Guztiena eta guztientzat

Guztiena eta guztientzat

Nafarroako Osasun Plataformak ohartarazi du osasun arreta «negozio» bilakatzeko arriskuaz; kudeaketa publikoaren aldeko apustua berretsi du.

E. Elizondo

Oinarrizko arretaren egoera ez da Nafarroako Osasun Plataformako kideen agendan dagoen auzi bakarra: osasun sistema “%100 publiko” baten aldeko elkarretaratzera ere deitu dituzte iruindarrak. Joan den larunbatean egin zuten elkarretaratzea, hiriburuko Merindadeen plazan, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren egoitzaren aurrean.

Osasun sistema “publiko eta unibertsal” baten aldeko aldarria berresteko beharra sumatu du Nafarroako Osasun Plataformak. Zenbait datu jarri ditu mahai gainean, behar hori azaltzeko: koronabirusak eragindako pandemiaren lehendabiziko olatuan, adibidez, Nafarroako Gobernuak 2,9 milioi euro bideratu zituen itunpeko osasun zentro pribatuetara, COVID-19ak jotako gaixoak artatzeko. Plataformako kideek nabarmendu dute, halere, arazoa ez dela pandemiagatik sortu, eta horregatik jo dute “larriagotzat”. Plataformako kideentzat “hagitz kezkagarria” da Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko agintarien jarrera: “Arazoa ez da oraingoa; urteak eman dituzte baliabide publikoak sektore pribatura bideratzen, eta, ondorioz, sistema publikoa ahultzen”.

“Tarifa finkoa”

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Unibertsitatea Klinikarekin eta San Miguel Klinikarekin hitzartu ditu prezioak: 4.908 euro, gela arrunt bateko ospitaleratzeagatik; eta 40.978 euro, berriz, ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatean ospitaleratzeagatik. Osasun Departamentuak zehaztu du “tarifa finkoa” dela. Santos Indurain Osasun kontseilariaren hitzetan, gainera, zentro pribatuekin hitzartzea “merkeagoa” da.

Indurainen adierazpenek plataformako kideen haserrea eragin dute. “Kontuen Ganberak garbi utzi zuen bere txosten batean osasun zerbitzuak hitzartzea garestiagoa zela, zuzenean eskaintzea baino”.

Osasun publikoaren aldeko “benetako apustua” eskatu dio plataformak Nafarroako Gobernuari. Gobernutik “goraipatzen” duten arlo pribatuaren eta publikoaren arteko “elkarlanak” pribatuari egiten diola mesede erantsi dute erakunde horretako kideek.