“Borrokan segitzea, ez dugu beste aukerarik”

“Borrokan segitzea, ez dugu beste aukerarik”

Aurreakordioaren ondoren garbitzaileen greba bertan behera geratu arren, manifestazioa egin dute ELA, LAB eta Solidari sindikatuek, Iruñean.

I. Tubia

Haserre. Oso haserre. Hala ziren asteartean ELA, LAB eta Solidari sindikatuetako kideak. Garbitzaileen grebaren lehendabiziko eguna behar zuen, baina bezperan CCOO eta UGT sindikatuek patronalarekin hitzartutako aurreakordioak bertan behera utzi zuen lanuztea. Hitzarmena babestu ez zuten hiru sindikatuek ez zuten bertan behera utzi egun horretako manifestazio nagusia, eta karrikara atera ziren, lan baldintza hobeak eskatu eta aurreakordioarekin ados ez zirela agertzeko.

“Borrokan segitzea, ez dugu beste erremediorik”. Marta Fabre garbitzailea bandera bat hartuta batu zen manifestaziora. Ez zuen amore emateko inolako asmorik: “Nahiko haserre nago, erabat saldu gaituztelako. Baina ez dugu etsiko; indar handiagoa eman digute borrokan jarraitzeko”. Manifestazioa Iruñeko Gurutzeko plazatik atera zen, 11:00etan. Giroa gori-gori zen, eta oihu nagusiak aurreakordioaren eta UGT eta CCOO sindikatuen kontrakoak izan ziren.

Espainiako Poliziak gotortutako CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen egoitzaren aurretik igaro zen manifestazioa, baita metro eskasetara dagoen UGT eta CCOOren egoitzatik ere. Bigarren horretan geldialdia egin zuten. “Eskirolak” eta “lotsagabeak” oihuak eta txistuak ozen aditu ziren karrikan, eta egoitzaren atarian eskuorriak eta pegatinak zabaldu zituzten: Garbitzaileak borrokan. CCOOk eta UGTk saldu gaituzte. Martxa Nafarroako Jauregiaren aurrean bukatu zen, eta Nafarroako Gobernuak gatazka horretan izan duen jarrera ere gaitzetsi zuten.

Oihukatzeko gogoz

Pankartetan eta leloetan hiru hitz nagusitu ziren: arrakala, ezinbestekoak eta salduak. Genero arrakala salatu, garbitzaileen lana ezinbestekoa dela aldarrikatu, eta bazter utzi dituzten sindikatuen jarrera kritikatu nahi zuten. “Ze pobreak garen, ze pobreak!”, oihukatu zuen emakume batek, etsituta. “Traidoreak!”, beste batek, atzerago.

Garbitzaileak ez ezik, langileak babestera joandako gazteak ere batu ziren manifestazioaren bukaeran; Itaiako kideak, besteak beste.”Aurreakordio bat sinatzea, ongi, baina ez kaka zahar hau”, zioen Fabrek manifestazioan aurrera eginez. “Eulien gisa erori gara; asko lanean kutsatu gara”. Horregatik, lan baldintzak hobetzeko lanean jarraituko du hark ere: “Ea hurrengoan hitzarmen hobea lortzen dugun”.