Maite Hernandez, Unai Beroiz eta Ivan Benitez fotokazetari nafarrek arrazakeriaren aurkako mezu garbi bat zabaldu dute, Nafarroako Gobernuak antolatutako mahai inguru batean. Migrazio prozesuei egin diete so beren lanen bidez: Siriakoari, Mediterraneokoari eta AEBetakoari, bertzeak bertze.
Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernuak antolatu du mahai ingurua, Kazetaritza arrazakeriaren aurka izenburupean. Maite Hernandez, Unai Beroiz eta Ivan Benitez fotokazetari nafarrek hartu dute parte, eta mezu nagusi bat jarri nahi izan dute mahai gainean: munduan gertatzen dena azaltzeaz gain, gertatzen den hori zerk eragin duen jakitea ere “ezinbertzekoa” dela. Mundua izan daiteke Siria, Mediterraneo itsasoa, Ameriketako Estatu Batuak edo Iruñeko Arrotxapea auzoa. Toki horietan guztietan egin dute lan Hernandezek, Beroizek eta Benitezek, bertzeak bertze. Migratzaileen errealitateari egin diote so, haren atzekoak azaleratzeko.
Hiru fotokazetari zuri
Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak antolatuta egin da, zehazki, arrazakeriari aurre egiteko kazetaritzak zer rol bete dezakeen jorratu duen mahai ingurua. Javier Dominguez kazetariak gidatu du, eta Maite Hernandezek egindako gogoeta bat jarri nahi izan du erdigunean, bertze deus lantzen hasi baino lehen: hiru pertsona zurik hartu dutela hitza arrazakeriaz hitz egiteko.
Gogoeta horri eutsi dio Hernandezek mahai inguruan: “Segur aski, hemen [Iruñeko Kondestablearen jauregian] bat egin dugun guztiok uste dugu ez garela arrazistak. Kontua da, ordea, arrazakeria pertsona zehatz baten kontrako gorrotozko ekintza bat baino anitzez ere gehiago dela. Arrazakeriak zerikusi zuzena du botere egoera eta harremanekin, eta bazterketarekin”, nabarmendu du. Gehiago erran du: “Arrazakeriaz ari gara mintzatzen, arrazakeria sufritzen dutenak ekarri gabe”.
Migratzaileen bideak
Maite Hernandezek Ameriketako Estatu Batuetan eman du azken hamarkada, eta, bertzeak bertze, CNN eta The New York Times hedabideetan argitaratu ditu bere lanak. Bereziki, komunitate latinoamerikarrei egin die so. “AEBetan paperik ez duten 11 milioi pertsona daude. Lan egiten dute; zergak ordaintzen dituzte, baina ez dute inolako onura sozialik jasotzen. Baimendutako arrazakeria instituzionala da”.
New Yorken ezagututako bi migratzaileren istorioak ekarri ditu gogora, pertsona anitzen egunerokoa islatzeko asmoz. “Beren argiak eta ilunak”. Angelo Cabrerarena da bat. Mexikon jaioa da, eta paperik gabe ailegatu zen AEBetara. Supermerkatu bateko sotoan izan zuten zenbait urtez, “esklabo baten gisa lanean”. Ikasketak burutzea lortu, eta unibertsitatean lanpostu bat eskaini zioten: “Mexikora itzuli zen, familia 23 urtez ikusi gabe egon eta gero, baina ukatu egin zioten itzultzeko baimena. Bi urtez gelditu behar izan zuen Mexikon”. Hernandezek argitaratutako argazkiek lagundu zuten Cabreraren aldeko kanpaina pizten, AEBetatik Mexikora lagundu baitzuen. Itzultzea lortu, eta irakasle ari da lanean AEBetan egun.
Bertze istorioa David Gonzalezena da –goiko irudian ageri dena–, Dominikar Errepublikakoa. New Yorkeko eliza zahar batean bizi da, eta eraikuntzan egiten du lan. “Dena utzi du, sorterrian duen familiarentzat dirua lortzeko, seme-alabei ikasteko aukera eskaintzeko”. Dena egiten du haientzat, baina haiekin egon gabe. “Dominikar Errepublikara joan nintzen haren familia ezagutzera. Alaba medikua da; semeak ere ari dira ikasten. Negarrez hasi ziren lehen aldiz aita bideo dei baten bidez ikusi ahal izan zutenean”.
Mexiko eta AEBen arteko mugan bat egiten duten migratzaileak harrapatu izan ditu Ivan Benitezek bere kameraren bidez. Azken urteotan, halere, Siria izan du helmuga, zenbait aldiz. 2008an joan zen lehenengoz, Libanoko errefuxiatuentzako kanpaleku batean Sirian zauritutako bi anaia ezagutu eta
gero. Damaskoko Ghuta auzokoak ziren, eta harat joan zen Benitez, 2008an, haurrek atzean utzi zutenaren bila. 2018an eta 2020an berriz egon da. “Suntsitutako herri bat da Siria; XXI. mendeko giza tragedia nagusia ari da gertatzen han”. Eta gerraren erdian, halere, biziak aurrera egiten du: “Horrek harritu nau gehien; ama bat haurrak eskolatik jasotzen ikusteak, adibidez, hondatutako eraikinen artean”.
Hondatutako eraikinak, eta hondatutako pertsonak. Bai Sirian, bai eta Mediterraneo itsasoaren erdian ere. Hondatutako eta hondoratutako milaka pertsona. Grezian egon zen Unai Beroiz duela zenbait urte, Siriatik ihes egindakoek betetako txalupei so; joan den urtarrilean, berriz, Itsas Salbamendu Humanitarioaren Aita Mari ontzian izan zen. Otsailaren 19an, txalupa bateko migratzaileak erreskatatu zituen gobernuz kanpoko erakundeak: 112 pertsona
zeuden barruan. “Somaliatik ihes egindako gazteak ziren gehienak”, azaldu du Beroizek. Haietako bat zen Mohammed goiko irudian ageri dena: “Hitz egin gabe ibiltzen zen ontziaren alde batetik bestera, begirada galduta; besteek kontatu ziguten Libian egin ziotenaren ondorioz zegoela egoera horretan”.
Irudiak eta testuingurua
Mahai inguruko gidari Javier Dominguezek 2015eko irailean mundu osoan zabaldu ziren Aylan Kurdiren argazkiak 3 urteko ume kurduaren gorpu hila Turkiako kostaldean jarri ditu erdigunean; galdera zuzena egin die fotokazetariei: “Egon behar dute halako irudiek hedabide guztietako azaletan?”.
“Bai, zalantzarik gabe”, erantzun du Beroizek: “Zaplasteko baten modukoak direlako gisa horretako argazkiak guztiontzat. Hori da gertatzen ari dena, eta erakutsi behar dugu”. Fotokazetariak uste du irudi horrek “bereziki” hunkitu zituela herritarrak, haurra zuria zelako, eta mendebaldeko arropekin jantzita zegoelako. “Beltza izan balitz, ez zukeen jaso izanen lortu zuen oihartzuna”. Izan ere, Beroizek saminez salatu du Europa ohitu egin dela “beltzak hiltzen ikustera”.
Benitezek ez du garbi: “Argazki horiek erakutsi behar ditugu, bai, baina haien atzean zer dagoen kontatuta; azaldu behar dugu zerk bultzatu duen haur horren familia ihes egitera”. Pandemiagatik hildako gizon bat galtzontzillotan erakusten zuen bertze argazki bat ekarri du gogora Benitezek, eta garbi erran du: “Arrazakeria hutsa da hori”, gizon zuri europar batekin ez luketelako halakorik eginen.
Sare sozialen eragina aipatu du Maite Hernandezek: “Irudiz inguratuta bizi gara; inoiz baino beharrezkoagoa da egiten ditugun argazkiei dagokien testuingurua ematea”. Denbora behar izaten da horretarako: “Freelance moduan ari garenok izaten dugu denbora, baina dirurik ez; argazkiek ez dute balio gero hedabideek zabaltzen ez badituzte”.
Errealitatea erakusteko eta bidegabekeriak salatzeko beharra berretsi du Beroizek, eta kamera duela hori egiteko tresna nagusi. Kamerarekin mundua azaltzeko, “jatorrira” jo behar dela erantsi du. Eta, bertzeak bertze, agerian utzi du Europako agintariek duten ardura. Hondurasko soldatzaile bat oroitarazi du Benitezek azaleko argazkian harresia gurutzatzen saiatzen ari dena: “Honduras husten ari da, herriko baliabideak nahi dituzten multinazionalen mesederako”. Botere harremanak, erdigunean; AEBetan edo Sirian bezala, baita Nafarroan ere.