Sephorak kaleratu egin ditu ELAko enpresa horretako bi ordezkariak

Sephorak kaleratu egin ditu ELAko enpresa horretako bi ordezkariak

Iazko otsailean hasitako grebari eusteagatik zigortu dituztela salatu du sindikatuak; Douglasek bi denda itxi nahi ditu, eta hamar langile bota.

Edurne Elizondo

Sephora multinazionalak urrats bat egin du aurrera, baina ez iazko otsailetik greban diren Iruñeko langileek nahi zuten norabidean: enpresak jakinarazi du ELAk etxe horretan dituen bi ordezkariak kaleratu egin dituela, protestari eusteagatik, hain zuzen ere. “Grebak enpresaren ekonomiari eta irudiari eragiten diela argudiatu du Sephorak”, salatu du ELA sindikatuak.

2020ko otsailaren 6tik, astean hiru egunez greba egiten ari dira Sephorako Iruñeko langileak. Hiru aldarrikapen nagusi jarri zituzten erdigunean, protesta hasi zutenean, eta hortxe jarraitzen dute hirurek: lan hitzarmen propio eta duin bat; soldatak hobetzea; eta behin-behinekotasuna eta ordutegien malgutasuna murriztea.

Enpresak, orain arte, ez du negoziatzeko urratsik egin. Alderantziz: uztailean, ELA salatu zuen, greba ustez legez kanpokoa zelako epaileak sindikatuaren alde egin zuen, eta joan den urtarrilean, berriz, hiru grebalari zigortu zituen, hamasei egunez, lanik eta soldatarik gabe. Zigor hori jaso zuten lan baldintzak salatzeko bideo bat egin eta zabaldu eta gero. Haietako bi dira orain kaleratu egin dituzten ELAko ordezkariak, hain zuzen ere.

Kaleratzeak salatu egin ditu ELAko zerbitzuetako arduradun Ainhoa Urkiak, eta enpresari exijitu dio atzera egin dezala. ELAko kideak garbi erran du sindikatuak mobilizazioei eusteko asmoa duela, eta prest dela auzitara jotzeko enpresak kanporatutako langileak berriz ere har ditzan. Langileok, oraingoz, nahiago izan dute hitza ez hartu.

Urkiak erantsi du ELA ari dela aztertzen bere esku dauden bideak eta tresnak Sephorako langileen “eskubideak babesteko eta defendatzeko”.

Kaleratzeak Douglasen

Sephorako langileak lan hitzarmena lortzeko ari dira protestan, iaztik. Douglas lurrin dendetakoek, berriz, enpresak mahai gainean jarri duen enplegua erregulatzeko espedientea bazter dezan egin dute bi eguneko greba, azken asteotan. Espainiako Estatuan, 600 langile inguru kaleratu nahi ditu Douglas enpresak. Euskal Herrian, zortzi denda itxi nahi ditu; haietako bi, zehazki, Nafarroan. “Hamar langile inguru kaleratu nahi dituzte”, salatu du Ainhoa Urkiak.

Kaleratzeak egiteko “aitzakia” da enpresak bere zerbitzua online eskaintzeko agertu duen asmoa, ELAko zerbitzuetako arduradunak azaldu duenez. Pandemiak eragindako osasun krisian salerosketa birtualen aldeko apustua egin nahi du enpresak, eta, ondorioz, zenbait denda ixtea erabaki du. “Nafarroan, Uharteko Itaroan eta Iruñeko Gartzia Naiarakoaren pasealekuan daudenak itxi nahi dituzte, zehazki”, erran du Urkiak.

ELAko kideak jakinarazi du enpresak, oraingoz, ez duela negoziatzeko urratsik egin. Hori ikusirik, sindikatuak eskatu du dendak ixtearen ondorioz lanik gabe gelditzen ahal diren langileak bertze dendetan kokatzea, edo, bertzela, enpresak hasi nahi duen digitalizazio prozesuan sortuko diren lanpostuetarako trebatzea.

“Pandemiak agerian utzi du gero eta enpresa gehiagok eginen dutela digitalizazioaren aldeko bide hori; lanpostu berriak sortuko dira, baina dendetan ari direnen bizkar. Lan handia bada egiteko, arrisku horri aurre egiteko, eta lanpostu gehiago ez suntsitzeko, eta sor daitezkeen postu berrien baldintzak zaintzeko”, ohartarazi du Urkiak.

Lan hitzarmena lortzeko gatazka da Sephorakoa; egin nahi dituzten kaleratzeen kontrakoa, berriz, Douglasekoa. Bi enpresetako egoerak agerian utzi du, halere, sektorea “erabat feminizatua” dagoela, eta prekaritateak “gogor” jotzen duela, gainera. Horixe nabarmendu eta salatu du ELAko kideak. Sektorean ari diren langileak protestari eusteko prest eta indarrez direla berretsi du. “Bada zer borrokatu”.

 

Garbitzaileak karrikara atera dira genero desberdinkeriaren aurka

E. Elizondo

Garbiketako enpresetako langileek elkarretaratze batera deitu dute, hilaren 24rako, Iruñeko CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen egoitzaren aurrean. Hilaren 11n, batzarra eta manifestazioa egin zuten garbitzaileek, lan hitzarmena berritzeko bidean urratsak egiteko asmoz. Izan ere, otsailaren 4tik, patronalak ez du sindikatuekin negoziatu nahi izan. “Mahaitik altxatu ziren egun hartan”, nabarmendu du LABeko ordezkari Yolanda Forcelledok. Garbiketakoa sektore “erabat feminizatua” dela erantsi, eta gertatzen den “genero desberdinkeria” salatu du.

Hain zuzen, garbitzaileen %80 emakumeak direla azaldu du Forcelledok, eta haietako %90 ari direla lanaldi partzialekin lanean. “Batzuek lau enpresarentzat egin behar dute lan, asteko 40 orduko lanaldia osatu ahal izateko”. Sektoreko lanaldi osoetan gizonak ari direla gaineratu du.

Grebarako prest

Sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek CCOO, LAB, ELA, UGT eta Solidari bat egin dute garbitzaileak mobilizatzen hasteko. Hilaren 24ko protestak ez badu lortzen patronalak urrats bat egitea aurrera, langileak prest dira apirilean grebara deitzeko.