekumas LBT elkarteko kidea eta Despertrans elkarte jaio berriko batzordekidea da. Bietan, gogor ari da pertsona transen eskubideen aldeko borrokan.
Zer asmorekin sortu duzue Despertrans elkartea?
Hasi-masietan gara, 2020. urtearen bukaeran erregistratu baikenuen elkartea. Helburua da transen eta aliatuen harrera leku eta informazio gune izatea, eta harreman estua dugu Nafarroako zein herrialdeaz kanpoko elkarte ugarirekin. Esaterako, elkarlanean aritzen gara Transkolorerekin. Asmo asko ditugu, baina oraintxe bertan estatuko trans legea ari gara lantzen batik bat; horri zuzenduak ditugu indar gehienak.
Zer iritzi duzu legeari buruz?
Legearen zirriborroan bildua dagoena, hori baita oraingoz dugun bakarra, ez da nahikoa, eta dokumentuak gauza asko uzten ditu airean. Adibidez, ez dago argi zer gertatzen den pertsona trans bat kartzela politikaren menpe dagoen egoeretan, eta ez dago adineko pertsona transei zuzendutako politika konkreturik.
Nola daude adinekoak?
Trans edadetuek oztopo askori egin behar izaten diete aurre, bai armairutik ateratzeko urratsa jadanik zaharrak direla egiten dutenek, baita hain justu trans izateagatik lan ibilbide normalik izateko aukerarik eduki ez dutenek ere. Batzuen egoera biziki larria da, ez baitute sosik ere jasotzen pentsioen bidez. Trans legean ez da kontuan hartu haien egoera, behintzat ez modu zuzenean. Bestalde, testuan ez da hitzik esan ez binarioak direnek pasaporteekin duten problemaz.
Zer arazo dute, zehazki?
Zirriborroan jasoa dagoenez, pertsona ez binarioek aukera dute generoaren aipamena beren NAtik kentzeko. Ordea, pasaporteak nazioarteko erakundeek ere kudeatzen dituzte, eta ezin da halakorik egin. Uste dut legeari buruz asko ari dela hitz egiten, baina jendea ergelkeriatan galdu da, eta eztabaida beste gauza batzuei buruz egin beharko genuke.
Generoaren autodeterminazioari dagokionez, zertan eginen du mesede legeak?
Prozesua desmedikalizatu eginen da, eta hori oso inportantea da. Azken batean, gaixorik bageunde bezala tratatzen gaituzte prozesu horietan. Izatez, batzuetan guk geuk ere hori esaten diogu geure buruari, eta, hori norberari tratu txarrak emateko modu bat da, nahiz eta, noski, sistemak bultzatzen gaituen horretara. Nafarroan unitate berezi bat dago Osasunbidean; ona da, baina horrek esan nahi du auzi mediko baten gisara hartzen dutela gaia. Jakina, hemen ez dago zer sendatu.
Sentitzen duzue presiorik tratamendu medikuak jasotzeko?
Bai, Espainiako Estatuan premiazkoa da hormonak hartzea dokumentuetan aldaketak egiteko, eta Europako herrialde batzuetan ezinbestekoa da ebakuntzak egitea. Ez da bidezkoa; badago hormonarik hartu nahi ez duenik, askotariko arrazoiengatik. Nik beti esaten dut hormonak baliabide bat direla, ebakuntzen antzera, baina badira beste asko ere. Adibidez, nik makillajea erabiltzen dut tresna gisa. Emakume transek horiek guztiak eta beste hainbeste erabiltzen ditugu, helburu bat erdiesteko: ispilura begiratzean izan nahi dugun hori ikusteko, norberarekin akordioa lortzeko. Bakoitzak nahi duen bezala egin behar du hori. Ez da bidezkoa denek inbutu beretik pasatu behar izatea.
2017tik, Nafarroan bada pertsona transei zuzendutako protokolo bat. Nolakoa da?
Nafarroan dagoena ez da transentzako lege bat; LGTB kolektibo osoari zuzendutako legea da, eta haren bi artikulu baizik ez dira guretzat. Legea ona da, aitzindaria, baina koordinazioa falta da unitatearen eta Osasunbideko gainerako atalen artean. Badago borondatea, baina asko falta da.
Legeaz gain, nolako jarrera du jendeak emakume transekiko?
Nire kasua berezia da. Giro artistiko batean hazi naiz, dantzaren eta ikuskizunen munduan, eta bidea erraza izan da niretzat. Dena dela, argi ikusi dut hori ez dela ohikoena, eta denek sentitzen ditugu epaitzen duten begiradak, eta badaude une deserosoak; maiz sentitzen dugu beldurra. Nire kasuan, emakume trans lesbiana izatea da nolabaiteko problema eragin didana. Batzuek talka bat ikusten dute hor, baita kolektiboaren barrenekoek ere.
Zer sentitu duzu?
Emakumeak gustuko dituen emakume transa naiz, eta jendea harritu egiten da hori jakitean. Bitxia da, baina badakit horrek zerikusi handia duela erreferente faltarekin. Heterosexualaz besteko orientazio sexualak dituzten transek ikusgaitasun gutxi dute.
Nola bizi duzu Martxoaren 8a?
Egia esateko, joan diren urteetan ez dut oso aktiboki parte hartu. Ez da izan emakume sentitu ez naizelako, jakina, baina egoera bestelakoa zen. Aurten bai, aterako naiz karrikara, hain zuzen ere uste dudalako egoera oso konplikatua dela. Aurtengo Martxoaren 8a oso zentratua egongo da gugan, emakume transengan; desberdina izanen da aurrekoen aldean. Gainera, iruditzen zait oso zainduak izanen garela, sinetsia bainago mugimendu feministaren gehiengoa gure alde dagoela. Oso polita izanen da, ziur nago.