Jesus Arrizubieta (Tafallako alkatea): “Erakundeon babesa eta baliabideak behar dira aurrera egiteko”

Jesus Arrizubieta (Tafallako alkatea): “Erakundeon babesa eta baliabideak behar dira aurrera egiteko”

E. Elizondo

Herritarrek sortua da Berdesia elkartea, eta proiektuarekin bat egin dute Tafallako Udalak eta Nafarroako Gobernuak ere. 100.000 euro jasoko ditu egitasmoak aurten. Tafallako alkate Jesus Arrizubietak (Donostia, 1958) gogoz sustatu du.

Zer iruditzen zaizu herrian Berdesiaren gisako proiektu bat sortu izana?

Hagitz interesgarria. Herritarrek sustatutako proiektu bat da, baina udalari garatu beharrekoa iruditzen zaio, bai eta Nafarroako Gobernuari ere, eta horregatik sortu dugu lantalde bat.

Luzerako hartzen duen konpromiso bat da udalarentzat?

Argi dago proiektuak bide luzea izanen duela, etorkizunera begirako proiektu bat dela; beraz, ez dagokio bakarrik oraingo legegintzaldiari.

Zein da udalaren helburu nagusia proiektu horren bidez?

Tafallak izan dezala nortasun propioa, eta nortasun horrek oinarri izan dezala iraunkortasuna. Nola? Hiria inguratuko duen hesi berdea sortuz.

Baliabideak beharko ditu proiektuak, ezta?

Berdesiak, Tafallako Udalak eta Nafarroako Gobernuak bat egin eta gero, gobernuak 50.000 euroko sail bat onartu du proiektua garatzen hasteko; udalak bertze 50.000 euro jarriko ditu.

Herritarrek sustatu arren, funtsezkoa du Berdesiak erakundeen babesa?

Bai. Berdesian bat egin duen jendea anitz eta ongi mugitu da; haurrak, zaharrak, pentsiodunak, hiriko kolektibo guztiak inplikatu dituzte. Baina aurrera egiteko, erakundeon babesa eta baliabideak behar dituzte.

Zer helburu izanen du hiria inguratuko duen hesi berde horrek?

Tafalla, gaur egun, hamaika azpiegiturak inguratuta dago: errepideak, autobideak, trenbideak; AHTak ere, tamalez, ukituko gaitu. Azpiegitura horiek hiria erabat inguratua dute, eta behar dugu azpiegitura horien aurrean babestuko gaituen hesi berdea.

Herritarrek proiektuari eman dioten babesa kontuan hartuta, ohartu dira behar horretaz?

2019ko uztaileko uholdeek jendea astindu zutela uste dut. Autobidearen eragina funtsezkoa izan zen gertatu zena gertatzeko. Nolabait erranda, uholde haietan bi olatu moduko izan ziren Tafallan, eta bigarrena sortu zen autobideak eragindako presa lehertu zenean, hain zuzen.

Itzuli zarete lehengo egoerara?

Bai, baina gertatu zenak eragin du Ebroko Ur Konfederazioak uholde arriskua duten eremu gehiago izendatzea Tafallan. Horietan ezin dugu deus eraiki. Ez da kontu berria, halere, Tafalla ibai ertzerantz zabaldu baitu. Ibaiari berezko eremua kendu diote, eta uholdeak gertatzen direnean, berreskuratu egiten du. 2019an gertatu zenak horixe erakutsi digu: ibaiak bere bidea zein den erran digu.

Egungo klima aldaketako jokalekuan, uholdeak ugarituko direla ohartarazi dute adituek.

Bai. Horregatik garbi dugu Berdesia bultzatzeko beharra. Baso bat sortzeko proiektu bat baino anitzez ere gehiago da. Proiektu integrala da, eta hiria bere osotasunean hartzen du kontuan. Klima aldaketaren aurkako lanaren bidean du bere zentzu osoa.