Zaharren alde, haien ondoan

Zaharren alde, haien ondoan

Iruñeko Donibane auzoko Adinekoaren Aldeko Akordioak hiru urte bete ditu. Zahartze aktiboa sustatzeko jarri zuten martxan; orain, pandemiak eragindako beharretara egokitzeko urratsa egin du

Edurne Elizondo

Hiru urte bete ditu, eta “inoiz baino beharrezkoagoa” dela nabarmendu dute sustatzaileek: Iruñeko Donibane auzoko zenbait eragilek Adinekoaren Aldeko Akordioa sinatu zuten 2018ko martxoan, zahartze aktibo eta osasuntsu bat bultzatzeko. Helburu horri eutsi diote sinatzaileek hirugarren urteurrenean, baina egungo egoerara egokituta: koronabirusaren pandemiak eragindako beharrei erantzuteko asmoa agertu dute, zaharren alde eta haien ondoan lanean segitzeko.

Iruñeko Donibane auzoan bizi diren herritarren %32k dituzte 65 urte baino gehiago. Osasun etxeak bultzatuta, auzoko ia eragile guztiek egin dute bat zaharren ongizatea zaintzeko, eta zaharrok erdigunean jartzeko. Hori hartu zuten xede akordioaren sinatzaileek, martxan jarri zirenean. Osasun etxearekin batera, hasierako zerrenda hori osatzen dute Donibane eta Anaitasuna kirol elkarteek, Udaltzaingoak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Donibaneko Auzo Elkarteak, Martin Azpilikueta dendarien elkarteak, Donibaneko, Ermitagañako eta Mendebaldeko dendarien elkarteak, Caritas erakundeak, DYAk, Oskia pentsiodunen elkarteak eta auzoko zinegotziek.

Elkarteon eta gero akordioarekin bat egin duten gainerakoen ordezkari dira Villar Arellano eta Maite Velasco, eta hasieratik “sarea osatzeko” egin duten ahalegina nabarmendu dute. Lehendabiziko bi urteetan, bertzeak bertze, hiri baratze bat sortu dute, tailerrak eta hitzaldiak egin dituzte, eta auzoko zaharren beharrak identifikatzeko diagnosia egin dute. “Pandemiak, baina, behartu gaitu sortu den egoera berrira egokitzera, eta auzoko zaharrak laguntzera, egungo egoerari aurre egiteko baliabideak emanez”, erran du Velascok.

Asmo horrekin sortu dute aurkeztu berri duten dekalogo bat, hain zuzen ere. “Tresnak eman nahi dizkiegu zaharrei, beldurra galtzeko, eta egungo ziurgabetasuna bazter uzteko aukera izan dezaten”, azaldu du Arellanok.

Ondoko hauek dira dekalogoak jaso dituen neurriak:

BOLUNTARIOAK

Donibaneko Adinekoaren Aldeko Akordioa martxan jarri zutenetik bertatik ekin zioten Donibane auzoan zaharrak laguntzeko boluntario talde bat osatzeari. Pandemiak eragindako egungo jokalekuan, boluntario sare hori indartzeko beharra sumatu dute.

LAGUNTZA EMOZIONALA

Nabarmenak dira martxoan lehertu zen osasun krisiak herritarren buruko osasunean eragindakoak, eta arlo hori ez dute bazter utzi nahi izan akordioaren bultzatzaileek. Laguntza emozionala eskaintzeko asmoz, jarraibideak eta aholkuak jasotzen dituen materiala prestatu dute, eta auzoko botiketan eta dendetan izanen da, bizilagunek har dezaten.

SASOI FISIKOA ETA MENTALA

Osasun etxeko erizainak erabat inplikatuta daude Donibaneko Adinekoaren Aldeko Akordioan. Orain, dekalogoa sortuta, zaharren sasoi fisikoa eta mentala sustatzeko konpromisoa hartu dute. Auzoko zaharrek haiengana jo bertzerik ez dute egin behar jarraibideak jasotzeko.

MERKATARITZA

Auzoko dendariek ere eginen dituzte urratsak, beren egoitzak zaharrentzat atseginago bilakatzeko asmoz. Bertzeak bertze, erosketa etxera eramateko aukera eskainiko dute, edo prezioak erakusteko kartelak handitu eginen dituzte, ongi ikusi ahal izateko.

VAGUADA, ESPAZIO SEGURUA

Donibaneko zahar etxeko erabiltzaileentzat sortutako Vaguadako pasealekuko espazio segurua auzoko adineko guztientzat izanen da.

LIBURUTEGIA ETXEAN

Civican eta Yamaguchi plazako liburutegiek ere egin dute bat Adinekoaren Aldeko Akordioarekin, eta pandemiak sortutako beharrei erantzuteko dekalogoa bere egin dute. Liburutegiek zaharren etxeetara eramanen dituzte maileguan emandako liburuak, adibidez, eta telefonoz irakurtzeko zerbitzu bat ere jarriko dute martxan, zaharrak beren etxeetan laguntzeko asmoz.

ARRAKALA DIGITALA

Donibanen, aurre egin nahi diete zaharrek ordenagailua eta Internet erabiltzeko izan ditzaketen zailtasunei. Batetik, Civican eta Yamaguchi liburutegietan aholkua jaso ahal izanen dute; bertzetik, ikastaroak eginen dituzte Navarro Villoslada institutuan. Asmoa da ikasleak bilakatzea zaharren irakasle, belaunaldi ezberdinen arteko harremana bultzatzeko asmoz.

INFORMAZIOA

Akordioaren sinatzaileek nabarmendu dute beharra badela pandemiari buruzko informazio fidagarria zaharren esku jartzeko. Auzoko botikek hartu dute informazio hori zabaltzeko konpromisoa. Akordioaren sinatzaileen helburua da nahasgarriak izan daitezkeen datuak bazter uztea eta pandemiari buruz egon daitezkeen informazio edo albiste positiboak zabaltzea.

BAKARDADEAREN AURKA

Zahar anitzen arazoa da bakardadea; egoerak okerrera egin du pandemiaren ondorioz, eta Donibaneko Adinduaren Aldeko Akordioak aurre egin nahi dio, programa berezi bat prestatuz. Boluntario sareak izanen du parte hartze nabarmena.

IRADOKIZUNAK

Auzoko bizilagunen proposamenen zain dira sinatzaileak.