Mejoranak salatu du iaz Nafarroan gora egin zuela ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan ohera lotutakoen kopuruak. Kideek beren esperientzia kontatu dute.
Edurne Elizondo
Ni ohe batera lotu egin naute”. Esaldi hori errepikatu dute Sandro Iabonik, Manuel Vazquezek eta Eva Roncerok. Hirurak dira Mejorana elkarteko kide, eta elkarte bakarra da Nafarroan dibertsitate mentala duten eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonek osatua. Jendaurrean agertu dira, gogor salatzeko Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jasotako datuek agerian utzi duten errealitatea: ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan gora egin duela ohera lotu dituzten erabiltzaileen kopuruak.
2020. urtean 934 ospitaleratze izan ziren unitate horietan, eta ospitaleratutako erabiltzaileetatik 213 ohera lotu zituzten. Pertsona horietako batzuk behin baino gehiagotan lotu zituzten, gainera. Denera, ondorioz, 340 aldiz lotu zuten norbait ospitaleratze psikiatrikoko unitateotan: %36,4, alegia; 2019an baino %6 gehiago.
Osasunaren Mundu Erakundeak “torturatzat” du osasun mentaleko zerbitzuetan pertsona bat ohera lotzea. Eta “torturatu” egin dituztela berretsi dute Iabonik, Vazquezek eta Roncerok. Erabiltzaileak ohera lotzeko bi modu daudela azaldu dute: hiru puntukoa deitzen zaio bati, pertsona bi eskumuturretatik eta bularretik lotzen duelako; bostekoa da bertzea: hirukoaren berdina, baina bi orkatilak ere lotuta.
“Zenbait orduz edo egunez lotzen ahal zaituzte; gainean egiten duzu dena, eta ez duzu inorekin hitz egiteko aukerarik. Sudurrean azkura baduzu hatz ere ezin duzu egin”, erran du Iabonik. “Jendeak ez daki hori zer den, baina oraintxe bertan, Nafarroan, bada norbait ohera lotua”.
Helburuaz harago
Mejoranak gogor egin du lan azkeneko bost urteotan osasun sistemako ezein erabiltzaile ez dezaten ohera lotu. Mejoranaren ekimenez sortu zen Giza Eskubideen eta Buruko Osasunaren Plataforma herrialdean, eta denen artean lortu dute Nafarroako Buruko Osasunerako 2019-2023ko Planak helburu gisa jasotzea inor ez lotzea.
Xede hartutakoak egia bilakatzeko urratsik ez dela egin salatu dute Mejoranako kideek, ordea. Egungo Buruko Osasuneko Zuzendaritza Nagusiko kudeatzaileekin hitz egiteko aukera izan dutela nabarmendu dute, “harremana” badela, baina hitzez harago jotzea ez dutela lortu.
Azaldu dute espazioak egokitzeko eta profesionalak trebatzeko beharra badela, bertzeak bertze. Izan ere, erabiltzaileak ohera lotzen dituzte, anitzetan, “zigor gisa”. “Sistemak saldu nahi digu jarduera terapeutiko gisa, baina kontrakoa da, hain justu. Betiko markatzen zaituen zerbait da. Gainera, kasu anitzetan, psikiatra batek sinatutako agindua baliatzen dute unitateetako langileek erabiltzaileak zigortzeko”. Horixe salatu du Manuel Vazquezek, eta garbi utzi du Nafarroako Gobernuak emandako datuek ez dutela “errealitate osoa” islatzen. Izan ere, datu horiek Osasunbideko ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan gertatzen dena jasotzen dute; ez, ordea, egoitza pribatuetan egiten dutena. Mejoranako kideek “ziurtzat” eman dute horietan ere erabiltzaileak lotu egiten dituztela.
Adibide gisa aipatu dituzte Nafarroako Unibertsitatea Klinika, Aita Menni eta Olabeko Mentalia, eta gogor salatu dute, bereziki, azken horretan gertatzen dena. Egoitza horretan zaharrak hartzen dituzte solairu batean; bertze solairuan, berriz, buruko osasunarekin lotutako diagnostiko larri bat dutenak. “Garai bateko eroetxeen modukoa da”, erran du Iabonik.
Azaldu du 120 pertsona artatzeko psikologo bakarra dutela Mentalian, astean behin, eta psikiatra bakar bat ere ez dagoela. “Indarkeriazko giroa bada; eta indarkeria guk jasotzen dugu”, gaineratu du Manuel Vazquezek.
Estigma eta autoestigma
Ideia hori nabarmentzeko, datu bat aipatu du Vazquezek: “Delituen %3 baino ez dituzte egiten osasun mentaleko diagnostiko bat dutenek”. Gizarteak dibertsitate mentala duten eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonen inguruan garatu dituzten “aurreiritzien” ondorioz, baina, “estigma eta autoestigma” handia dago.
Estigma horiei aurre egiteko beharra nabarmendu dute Mejoranako kideek, eta horretarako erabaki dutela haiek beren esperientziak partekatzea. Pertsona erdigunean jarri behar dela erran, eta elkar laguntzeko taldeak “hagitz garrantzitsuak” direla erantsi dute. “Zure sufrimendu bera izan duenak ulertzen zaitu ongien”, adierazi dute.
“Giza eskubideak daude auzitan; ohera lotzeak eskubide horiek urratzen ditu”, berretsi du Eva Roncerok. “Aski da!”. Botiken bidez ere lotzen dela azaldu dute Mejorana elkarteko kideek, eta gisa horretako jarduerak “behingoz” bertan behera uzteko exijitu dute.
Datuak
340
ZENBATETAN LOTU DUTE
2020an 934 ospitaleratze izan ziren ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan Nafarroan, eta haietako 340 alditan erabiltzailea lotu zuten. 2018an, 1082 ospitaleratze izan ziren, eta 402tan lotu zuten norbait. 2019an, berriz, 967tik 297tan.
145
ZENBAT DIREN GIZONAK
2020an ospitaleratu eta lotu zituzten 213 pertsonetatik 145 ziren gizonezkoak; emakumezkoak, berriz, 68. Emakumeak gutxiagotan baina denbora luzeagoz lotzen dituztela nabarmendu dute Mejorana elkarteko ordezkariek.
37,3
ZENBAT URTE DUTEN
2020an lotutako erabiltzaileen batez besteko adina 37,3koa izan zen; emakumeen kasuan pixka bat gora egiten du adinak: 39,8. Gizonezkoen kasuan, 36,5ekoa da.