Motxila hartu behar ez izateko

Motxila hartu behar ez izateko

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadi Valentziako Picassent herriko espetxean jaio zen, 2019ko urtarrilean. Hiru urterekin kartzelatik atera beharko du. Madrilen dago orain, gurasoekin. Iazko martxotik ezin izan da karrikara atera.

Edurne Elizondo

Hunkitu egin dira ikusleak, eta hunkitu dira antolatzaileak ere. Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kide Itxaso Torregrosari behin baino gehiagotan egin diote ihes malkoek, hitza hartu duenean. Burlatako kultur etxean mintzatu da, plataformak egindako Izadi. Espetxean jaiotako atzera kontaketa izenburuko dokumentala aurkeztu eta gero.

Izadiren errealitateak hunkitu eta ukitu egin ditu Burlatan elkartutakoak. Kartzelan jaiotako ume bat da, eta zigor biziki gordina betetzen ari da. Koronabirusak eragindako pandemiak are latzago bilakatu du umearen egunerokoa: iazko martxotik karrikara atera gabe dago haurra; iazko otsailetik, berriz, aurrez aurreko bisitarik izan gabe. Gurasoenak dira hartzen duten beso bakarrak.

2019ko urtarrilaren 23an jaio zen Izadi, Valentziako (Herrialde Katalanak) Picassent herriko espetxean. Maria Lizarraga du ama, Burlatakoa, eta Iñigo Gutierrez aita, Algortakoa (Bizkaia); biak, euskal presoak dira. 2008tik aurrera daude biak espetxean. Iaz, pandemiak eztanda egin eta gero, Madrilgo Aranjuezko espetxera mugitu zituzten hirurak, han baitago egun ama diren presoentzako modulua duen kartzela bakarra. “Ama eta alaba elkarrekin egon dira beti; aita, ordea, hilabete luzez egon da alaba ikusi gabe”, azaldu du Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kide Oihana Torregrosak.

Nabarmendu du sistemak ukatu diola haurrari bi gurasoekin egoteko aukera, denbora luzez; hau da, haurraren eskubideak bazter utzi dituztela espetxeen ardura duten erakundeek. Izan ere, Aranjuezen badute familientzako modulua, baina iazko azaroaren 30era arte ez zituzten Izadi eta bere gurasoak han elkartu. “Umearen eskubideak eta ongizatea lehentasuntzat” hartzeko beharra berretsi du Torregrosak.

“Are gogorragoa”

Burlatako eta Algortako zenbait herritarrek sortu dute Izadi Gurasoekin Etxera plataforma. Xede nagusitzat hartu dute haurra ez dadila bilakatu motxiladun ume, ez dezatela gurasoengandik urrundu; ez ditzatela gurasoak haurrarengandik urrundu. Helburu hori lortzeko denbora mugatua dute, atzerako kontaketa bat hasi zelako Izadi jaio zenean, dokumentalaren izenak garbi azaltzen duenez.

Izan ere, espetxean jaiotako haurrek handik atera behar dute, derrigorrez, 3 urte betetzen dituztenean. Orduan, beraz, hiru urtez ezagutu duten inguru eta errealitate bakarra atzean utzi behar dute, eta ezagutzen ez duten esparru berri batera mugitu.

“Prozesu hori gogorra da, berez; are gehiago orain, pandemiaren ondorioz”, azaldu du Oihana Torregrosak. Espetxean jaiotako umeak sei hilabete betetzen dituenean, egokitzapen prozesu bat egiten hasten da, kartzelako pareten bertzaldekoa eta bertzaldekoak ezagutzeko. Izadik prozesu hori egiten hasteko aukera izan zuen, baina burutu baino lehen lehertu zen osasun krisia. “Ondorioz, okerrera egin du haren egoerak. Egokitzeko urratsak egiten dituzte haurrek, hasieran zenbait orduz eta gero zenbait egunez kartzelatik ateratzeko. Baina espetxetik kanpoko mundua ezagutzen hasi, eta berriz ere barrura sartu dute Izadi, ateratzeko aukerarik gabe”, salatu du Oihana Torregrosak. Zehaztu du, berez, karrikara ateratzeko aukera baduela, gurasoek baimendutako norbaitekin: “Kontua da kalean lau orduz egoteko gero itzultzean hamar egunez egon beharko lukeela ziegan itxita”.

Familia moduluak hemen

Egun, Izadi da gurasoekin espetxean dagoen euskal presoren baten haur bakarra. Martxoaren 8an, Beatriz Etxebarria eta Iñigo Zapirain euskal presoen alaba Irati Zapirain Etxeberria atera zen Aranjuezko espetxetik, 3 urte betetzean. Burlatan eta Algortan sortutako plataformak Izadiren ongizatea du lehentasun, baina kideek garbi utzi dute xede dutela Lizarragaren eta Gutierrezen alabaren bidea ezein haurrek egin behar ez izatea. Gutxienez, espetxean jaiotako haurren bidea hain aldapan gorakoa ez izatea lortu nahi dute plataformakoek, eta, horretarako, “ezinbertzekotzat” jo dute Euskal Herriko espetxeren batean familientzako modulu bat sortzea. “Umeak, behintzat, egon daitezela gero bizitoki izanen duten ingurutik hurbil”, erran du Itxaso Torregrosak.

Bertzela, “preso direnen lagunen eta senideen gaineko zigorra” gogortu egiten da, sakabanaketaren ondorioz. Izadiri buruzko dokumentalean haurraren aitona-amonek hartu dute hitza —Amparo Merino eta Joaquin Lizarraga dira Maria Lizarragaren gurasoak; Rosa Carrillo da Iñigo Gutierrezen ama. Iñigoren aita Jose Ignacio Gutierrez maiatzean hil zen—, eta azaldu dute Madrilen etxebizitza bat alokatu behar izan zutela, haurra espetxetik at ongi artatzeko.

Ez da hori gogorrena, erran dutenez. Bilobaren ongizateak kezkatzen ditu, hormigoizko paretek inguratuta egoteak eragiten ahal dion kalteak. Etxean nahi dute, gurasoekin. “Legez bada aukera; borondatea behar da”, oroitarazi du Oihana Torregrosak.

 

Zaintza lanaren ardura eta zama

Espetxeaz mintzatu dira Ikerne Indakoetxea, Xochitl Karasatorre eta Maite Laborda, nor bere ikuspuntutik. Emakumeek barruan eta kanpoan betetzen duten «funtsezko» rolaz hitz egin dute.

E. Elizondo

Hiru emakume, eta espetxeari buruzko hiru ikuspuntu: preso ohia da Ikerne Indakoetxea; Xochitl Karasatorre motxiladun ume bilakatu zen 7 urte zituela bere aita atxilotu zutenean; maite Labordak, berriz, bi seme ditu espetxean. Ernaik Atarrabiako kultur etxean antolatutako mahai inguruan hartu dute hitza hirurek, eta nabarmendu dute emakumeek “funtsezko” rola betetzen dutela zaintzaren esparruan, eta, are gehiago, zaindu beharrekoa preso dagoenean.

“Amarengatik ez balitz, argi dut nire hiru urteko espetxealdia askoz ere gogorragoa izanen litzatekeela”, erran du Indakoetxeak. Karasatorrek azaldu du aita espetxean egoteak guraso bakar bilakatu zuela bere ama, “espetxe barrukoa eta kanpokoak artatzeko lanarekin”. Labordak, berriz, semeak ikusteko bidaietako errealitatea jarri du mahai gainean: “Gehienak emakumeak gara”.

Indakoetxea 2003ko udazkenean atxilotu zuten; hiru urtez egon zen espetxean —Avilakoan (Espainia) eta Madrilgo Alcala Mecon eta Soto del Realen—, 2006ko udan baldintzapean aske utzi zuten arte. 2009an epaitu zuten, ETAko kide izatea egotzita. 2010eko maiatzeko sententziak absolbitu egin zuen.

Epaileen ebazpenak ez zuen atxiloketak eta espetxeak utzitako arrastoa ezabatu, ordea. Torturatu egin zutela oroitarazi du Indakoetxeak, eta egoera horri aurre egiteko “oso garrantzitsutzat” jo du bertze emakumeen babesa jaso izana: “Kartzelan, elkar zaintzen genuen kideok; asko hitz egin genuen egin zigutenaz, sentitu ginen moduaz”.

“Erru sentimendua”

Xochitl Karasatorrek 27 urte ditu, eta azken hogeiak eman ditu aita bisitatzeko bidaia luzeak egiten. Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrezen alaba Izadi aipatu du, behin baino gehiagotan, eta “haurrak erdigunean” jartzeko beharra nabarmendu du.

Egun, guraso diren 93 euskal preso daude; haietako hamabost baino ez dira emakumeak. Espetxetik at haurrak zaintzen ari direnen artean, berriz, %85 emakumeak dira: “Haien gain dago etxekoak eta kartzelakoak zaintzeko arduraren zama”.

Karasatorrek “ontzat” jo du Motxiladun ume izena sortu izana, “ezkutuan zegoen errealitate bat azaleratu” duelako. “Ni txikia nintzeneko garaian ez genituen gure sentimenduak partekatzen, eta errudun sentitzen ginen asteburu osoa bidaiatzen eman nahi ez genuelako. Orain, haurrek badakite ez direla bakarrak, eta zilegi dela bidaia egiteko gogorik ez izatea”, nabarmendu du Karasatorrek.

Frantziako eta Espainiako estatuetako zortzi espetxetan izan da Karasatorreren aita. Orain, Castellon dago (Herrialde Katalanak), El Duesokora (Kantabria, Espainia) noiz mugituko. Lortzen duenean, etxetik 200 kilometrora izanen da. “Pozik gara, sakabanaketa zein neurritan normalizatu dugun seinale”.

Sakabanaketak Galiziara, Murtziara eta Granadara (Espainia) eraman izan du Maite Laborda, semeak bisitatzera. “Orain, zorionez, elkarrekin daude Logroñon [Espainia]”. 2002ko atxiloketaren uneak oroitu ditu, “semeak torturatuko zituztela jakiteak” eragindako mina. Eta, halere, haiengatik “aurrera egiteko indarra” izan duela erran du.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku