Lur Albizu Etxetxipia
Azken urteetan apenas ikusi izan dudan telebista. Eta pizten nuen gehienetan, desorduak izaten ziren. Konfinamenduan, osasun mentala zaintzeagatik edo, edozein mota eta koloretako albistegiak ez ikusteko erabakia hartu nuen; ez dut imajinatu nahi etxean bakarrik eta munduarekiko beste konexio askorik gabe bizi direnek (pertsona zaharrak, bereziki) zer pasatu zuten duela urtebete, hildakoak zenbaki, birusa gai bakar eta heriotza atezuan.
Azken hilabeteetan, aldiz, ohitura aldaketa eta bestelako kontu batzuk medio, gehiagotan ikusten ari naiz. Eta gehienetan, afari-orduko fondoko hotsa eta irudia izaten ari da teleberria. Haserretzeko eta negar egiteko aukerak izaten dira egunero-egunero, eta salbuespenik gabe.
Harritzeko gaitasunak oraindik irauten dit. Hogei minutu baino gehiago (eta oso luze egiten dira) intzidentzia-tasak, positiboak, kurbak, tasa altuko herriak eta zatirik onena: isunak, kolektibo konkretu batzuen kriminalizaziorako eguneko dosia; normalean, azken hau, beste gai batzuk alde batera uzten diren bitartean (zenbat minutu hartu dituzte jarrera “inzibikoek” deitzen dituzten horiek eta zenbat, adibidez, txertoa jasotzeko egindako tranpa horiek guztiek?).
Eta hori guztia, noski, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriari segundotxo batzuk emanda; faborea egiteagatik edo. Disimulatzeagatik edo. Norbait ordezkatua sentitu dadin edo. Gainera, duela hilabete batzuk arte zegoen Navarra Directo fulminatu ondotik. Ez da bakarrik hori: da, gehienetan, Jaeni buruz gehiago dakigula gure edozein herritako errealitateaz baino.
Jaen esan dut baina Madril esan nahi nuen. Zein diferentzia dago teleberria ikusi edo Espainiako edozein kateko albistegia ikustearen artean? Ze, egia esan, aipatutako hogei minutu luze horien ondoren, berri esanguratsuenak Madrildik etortzen baitira.
Eta teleberriaz ari gara, baina aurretik ematen duten programaren eduki eta galderez ere hitz egin dezakegu (lehiaketan parte hartuko baduzu, garrantzitsua espainiar “kultura” ezagutzea, Telecincora joanen bazina bezala: Tamara, Andres Pajares, Ylenia, Berdin Osborne, La Terremoto). Aldekoak aste honetan esan du “polarizazioa” eragiten duten produkzioek ez dutela hemendik aurrera tokirik izanen. Ez dela beste Altsasu-rik izanen.
Lerroartean, zentsuraz aparte, irakurri beharko genuke ez dela euskarazko fikziorik egonen, ez dela halakorik ekoitziko, hain zuzen; rantxerekin jarraituko dugula, euskararen aldeko apenas apusturik gabe eta telebista gero eta pobreago eta probintzianoago batekin.
Albistegiak pobre eta akritiko, eta dirua, berriz, ongi jarria, Konkis saioan.
Euskal Telebistaren inguruko etorkizuna zein den ez dakit, baina desesperaziorako zantzu guztiak daudela esanen nuke. Eta, gainera, asko eta asko ordezkatuak sentitzetik gero eta urrunago gaude.