Presioak

Presioak

Lohizune Amatria

Gertatu dena gertatu dela, sinesten duzue justizian?”. Joan den astean egin zidaten galdera Zabalza auzia ikertzea eskatzeko Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpenaren harira. “Galdera zaila”, aitortu nion. Baietz esan nion, noski, zentzurik ez lukeelako izanen eskatzen ari garenak, bestela. Baina, bat-batean, beste hainbat sortu zitzaizkidan: zein justizia? Espainiakoa? Zer da justizia?

Hizketan nengoela, Nafarroako Torturatuen Sareko Oihan Ataunen hitzak gogoratu nituen: “Ez ditugu torturatu gintuztenak kartzelan ikusi nahi, haien justizia ez da gure eredua”. Etxean ikusitakoarekin antzekotasun handia du haren esaldiak, mendekuan oinarritzen ez den borroka molde bat erakutsi digutelako gurasoek. Egia exijitzen hazi gara, gorrotorik gabe. Egia da helmuga: gertatu zena urratsez urrats azalduko lukeen egia, erantzuleak azaleratuko eta ondorioak eragingo lituzkeena. Hein handi batean, herriak eraikitzen duena baduelako auzi honek. “Komunikabideok eta herritarrek ez bagenu presiorik egin, oraindik desagertuta egongo zatekeen Zabalza”, esan berri du Koldo Ordozgoiti kazetariak. 1985ean gizartea mugiarazi zuen gaiak, hainbatetan kontatu digute hori, eta bizi ez genuenok, nola izan zen ezagutu dugu Non dago Mikel? lanari esker.

Egun, audioa entzun ondoren, gainera, inork gutxik babestu dezake bertsio ofizial trakets hura. Auzia lehen lerroan da berriz, ordezkari gehienek izan dute ahotan, eta gero eta gehiago zarete gertakarien berri duzuenak. Gero eta gehiago, presioa egiten ari garenak. Presioa, auziak aurrera egin dezan zerbait egin dezakeenak ahal duen beste egin dezan. Hitzengatik babestuta sentitu gaitezkeelako, baina hori ez da nahikoa: auziari egia ekarriko dioten ekintzak behar dira. Bide horretatik iritsiko zaio auzi honi justizia, nire ustez.

Pentsamenduen katea ez zitzaidan hor eten, baina. Auzi hau ez da salbuespenezkoa: “Mikelen adibidea”, zioen Ion Arretxek. Gure familian beste bizpahiru kasu izan dira; Nafarroan, milaka, eta horiek ere behar dute egia. Bizikidetza sendo bat eraikitzeko, hemen gertatu den guztia ezagutu behar dugu. Baina, tamalez, gainerakoek askoz urrunago dituzte erreparazioa eta aitortza; zer esanik ez, justizia. Espainiak torturak ez ikertzeagatik jasotako zigorrei entzungor egin die berriro Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak, zigortu ez duten auziak gehiago izateak egindakoa justifikatuko balu bezala. Harago, azken tortura kasuak ahalbidetu zituen sistema politiko eta judizialak indarrean jarraitzen du; ez dugu bermatua ez denik berriz gertatuko.

Estatuaren zigorgabetasunera ohitu gara. “Ez dut ordezkarien aldetik aurrerako mugimendu askorik sumatu. Eta ez dut uste eginen dutenik”, idatzi nuen, hemen, 2016an. Zorionez beste une batean gaude: dokumentuak desklasifikatzeaz, ikertzeaz eta torturatu guztien egia aitortzeko ekitaldiak egiteaz ari gara. Ari dira. Bada zerbait.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku