Olatz Azpirotz Larzabal
Beroa, udaberriko aitzakiarekin, ingurua lehortzeko saiakeretan dabil; ordea, bizitu egin gaitu. Gogoa eta argi-izpiak sumatzen ditugu zainetatik gora eta behera; kaba zainetatik bihotzera heldu zaizkigu. Gorputz erdira. Baita burmuinera ere. Serotonina. Sasoia zen.
Gure artean udaberriari ongi etorria ematea, den moduan dela, ohitura bat da. Aurten gauza gutxi egin ditzakegunez, ugariak izan dira jasotako mezuak. Zoriontasuna eta zortea opatzeko mezu horiek hiru hizkuntzetan jaso ditut: euskaraz, espainieraz eta frantsesez. Azken horri modu finean erantzuteko, itzultzailearen beharra izan dut. Maitasun eta gertutasun handia zeukaten esaldi gutxi batzuk. Kargatzen. 404 not found. Euskararen goxotasuna frantsesez ezin aurki daitekeela adierazi zidan ingeleseko erantzunak. 404 not found. Hertzainak-en “every day things are getting worse” esaldia buruan. Nire pazientzia eta indarrak ez nituen topatu momentu horretan. Ezinegona. Hainbat zalantza. Noraeza.
Nola erantzun euskaraz, euskara ikasteko eskubidea izan ez duen edo ezin izan duen horri; nola adierazi euskara ez dakien horri aipatu nahi nion lilia hitzak euskaraz Joseba Sarrionandiak idatzitako eta Mikel Laboak abestutako abesti eder bat daukala. Nola onartu momentu horretan berak erabilitako frantses hizkuntzak are gehiago aldendu zuela Sorhapürü (Nafarroa Beherea) Iruñetik. Ezinegona. 404 not found.
Nik euskaraz erantzun nahi nion, agian bere esku-ahurra gobernatzen zuten zimur horien artean gordeak zituen noizbait entzundako hitz berdin horiek. Agian, bere jakituriak zaindutako kobrezko kutxa baten barruan aurkitzen ziren nik berari esandako hitzak: lili polit, ekinozioa, laborantza, ilargia.
Kutxa horren giltza ezin topatu, eta argazki batzuen laguntzarekin hitzak euskaraz bidali nizkion. Argazkiak disko gogorrean bilatu behar izan nituen, Interneten argazki artifizialak aurkitu nituelako bakarrik. Orduan argi ikusi nuen: teknologiak ez du gure hizkuntza ezagutzen, errespetatzen eta lantzen. Teknologiarentzat euskara ezin daiteke aurkitu, edo, aurkitzekotan, artifiziala da. 404 not found.
Mezuek eta irudiek nik egin ezin ditudan 101 kilometroak egin zituzten. Erantzun gisa “arrosa bat” eta arrosa baten argazki bat jaso nituen. Oroitzapen kutxa ireki zuten liliak, ekinozioak, laborantzak eta ilargiak. Euskarak ireki zuen. Baliabideen laguntzarik ezaren aurrean, euskarak bide eman zion euskarari. Momentu horietako taupada indartzeak hizkuntzatik bizi behar nituen, eta bizi behar dira; hizkuntza osatzen duten organoak eta zainak gureak ere badirelako. Hizkuntzaren arnasguneak gure oxigeno ahokadak direlako.