Iruñeko Udal Ikastolaren memoria osatu dute ikastetxeen eta norbanakoen ekarpenei esker. Jasotako dokumentu, argazki eta heziketa material guzia Nafarroako Artxibo Garaikidean ari dira gordetzen.
Iker Tubia
Irudi zuri-beltz bat bizi izandakoaren lekuko. Ikasle batzuk, Iruñeko Hegoalde Udal Ikastolako eskailerak igotzen, ikasmahaiak bizkarrean. Gela hutsak betetzeko gogoa erakusten du argazkiak: altzariekin lehenik, ikasle eta irakasleekin gero, eta, ororen oinarrian, hezkuntza proiektu berri bat. Ilusioa, gogoa, kezka eta kemena. Nafarroan euskara normalizatzeko urratsak egitea nekeza izan da beti, eta euskarazko eskola publikoa erdiestea ere ez zen erraza izan. Iruñeko Udal Ikastolaren sorrera mugarri izan zen, egungo hezkuntza eredua ulertzeko ezinbesteko gakoa. Horren memoria bilduta dago orain.
Nafarroako Artxibo Garaikidean gorde dute dena: eskoletako materialak, ikasleen lanak, argazkiak, afixak, aldizkariak… Helburua: ez dadila gertuko historia atzendu. Aitor Etxarte udal ikastolen bultzatzaile eta Hegoalde ikastetxeko zuzendari ohiak abiatu zuen proiektua artxiboko langileekin hitz eginda, baina iazko abenduan zendu zen, eta horrek proiektua eten zuen. Etxarterekin batera udal ikastolen sorreran aritutako irakasle talde batek hartu zuen lekukoa: Pello Eguren, Reyes Perez-Iltzarbe, Fermin Artola eta Gorka Barguillak.
Ez ziren ohartu egiten ari zirenaz. Orain, atzera begiratuta, hasi dira konturatzen euskarazko eskola publikoaren sorreran izan zuten garrantziaz. “Izan ginen D ereduko lehenengo eskola publikoa, udalaren pean egon baginen ere”, azaldu du Perez-Iltzarbek. 1977an sortu zen Iruñeko Udal Ikastola: irailaren 21ean Gazteluko plazan egin zuten lehendabiziko eskola. Gizarte mugimenduak pil-pilean ziren, eta guraso eta irakasle talde batek euskaraz ikasteko eskola publikoa bultzatzeko ekimena hartu zuen.
“Hasieran, oso zaila izan zen. Mundu guztia kontra genuen. Manifestazioak egiten genituen kalean”, esan du Egurenek. Saiatu ziren Nafarroako Diputazioarekin, baina Espainiako Hezkuntza Ministerioak ezetz esan zuen. Iruñeko Udaleko atea jo zuten, eta han lortu zuten zirrikitua. Ondoren, hauteskundeak izan ziren, eta Julian Balduz alkate atera zen. Aurrekontuen negoziazioaren ondorioz sortu zuen udalak Euskara Sustatzeko Patronatua udal ikastolaz arduratzeko. Legezkotasuna lortu zutenean, hiru ikastetxetan banatu zen: Amaiur, Axular eta Hegoalde. 2003. urtean Nafarroako Gobernuko ikastetxe publiko bihurtu ziren denak.
Kostatu zitzaien. Kalea utzita, Canossianasen, Antsoaingo eskola zaharretan, Santa Zezilia plazako eta Donibaneko etxabeetan, eta Seminarioan, Misericordian eta Fitero karrikan utzitako geletan aritu ziren. Azkenik, Hegoalde lortu zuten, baina hori ere izerdia botata. Fuerte Principe eskola eraiki zuten Arrosadia auzoan, han zenbait etxebizitza eraikitzekoak baitziren, baina azkenean ez ziren egin, eta eskola ez zen martxan jarri. “1980-1981eko ikasturtean, Hegoalde okupatu genuen”, kontatu du Perez-Iltzarbek.
Oztopo lasterketa
Tirabirak izan ziren, baina, azkenean, ikastetxea haien esku geratu zen. “Giltzak eman baino lehen, altzari guztiak eraman zituzten. Hutsik utzi zuten”, adierazi du Egurenek. “Noski, sartu ginen: lurrean, ahal zen bezala”. Geroago Erriberan itxitako eskola bateko altzari zaharrak eskuratzeko aukera izan zuten. Dunper batean eraman zituzten mahaiak eta aulkiak, eta egun horretakoa da erreportaje honetako argazki nagusia.
Eguren: “Gogorra zen momentu horretan mahairik ez izatea, baina ez zitzaigun gehiegi inporta”. Artola: “Proiektuak inporta zuen”. Perez-Iltzarbe: “Ez genuen proiektua oinarritzen materialean: gu ginen tresna, eta haurrak eta gurasoak. Horri inoiz ez genion garrantzirik eman, ezta haurrek ere! Ez diot inoiz entzun haur bati protestatzen ez zuelako ez dakit zer”. Ondoren etorri ziren Amaiur eta Axular. Lehendabizikoa, udalak eraiki zuen; bigarrengoa, hutsik geratu zen San Benito eskolan abiatu zuten.
Proiektua hutsetik sortu zuten. Perez-Iltzarbek uste du hori alde izan zutela azkenean: “Gabezia zena bihurtu zen alde ona. Materialik ez izateak lagundu gintuen proiektua garatzen, guk sortu behar izan baikenuen. Hanka sartzeekin, aldatuz, baina proiektua egiteko ez ginen oinarritu egina zegoen zerbaitetan”.
Proiektua azpimarratzen dute hirurek. Bestelako eskola bat: publikoa, euskalduna, zientifikoa edo ez-doktrinarioa, laikoa, herrikoa, pedagogia berritzailean oinarritua eta kudeaketa demokratikoa zuena. “Abantaila zen momentu horretan pedagogiaren munduan halako mugimendu eraldatzaileak pil-pilean zeudela. Aipatzekoak dira Nafarroako Adarra kolektiboa edo Cuadernos de Pedagogía aldizkariak”, esan du Artolak. Berritzen, bai, baina beti “oinarri zientifikoarekin”, ez esperimentutan.
Horrekin batera, eskola eta gizartea lotzen ahalegindu zirela gehitu du Artolak. Adibidez, Andraizerekin harreman estua izan zuten, eta horrek asko lagundu zien sexu heziketa lantzen. Euskal kulturak ere toki nabarmena zuen: Olentzero, mitologia eta ohiturak. “Elementu horiek guztiak eguneroko lanetan saiatzen ginen sartzen”. Kanpora ateratzea ere garrantzitsua zen; uraren zikloa Argan bertatik bertara ikastea, esaterako. “Orain normaltzat hartzen dugu haurrak kalean ikustea, baina gu izan ginen lehenengoak; hirietan, gutxienez, gu hasi ginen”, zehaztu du Perez-Iltzarbek.
Irakasle talde bakarra
Hori, talde lanean egin zuten: “Zenbait eskolatan taldetxo batek beste modu batez lan egin zezakeen. Gu kolektibo osoarekin kontatuta ahalegindu ginen beste eskola mota bat egiten”, esan du Perez-Iltzarbek. Hain zuzen ere, talde egonkor bat izateak lagundu zien: “Guztiak batera hasi ginen, oso gazteak, eta gehienak batera erretiratu gara. Gaur egun, ez da erraza kolektibo finko bat izatea”.Horrez gainera, ez zuten mailaka lan egiten: denek parte hartzen zuten hiru urtetatik Lehen Hezkuntzako azken mailara arteko plangintzaren diseinuan.
Beren lanaz aritzean, bada etengabe aipatzen duten zerbait: gurasoak eta ikasleak. “Gurasoen indarra, laguntza eta konfiantza”, zehaztu du Egurenek. “Nire buruari galdetzen diot batzuetan: ‘Zergatik?’. Gurasoek sinistu zuten, konfiantza eman, eta lokomotorra izan ziren”. Askok seme-alabak beste zentro batzuetatik atera zituzten etorkizun zehaztugabea zuen proiektu horretan sartzeko. “Gaur egun, ez dakit posible izango litzatekeen hori. Gurasoen inplikazioa erabatekoa izan zen”, esan du Artolak.
Artxiboan denetariko dokumentuak daude; tartean, metodologiak eta ikasleen lanak. “Haurren materialak ikusi ditudanean konturatu naiz tresneria urriarekin-eta zer-nolako maila eta kalitatea zuen egiten zuten lanak”, aipatu du Perez-Iltzarbek. Besteak beste, hor dira Kaixo aldizkaria edota Truke. Har eta eman barne aldizkaria ere. Ikastolen eta gurasoen arteko komunikaziorako zen lehenbizikoa, eta edozeinek idatz zezakeen bertan. Bigarrengoa irakasleentzat, haien artean informazioa trukatzeko.
Historia hura guzia artxiboan gordeta geratuko da orain, baina ez soilik artxiboan: garai hartako urratsak eta lanak badu segidarik. Artolaren arabera, orduan egindako urratsei jarraikiz ailegatu dira oraingo egoerara: “Garai hartan egin zena egin izan ez balitz, ez zen hau izango”. Eta lekukoa pasatuta, proiektuak jarraitzen duela gogorarazi du Egurenek: “Orain Amaiur, Hegoalde eta Bernart Etxepare [Axular eta Arturo Campion batuta] dira gure garai hartako oinordekoak. Hondoan hor dago gure hasierako indarra, baina gaur egungo baldintzekin, noski: tableta ugariz beterik, arbel digitalak alde guztietan, eta halakoekin”.