Konformatu nahi ez zuen belaunaldia

Konformatu nahi ez zuen belaunaldia

Carmen Izal Garcesek gaztaroan ezagututako Atarrabia bilakatu du idatzi berri duen liburuaren ardatz: familiak eta gizarteak erabakitako bideari ihes egin zioten emakumeak oroitu eta omendu ditu ‘Gure gaztaroko urteak’ lanean.

Edurne Elizondo

Ezin du geldirik egon, eta, gainera, ez du geldirik egon nahi. Lan Harremanak ikasi zituen lehendabizi, eta Psikologia gero, UNEDen. Txikitan, halere, kazetari izan nahi zuen. Orain, 76 urterekin, idazteari ekin dio Carmen Izal Garcesek. Aquellos años de nuestra juventud. Una mirada al mundo desde Villava en los años 50, 60 y 70 del siglo XX (Gure gaztaroko urteak. Munduari begirada bat Atarrabiatik, XX. mendeko 50, 60 eta 70eko hamarkadetan) liburua kaleratu berri du, Atarrabiako Udalarekin.

Izal Garcesek konformatu nahi ez zuen belaunaldi bateko emakumeak bilakatu nahi izan ditu lan horren ardatz eta oinarri. “Emakumeon begirada islatu nahi izan dut, gizarteak guretzat hautatutako bideari uko egin genion emakumeon begirada”, garbi utzi du.

Bidaia kronologikoa egin du egileak bere haurtzaroko eta gaztaroko Atarrabian barrena. 50eko hamarkadako egunerokoaren gogortasuna nabarmendu du, eta Elizak ezarritako “kontrol zorrotza” izkina guztietara ailegatzen zela. “Gure bizitzako arlo guztietan sartzen ziren apaizak”, erran du. Erantsi du kontrol hori are nabarmenagoa zela landa eremuan. “Gero konturatu naiz, halere, hiriburuan bizi ziren emakumeen egoera ez zela hagitz ezberdina. Garai hartan ez genuen gure arteko sarerik, ordea, eta ez genuen elkarren berri”, kontatu du.

“Kontrol zorrotza”

Frankismoak eta gerraren ondoko gabeziek markatutako urteak izan ziren 50eko hamarkadakoak Atarrabian, herrialdeko bertze txoko gehienetan bezala. Erregimenak eta Elizak ezarritako arauei men egiten zien garaiko gizarteak, errepresioaren beldur. “Gure gurasoek arau horien arabera hezten gintuzten. Garaiko errealitatea hori zen, eta ez ditut haiek erruduntzat jo nahi, inondik inora. Ahal zutena egin zuten”.

Sexua tabu bilakatu eta emakumeak etxean itxi nahi zituen gizartea aldatuz joan zen 1960ko hamarkadan. Izal Garcesek erdigunean jarri du migrazioak garai hartako “zabaltze prozesuan” izan zuen garrantzia: “Hemendik Europa iparraldera joan ziren anitz; aldi berean, Andaluziatik [Espainia] eta ingurutik bertze jende anitz etorri zen gure herrietara”, oroitu du.

1968ko iraultza gogoek herrialdean ere arrastoa utzi zutela gaineratu du Izal Garcesek. “Emakumeok hasi ginen bikinia eta galtzak janzten, eta tabakoa erretzen”, erran du, irribarre eginez. Herritarrak antolatzeko eta komunitate bilakatzeko urratsek bete zuten rola nabarmendu du, halere, nagusiki.

Batetik, herritarrengana hurbildu ziren Elizako sektoreen lana aipatu du egileak; Imanol Satrustegi NUPeko historialariak bere tesian azaldu berri du, hain zuzen, apaiz gazte askok sortu zituztela langile elkarte kristauak, eta langileen errealitatearekin bat egin zutenean, zegoen miseria gorriaz eta askatasunik ezaz ohartu zirela. Elizaren ildo ofizialetik aldendu nahi zuen fededuna izan zen Izal Garces garai hartan, eta “oinarrizko kristauen artean” sortutako mugimendua nabarmendu du.

Bertzetik, auzo eta herrietan martxan jarri ziren elkarteen ekarpena jarri du egileak erdigunean, eta bereziki aipatu nahi izan du Atarrabiako herri kulturako Alaiz kolektiboa. Azaldu du gisa horretako elkarteek emakumeak saretzea erraztu zutela, eta prozesu horrek 1990eko hamarkadan jo zuela goia, “herriz herri eta auzoz auzo” sortu ziren emakume taldeei esker.

“Onean eta txarrean”

Emakumeak saretzeko eta ahalduntzeko taldeetan buru-belarri sartu da Izal Garces, urte luzez. Ez du inoiz bazter utzi mugimendu feministarekin aspaldi hartu zuen konpromisoa, eta garbi utzi nahi izan du oraindik ere “borrokarako prest” dela.

Ezin du geldirik egon, eta ez du geldirik egon nahi, berretsi duenez. Are gutxiago, eskuin muturrak emakumeen eskubideak zalantzan jartzen dituen garai honetan. “Gure gaztaroan saiatu ziren gure askatasuna hutsean uzten, eta, orain, berriz ere, lortutakoa babesteko egin behar dugu lan”, erran du.

Lortutakoa du gogoan; bai eta lortzeko dagoena ere, eta, horregatik, hain zuzen, egileak azaldu du “aldarrikatzeko beharra” sentitzen duela beti. “Berdintasunaren alde borrokatzen jarraitzea bertze erremediorik ez dugu; nik onean egin nahi dut lan, baina, uzten ez badidate, txarrean egin beharko dut”, garbi utzi du Izal Garcesek.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku