Hazia erein, gero uzta jasotzeko

Hazia erein, gero uzta jasotzeko

Eskualdeko antiespezistak saretzeko prozesu bat jarri dute martxan Iruñerrian. Erreferente bilakatu nahi duen eragile berri bat sortzea du helburu, eta hiru fasetan egiten ari dira: formakuntza landu dute otsailean; eztabaidaren fasea eginen dute martxoan, eta taldea eratzekoa, azkenik, apirilean.

Edurne Elizondo

Antiespezistak badira; kuadrilla bakoitzean bada bat, baina mugimendua egiteko dago Iruñerrian”. Hori egin nahi du martxan jarri duten Erein prozesuak: mugimendua egin, antolatu, saretu. “Bakarka ari den jende asko dago; ziur naiz erreferente bat emanez gero gazte asko batuko direla”.

Antsoain Antiespezista taldeko kide Aimar Senosiainenak dira hitzak. 2018ko azaroaren 1eko Bilboko manifestazio antiespezista egin eta gero sortu zuten talde hori herrian, gizakiz bertzeko animalien alde egiteko. Kolektiboa indartuz joan da, eta “beharra sentitu” du, nolabait, herritik kanpo ere aritzeko. “Ez da hori, ordea, taldearen xedea”, zehaztu du Senosiainek. Antsoainen jarduteko sortu zen, eta helburu horri eutsi nahi dio, baina antiespezismoaren aldeko indarrak batzeko aukera bazter utzi gabe. Horregatik jarri dute martxan Erein prozesua: “Baliabideak jartzeko antolatu nahi duten antiespezisten esku”.

Hiru fase dituen bide bat egin nahi dute Erein bultzatu duten antiespezistek Antsoaingoek eta bertze zenbaitek, Iruñerriko ekintzaileen bilgune bilakatzeko: otsailean egindakoa izan da lehena, eta formakuntza jorratu du; eztabaida izanen du ardatz bigarrenak, eta martxoko datozen asteotan eginen dute; eskualdeko eragile antiespezista bilakatuko den taldea eratzeko fasea izanen da hirugarrena eta azkena, eta apirilean eginen dute, maiatzetik aurrera urratsak egiten hasteko.

Kaiolak Suntsitu

Olaia L. Garaialdek nabarmendu du formakuntzarako fasea amaituta “oso kontent” direla. Kaiolak Suntsitu dinamikaren eskutik ezagutu zituen Erein prozesuan diren bertze kideak, iazko udan. Nor kolektiboak Euskal Herriko zoologiko eta akuarioen inguruko ikerketa plazaratu eta gero sortu zen Kaiolak Suntsitu; Nafarroan, bertzeak bertze, Senda Viva zoologikoa ixteko exijitzeko kanpaina egin zuen. “Ezein taldetan ez ginen antiespezistok egin genuen bat kanpaina horretan”, oroitu du L. Garaialdek. Pandemiaren eraginez, zoologikoa itxi zuten bisitarientzat, baina antiespezismoaren alde lanean jarraitzeko gogoz ziren ekintzaileek Erein prozesua prestatzeari ekin zioten.

“Ez gara hutsetik hasi”, aitortu dute Erein prozesuko parte hartzaileek. Duela hogei urte, adibidez, Denok Animaliak talde antiespezista zegoen Iruñean, eta, geroztik, Antsoaingoa ez da herrialdean sortu den bakarra: Tafallan eta Erriberan ere bultzatu dituzte kolektibo antiespezistak, adibidez. Duela bi hamarkadako errealitateak zerikusi txikia du oraingoarekin, halere, eta Erein prozesuaren bultzatzaileek oinarri gisa hartu dituzten ezaugarriek garbi erakusten dute gizakiz bertzeko animalien askapenaren aldeko mugimendua garatuz joan dela. “Erein prozesuaren helburua zera da, Iruñerriko erreferente bilakatu nahi duen eragile antiespezista bat sortzea; denon arteko prozesu bat da, baina bidean badira ezinbesteko zenbait ezaugarri: eragile antiespezista eta euskalduna behar du izan, zapalkuntza guztiak kontuan hartzen dituena eta parte hartzailea”, azaldu dute Senosiainek eta L. Garaialdek.

Abiapuntua hori izanda, Erein prozesuaren oraingo eginbeharra zera da, taldeak izanen dituen azala eta mamia zehaztea. Eztabaidarako martxoko fasean, hain zuzen, hiru esparru nagusi landuko dituzte: helburuak eta estrategia, batetik; taldearen izaera eta ildo ideologikoa, bertzetik, eta hirugarrenik, antolakuntza eta egitura.

Erabakitzeko fasea

Bigarren fase hori, eztabaidarako fasea, “erabakiak hartzeko” fasea izanen da. Otsailean egindako saioetan jorratutako gaien inguruan erabaki beharko dute, zehazki. Adibidez, antiespezismoaren oinarri politiko eta teorikoak landu dituzte, bai eta mugimenduak orain arte egindako ibilbidea ere. Estrategiak, militantzia ereduak eta zaintza bezalako auziak ere jorratu dituzte, zer-nolako eragile antiespezista izan nahi duten zehazteko.

Eragile hori sortzeko prozesua ere izanen da antiespezisten esku egonen den “beste baliabide bat”, txostena osatuko baitute, egindako urratsen berri emateko eta bertzeentzat eredu izateko. Bultzatzaileek garbi dute behar dela, “olatu antiespezista” badatorrelako.