Irakasgai guziak aniztasunari

Irakasgai guziak aniztasunari

Sarrigurengo institutuak aniztasuna, ekologia eta memoria historikoa lantzeko proiektu transbertsal bat osatu du. Tailerrekin eta hitzaldiekin borobildu dute asteon.

Iker Tubia

Sumatu da ez dela ohiko eskola egun bat. Sumatu da ez dela ohiko heziketa proiektu bat. Ikasle batzuk kalean ari dira batetik bestera bizikleta gainean ginkanaren pistei jarraikiz. Beste batzuk eskuak lanean jarrita, tailerretan eskatzen zaiena zintzo demonio betetzen. Eta, irakasleez gain, agertu dira institututik kanpoko pertsonak: hizlariak eta kazetariak. Astelehenetik asteazkenera egun bereziak izan dituzte Sarrigurengo institutuan; urtarriletik aurrera zenbait balio sozial lantzen aritu dira, ezohiko moldean, eta proiektuak behar zuen dena borobilduko zuen jarduna.

Aniztasuna lantzeko proiektua da Sarrigurenen martxan jarri dutena. Institutu berria da, eta iaz ziren hastekoak, baina COVID-19aren pandemiak bertan behera utzi zuen asmoa. Aurten bai, aurten ekin diote, eta asteon amaitu dute, hitzaldiak, jokoak, txangoak eta tailerrak eginez. Proiektu osoa da, eta transbertsala. Hau da, gaiak irakasgai guzietan lantzen dira. Lehendabiziko mailakoek ingurumenaren babesa landu dute; bigarrenekoek, aniztasuna funtzionala, sexuala eta kulturala; eta hirugarrenekoek, memoria historikoa. Hiru eguneko jarduerekin egin dute jarduna aste honetan.

“Proiektuka lan egiten dugu, eta inklusioa ahalik eta gehien bermatzen saiatzen gara”, esan du Pablo Horkada institutuko ikasketaburuak, egitasmoaren nondik norakoak azaltzean. “Horregatik, desgaitasuna duten ikasleak ez daude gela berezi batean, nahiz eta lan guztiak egokituak izan. Sozializazioa da garrantzitsuena. Hortik sortu zen aniztasuna lantzeko ideia”. Hortik abiatuta, azkenean hiru gai nagusiak bereizi zituzten.

Horkadak behin eta berriro azpimarratu du ez dela irakasgai bateko kontua edo lanketa bakan bat: modu transbertsalean aritzen dira, irakasgai guziak ekologismoaren, aniztasunaren edo memoria historikoaren zerbitzura jarrita. Adibidez, memoria historikoaren gaia poesiaren eta antzerkiaren bidez landu dute euskaran eta gaztelanian, emakumeek frankismo garaian jasandakoa etikan, ginkana batekin gorputz heziketan, gaiari lotutako kantekin musikan, eta Gernika koadroaren mosaikoa eginez plastikan. “Guztiari batasuna eman nahi genion, ikusteko irakasgaiek harremana dutela beren artean”.

Aste honetako hiru eskola egunetan, beraz, ez zituzten ohiko eskolak izan. “Hiruhilekoa bukatuta, oporrak baino lehen, garrantzitsua zen eskolak eten eta landu ditugun kontu horiei bukaera ematea”, azaldu du Horkadak. “Opera prima” izan da, lehendabiziko aldia dutelako. Emaitzak aurrerago aztertu beharko dituztela nabarmendu du Horkadak. “Ezin dugu iparra galdu: badakigu nerabeekin ari garela, eta batzuentzat, agian, ez da oso baliagarria izanen, eta beste batzuentzat bai, baina gure helburua da ikasle horien buruan hazitxo bat ipintzea. Ikusiko dugu urte batzuetara loratuko diren edo ez, baina garrantzitsua da ideia horiek jorratzea”.

Astelehenean aztoraturik ziren Sarrigurengo ikasleak. Aztoraturik, baina kontent. Hori aise sumatu zitekeen korridore berdeetan barrena. DBHko lehen mailako talde bat labe bat egiten ari zen, hamaiketakoan hartuko zuten ogitartekoa berotzeko gai dena. Ondoko gelan, adin bereko beste talde bat bizikletak nola konpondu ikasten ari zen buru-belarri. Talde txikietan, gustura, solasean, baina gelditu gabe. Jolastokira atera zen taldea sua egiten saiatzen ari zen. “Lortuko dugu”, zioen irakasleak, seguru. Beste solairu batean argizari beroa oihal pusketan zabaldu berria zuten, eta plantxa gainetik pasatzeko esperoan, banaka baizik ezin zelako egin. Bocanroll bat egiten ari ziren, aurrerantzean zilarrezko papera albo batera utzi eta ogitartekoa oihal horretan gordetzeko.

Ikasleei, zuzenean

Eguneko azken hitzaldia Fatima Djarra eta Abby Watt Flor de Africa elkarteko kideek eman zuten. “Guretzat oso garrantzitsua da gazteak sentsibilizatzea gaia ezagutu dezaten eta beren kideak ez ditzaten diskriminatu”, azaldu zuen Djarrak, hitzaldiaren aurretik. Batik bat, Watt arduratu zen azalpenez, gazteek adi-adi begiratzen zutela. “Zer da emakumeen genitalen mutilazioa?”, galdetu zien. “Neskei egiten zaien praktika bat, birjintasuna gal ez dezaten?”, erantzun zuen, berehala, neska batek: “Ez dakit”. “Bai, hori da motiboetako bat”, baieztatu zion hizlariak.

Azalpenak etorri ziren ondoren, eta datuak: munduan 200 milioi emakumeri erauzi diotela klitoria. Eta, azkenik, galdera bat bota zien guziei: “Zer egin dezakezue zuek?”. Zerbitzu sozialei edo Poliziari deitu, bururatu zitzaien ikasleei. “Eta zuei gertatuz gero?”, beste galdera bat. “Ihes egin”, bota zuen baten batek. Ikaskide bati genitalak erauzi nahi dizkiotela jakitekotan, irakasleengana jotzeko aholkatu zien. Eta irakasleei ere esan zien laguntzeko daudela, adibidez, haien elkartea eta Munduko Medikuak elkartea. Argi mintzatu zitzaien guziei: “Zuek ere eginkizun garrantzitsua izan dezakezue”.