“Gizarte langileen jarduna ezkutuan gelditu ohi da”

“Gizarte langileen jarduna ezkutuan gelditu ohi da”

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Urra Mariñelarena saritu du gizarte langile bezala egindako bideagatik. Pozik oroitu ditu emandako pausoak, baita lanbidearen garrantzia nabarmendu ere.

Uxue Rey Gorraiz

Martxoaren 16an da Gizarte Langilearen Nazioarteko eguna; aski ongi daki Juana Urra Mariñelarenak (Irurtzun, 1956). Egunaren harira, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Concepcion Arenal sariak banatu zituen aurten, eta irurtzundarrak jaso zuen horietako bat, gizarte lanean egindako lanagatik. 2019an hartu zuen erretiroa, eta, dioenez, biziki gozatu zuen ordura arteko bidea. Gainera, geroztik ere ez da geldirik izan: gogoz ari da Paris 365 jantoki sozialean boluntario.

Gizarte langile bezala emandako pausoengatik saritu zaituzte. Zein da egin duzun bidea?

Nire ibilbide profesionaleko lehendabiziko urteetan erizain bezala aritu nintzen. 12 urte egin nituen Ubarmin Klinikan, eta hain zuzen ere orduan, lanean ari nintzen bitartean, egin nituen Gizarte Laneko ikasketak. Horiek bukatuta, zentro horretan bertan aritu nintzen hamazazpi urtez. Besteak beste, Nafarroako Ospitalean ere izan nintzen gero, eta erretiroa hartu aurreko azken bost urteetan Gizarte Laneko unitate bereziko arduradun izan nintzen. Zenbait zentrotan egin dut lan; hori bai, beti izan naiz Osasunbidearen ardurapekoetan.

Urteetan, ikasle askoren praktikaldietako gidari ere izan zara. Nolakoa da zeregin hori?

Beti iruditu zait oso esperientzia positiboa. Dena dela, egia da gauza batzuetarako ahalegin berezia eskatzen duela. Ez da berdin lana nork bere modura egitea, nork bere erritmoan, edo beste norbait ondoan izatea eta irakatsi beharra. Baina hori ere laguntza izan da niretzat, nolabait behartu egin nauelako lan egiteko moduaz hausnartzera. Azken finean, bi aldeentzat da aberasgarria; langileontzat eta ikasleentzat. Praktikak ezinbestekoak dira, ez baita aski unibertsitatean ikasten denarekin.

Zer neurritan da premiazkoa gizarte langilearen lana osasun sisteman?

Gizarte langilerik ez balego, jende asko askoz galduago ibiliko litzateke egoera jakin batzuetan; babesgabeago, finean. Edozein pertsona gaixotu daiteke bat-batean, eta kasu batzuetan bizitza balantzaka hasten da, goitik behera aldatzen. Askotariko egoerak daude, eta, horregatik, lana ere askotarikoa da. Oro har, baina, beharra duten pertsona horien bizitzak ahalik eta hobekien gidatzea, antolatzea eta orientatzea da gure lana. Gizarte langileen jarduna ezinbestekoa da.

Pandemia garaian, aldatu da lan egiteko modua?

Bai, premiak ere aldatu direlako. Batik bat, orain lana nabarmen ari da zentratzen bakartzeen inguruan. Jakina denez, gaur egun jende askori agintzen zaio konfinatzeko, eta gizarte langileak arduratzen dira aztertzeaz ea pertsona horrek baliabide edo aukera aski dituen hori egiteko. Askok zailtasunak dituzte, etxerik ez dutelako, etxe txiki batean pertsona asko bizi direlako, haur txikiak edo zainketa berezia behar duten adinekoak direlako…

Joan den urtean maiz egin zaizkie omenaldiak osasun langileei. Gizarte langileei egin zaie behar adinako aitortzarik?

Iruditzen zait ez zaiela askorik egin. Aitortzak handiagoa behar luke. Are, askotan tokatu zaigu gure lanaren garrantzia aldarrikatzea. Izan ere, uste dut beste lanbide batzuk ezagunagoak direla, gehiago miresten direla, eta gizarte langileen jarduna, aldiz, ezkutuan gelditu ohi dela. Jakin badakit pixkanaka hobera ari garela horretan ere, gero eta gehiago ohartzen garela egiten dutenaz, baina oraindik ez da aski.

Harreman estua duzu Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioarekin. Zer dela-eta hasi zinen boluntario gisan?

Erretiroa hartu baino lehenagotik nuen buruan horrelako zerbaitetan aritzea, boluntariotzarekin loturiko proiekturen batean. Zer aukera zeuden aztertu, eta iruditu zitzaidan Paris 365ek egiten duen lana oso polita zela. 2019ko udan hasi nintzen, haien biltegian, eta hantxe segitzen dut.

Zertan datza biltegi horren funtzionamendua?

Jatekoak ematen dizkiegu horretarako premia duten familiei. Astean hirutan jasotzen dituzte, eta etxera eramaten dituzte bertan prestatu ahal izateko. Zerbitzuaren erabiltzaile bihurtu aurretik, banan-banan aztertzen dugu familia horietako bakoitzaren egoera zein den, ikusteko baliabidea egokia zaien edo ez. Gaur egun, astean 69 familia pasatzen dira jantokitik, produktuak hartzeko. Hala ere, banatu dezakegun elikagai kopurua jasotzen ditugun dohaintzen araberakoa da.

Azken hilabeteotan, sumatu duzue aldaketarik laguntza zerbitzuen erabiltzaile kopuruan?

Erabiltzaile kopuruak gora egin du pandemia hasi zenetik, eta, gainera, gero eta gazteagoak dira; horietako asko, etorkinak. Izugarria da: batzuek traba mordoa dute edozer lortzeko. Atzerritik etorri berriak dira, erroldatu gabeak, etxerik ere ez dutenak, paperen zain direnak…; haietako askok oso mugatua dute guztia, eta oso zaila zaie inolako laguntzarik jasotzea. Behintzat, Paris 365ek eta antzeko elkarteek ematen ahal diete nolabaiteko babesa. Elkarteak beso zabalik hartzen du jende hori, eta ni pozik nago lagundu egin dezakedalako. Argi dut administrazioak bermatu beharko lukeela pertsona guztiek oinarrizko eskubideak izatea, denek oinarrizko beharrak asetuta izatea, baina ez da gertatzen hori.