Espetxeaz mintzatu dira Ikerne Indakoetxea, Xochitl Karasatorre eta Maite Laborda, nor bere ikuspuntutik. Emakumeek barruan eta kanpoan betetzen duten «funtsezko» rolaz hitz egin dute.
E. Elizondo
Hiru emakume, eta espetxeari buruzko hiru ikuspuntu: preso ohia da Ikerne Indakoetxea; Xochitl Karasatorre motxiladun ume bilakatu zen 7 urte zituela bere aita atxilotu zutenean; maite Labordak, berriz, bi seme ditu espetxean. Ernaik Atarrabiako kultur etxean antolatutako mahai inguruan hartu dute hitza hirurek, eta nabarmendu dute emakumeek “funtsezko” rola betetzen dutela zaintzaren esparruan, eta, are gehiago, zaindu beharrekoa preso dagoenean.
“Amarengatik ez balitz, argi dut nire hiru urteko espetxealdia askoz ere gogorragoa izanen litzatekeela”, erran du Indakoetxeak. Karasatorrek azaldu du aita espetxean egoteak guraso bakar bilakatu zuela bere ama, “espetxe barrukoa eta kanpokoak artatzeko lanarekin”. Labordak, berriz, semeak ikusteko bidaietako errealitatea jarri du mahai gainean: “Gehienak emakumeak gara”.
Indakoetxea 2003ko udazkenean atxilotu zuten; hiru urtez egon zen espetxean —Avilakoan (Espainia) eta Madrilgo Alcala Mecon eta Soto del Realen—, 2006ko udan baldintzapean aske utzi zuten arte. 2009an epaitu zuten, ETAko kide izatea egotzita. 2010eko maiatzeko sententziak absolbitu egin zuen.
Epaileen ebazpenak ez zuen atxiloketak eta espetxeak utzitako arrastoa ezabatu, ordea. Torturatu egin zutela oroitarazi du Indakoetxeak, eta egoera horri aurre egiteko “oso garrantzitsutzat” jo du bertze emakumeen babesa jaso izana: “Kartzelan, elkar zaintzen genuen kideok; asko hitz egin genuen egin zigutenaz, sentitu ginen moduaz”.
“Erru sentimendua”
Xochitl Karasatorrek 27 urte ditu, eta azken hogeiak eman ditu aita bisitatzeko bidaia luzeak egiten. Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrezen alaba Izadi aipatu du, behin baino gehiagotan, eta “haurrak erdigunean” jartzeko beharra nabarmendu du.
Egun, guraso diren 93 euskal preso daude; haietako hamabost baino ez dira emakumeak. Espetxetik at haurrak zaintzen ari direnen artean, berriz, %85 emakumeak dira: “Haien gain dago etxekoak eta kartzelakoak zaintzeko arduraren zama”.
Karasatorrek “ontzat” jo du Motxiladun ume izena sortu izana, “ezkutuan zegoen errealitate bat azaleratu” duelako. “Ni txikia nintzeneko garaian ez genituen gure sentimenduak partekatzen, eta errudun sentitzen ginen asteburu osoa bidaiatzen eman nahi ez genuelako. Orain, haurrek badakite ez direla bakarrak, eta zilegi dela bidaia egiteko gogorik ez izatea”, nabarmendu du Karasatorrek.
Frantziako eta Espainiako estatuetako zortzi espetxetan izan da Karasatorreren aita. Orain, Castellon dago (Herrialde Katalanak), El Duesokora (Kantabria, Espainia) noiz mugituko. Lortzen duenean, etxetik 200 kilometrora izanen da. “Pozik gara, sakabanaketa zein neurritan normalizatu dugun seinale”.
Sakabanaketak Galiziara, Murtziara eta Granadara (Espainia) eraman izan du Maite Laborda, semeak bisitatzera. “Orain, zorionez, elkarrekin daude Logroñon [Espainia]”. 2002ko atxiloketaren uneak oroitu ditu, “semeak torturatuko zituztela jakiteak” eragindako mina. Eta, halere, haiengatik “aurrera egiteko indarra” izan duela erran du.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku