Pandemiari karrikan behatu diotenen lana

Pandemiari karrikan behatu diotenen lana

Berriemaile Grafikoen Nafarrako Elkarteko kideek pandemiari buruzko erakusketa zabaldu dute Nafarroako Parlamentuko atarian. Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioak iruditan jaso dituzte, COVID-19aren hamaika alderdi jorratuz.

Edurne Elizondo

Sentsazio, iritzi eta iruzkin askotarikoak eragin ditu Nafarroako Parlamentuko atarian inauguratu berri duten erakusketak, ikusle bilakatutako egileen artean. Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko kideenak dira lanak, eta, haien bidez, koronabirusak eragindako pandemiaren hamaika alderdi jorratu dituzte, dena aldatu duen urte bateko kronika osatuz. Hilaren 12an inauguratu zuen Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek Santos Indurain Osasun kontseilariarekin batera eta apirilaren 12ra bitarte ikusi ahal izanen da.

Parlamentuan zintzilikatutako argazkien aurrean, azken hilabeteak “hagitz zailak” izan direla nabarmendu dute irudien egileek. Horregatik, “oroitzeko” beharra nabarmendu du Villar Lopez argazkilariak. Hiru lan zintzilikatu ditu erakusketan. “Alarma egoera ezarri zutenean, denok erraten genuen gertatzen ari zenak markatuko gintuela, eta gizartearen onena aterako zuela; hasierako hitzak eta asmoak, baina, haizeak eraman ditu. Gure lana da gertatzen ari dena kontatzea, ez ahazteko”. Lopezek erantsi du, zailtasun eta larritasunen gainetik, osasun krisiak eman diola aukera “kazetaritzaren benetako mamira” itzultzeko: “Berrien zain egotera ohituak ginenean, karrikara atera behar izan dugu, kontatu beharreko istorioen bila”.

Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko kide eta argazkilari Javier Sesma arduratu da erakusketa prestatzeaz. 60 argazki eta bi bideo lan jaso ditu parlamentuko atarian. Haien bidez, “informazioaren eta memoriaren garrantzia” nabarmendu nahi izan ditu; izan ere, oroitu du 2020an hasitako osasun krisia oraindik ez dela amaitu, eta, denborak, segur aski, “bertze balio bat” emanen diela orain zintzilikatutako irudiei. Orain, funtsean, informazio dena, memoria kolektibo bilakatuko dela, alegia. “Erakusketak balioko du gizarteak eta agintariek osasun krisiari emandako erantzuna dagokion testuinguruan kokatzeko”, gaineratu du Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko presidente Jose Luis Larrionek.

“Argiak eta ilunak”

Oskar Montero argazkilaria da erakusketako bertze parte hartzaileetako bat. Osasun krisiaren “argiak eta ilunak” islatu nahi izan ditu: argia, Osasunak Sadarren jokatutako partida bateko irudiaren bidez. “Harmailak hutsik ageri dira, iazko uztailaren 11n jokatutako partida batean. Pandemiak eragin zuen sanferminik gabeko uztailaren 11 batean Osasunak jokatzea”. Ilunak, berriz, pandemiaren alderik gordinena erakutsiz islatu ditu Monterok: “Estafeta karrikako eraikin batetik hilotz bat ateratzen ageri dira bi pertsona; hirugarren batek, senide batek, akaso, izkin batetik egiten du so”. Karrika hutsetan ibili zireneko krisiaren lehen asteak gogoratu ditu argazkilariak. Jokaleku berrira egokitzeko beharra. “Horretan ari gara”.

Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku