Iritzia: Poliki

Iritzia: Poliki

Amets Aranguren Arrieta

Oroitzapenez bizi naiz, ezin dut gehiago”, esan zidan lagun batek duela aste batzuk. Honakoa etorri zitzaidan orduan burura: oroimenak gauzak edertzen dituelakoan, geroan oroitu ahal izateko (ez dakit ba…). Eta hau dena (ez dakit dagoeneko nola egin erreferentzia pandemiari) uzten ari den zuloaren sakonerarekin hasi nintzen pentsatzen. Zenbat paper zuri hamabi hilabete hauetan lumarik izan ez dutenen eskuetan.

Ez dut ongi gogoan zein zen nire egunerokotasuna duela urtebetetik atzera, edo, hobeto esanda, ez dut ongi gogoan zein zen nire asteburukotasuna. Baina badakit beste bat nintzela (dramatismorik gabe, e, zentzu batzuetan bakarrik). Aldi berean, urtebete pasatu zait begiak itxi eta irekitzearekin batera, eta konturatu naiz: azkar doa bizitza, bai. Ala hogeita piko urtetatik aurrera omen dagoen denboraren azkartze hori izanen da?

Honek denak eragindako gauza txarrak alde batera utzita, eman didanari erreparatu diot azkenaldian (ez, lasai, ez nau pertsona hobea egin). Ikasi dut agian dena ezin dela arrazionalki kontrolatu, baina deskontrol hori kontrolpean izan daitekeela. Ezagutu ditut edertasunaren eta zoriontasunaren mila aurpegi. Nola beti den ederragoa bidea helmuga baino, zenbat betetzen gaituen gehiago emateak jasotzeak baino, zenbateraino poztu zaitzakeen eta eman diezazukeen min kantu berak, eskua eskatzeko zein inportantea den besoa emateko prest egotea eta erabakiak benetan hartzen direla edo ez, baina ez direla ez onak ez txarrak. Edo biak direla aldi berean.

Konformatzen ikasi dut, eta konformatze horretan pozik egoten. Kasik berdin zait ostegun eguerdia ala igande iluntzea den (norbaiti hori entzun izan diodanetan ez dut sinetsi izan, ez nuen uste hori benetan existitzen zenik, baina ematen du baietz). Poliki bizitzen ikasi dudala esanen nuke. Badakit zer egonen zareten pentsatzen batzuk, eta bai, honekin ematen du 67 urte ditudala (lasai, batzuetan bakarrik da). Egia da amatxitzen hasia nintzela lehenagotik ere, baina honek azkartu du prozesua, honek erabat amatxitu nau. Zer eginen diogu, bada? Agian, hau dena gazte bizitzen ari garenok alderantziz eginen dugu bizitza eta 82 urterekin elkartuko gara gure auzoko izkinaren batean hirurendako lau botila patxaran eskutan.

Pandemiak gure zaurgarritasuna modu bortitzean azaleratu duela aipatzen du Maria Arnal abeslariak. Eta zaurgarritasun horretatik iristen da zuzenekoetan bere entzuleriarengana, detailerik txikiena ere zainduz. Edertasuna ekartzen du horrek. Eta edertasunak zoriontasuna. Eta ematen du horrekin nahikoa dela, hor baino babestuago ez garela inon. “Qué falsa invulnerabilidad la felicidad“, utzi zuen idatzita Ana Maria Moixek, eta arrazoi. Baina bai, lagunok, zoriontasunetik harago bada edertasunik, eta bidean poliki ibilita, are gehiago.

Azkar doa bizitza, bizi dezagun ba poliki.