Espainiako Kongresuak Eutanasiaren Legea onartu zuen martxoaren 18an. Urteetan haren alde borrokan izan direnek pozik hartu dute berria, baina asko kritikoak dira ñabardurekin. Lizarraga da horietako bat.
Uxue Rey Gorraiz
Sumatu dute arindua; kontent dira, baina ez nahi luketen adina. Horrelako sentsazioa du Soco Lizarragak (Antzin, 1957) Eutanasiaren Legeak onespena lortu eta hilabetera. Familiako medikua da ofizioz, eta urteak dira DMD Modu Duinean Hiltzeko Eskubidearen Aldeko elkarteko kide dela. Dioenez, legea betearaztea dute lehentasuna, besteak beste.
Zer sentitu zenuten orain hilabete Espainiako Kongresuak Eutanasiaren Legea onartzean?
Poz handia sentitu genuen, urte luzez aritu baikara eskubide hori erdiesteko borrokan. Aurrerapauso handia eman da. Dena dela, egia esateko, berriki onartutako legea ez da elkartekoek nahi genukeena bezalakoa. Legea aski murriztailea da: pertsona talde txiki bati baizik ez zaio aitortzen duinki hiltzeko eskubidea. Talde hori zabalagoa izan dadin nahi genuke, baina, tira, nahiago dugu hau deus ez baino.
Zehazki, legeak nori aitortu dio eutanasiarako eskubidea?
Gaixotasun larri eta sendaezin jakin batzuk dituzten pertsonek gauzatu dezakete legeak aitortzen dien eskubidea, aurreikusten bada bizialdi motza dutela aurretik. Adibidez, talde horietan izan daitezke minbizi batzuk dituzten pertsonak, gaitz kroniko larriak dituztenak, eta fisikoki edo komunikazioari dagokionez aski mugatuak direnak. Esaterako, burura datozkit alboko esklerosi amiotrofikodun pazienteak, tetraplegikoak… Kasu batzuetan, ez dute izaten autonomiarik beren kabuz bizi ahal izateko, eta nahiago izaten dute bizitzen ez segitu.
Legearen arabera, zein dira egin beharreko urratsak?
Lehenik eta behin, premiazkoa da osasun langile bat aukeratzea, medikua, prozesu osoa ikuska dezan. Profesional horren ardura izanen da ziurtatzea baldintza guztiak betetzen direla, eta hil nahi duen pertsonak mediku horri adierazi beharko dio bere nahia zein den. Handik hamabost egunera, gaixoak berriz egin beharko du eskaera, idatziz, horrela ikusiko baita ez dela bulkada bat izan, baizik eta ongi pentsatutako erabakia, eta, jakina, boluntarioa, atzean presiorik gabea. Ondotik, hasieratik prozesua ikuskatzen ari den mediku horrek bigarren batengana jo beharko du, kasuarekin harremanik ez duen profesional baten oniritzia ere beharrezkoa baita. Azkenik, hori erdietsita, autonomia erkidego bakoitzean eratua beharko duen bermeen batzordera jo beharko da, eta horrek hamalau egun izanen ditu, gehienez, eskaerari erantzuteko.
Aipatu duzu legeak gabeziak dituela. Nolakoa behar luke, elkarteko kideen ustez?
Irizpideak beste batzuk izatea nahi genuke, eskubidea jende gehiagori aitortzeko. Adibidez, gustatu izanen litzaiguke lege honetan arautzea medikuntzan lagundutako suizidioa ere. Azken batean, medikuntzan lagundutako suizidioa da pertsona bati produktu bat ematea sufrimendurik gabe eta laguntzarekin hiltzeko; horrek ere jasoa behar luke. Bada jendea Eutanasiaren Legean bilduta dauden baldintzak bete ez, baina guztiz libreki eta asko hausnartu ondotik erabakitzen duena ez duela bizi nahi. Horiei ere erreparatu beharko genieke.
Baldintzak hain zurrunak ez izatea nahi duzue, beraz.
Esate baterako, hemen eutanasia ez dago baimendua gaixotasun psikiatrikoak dituztenentzat. Batzorde batzuentzat sekulako lorpena izan da horiei aukera ukatzea. Ez dut ulertzen, errealitatea oso agerikoa baita: gaitz psikiatriko kronikoak dituzten pertsonek izugarri sufritzen dute. Batzuek, urteek aurrera eginik ere, ez dute hobera egiten, eta uste dut horiek ere merezi dutela bizitzen jarraitu nahi ez dutela erabakitzeko eskubidea, eta lagunduak izatea.
Elkartekoek hainbatetan aldarrikatu duzue zaintza aringarriak eta eutanasia bateragarriak direla; askok ez dute hori uste. Zergatik?
Eztabaida hori absurdoa da. Gai horri buruz, oso argigarria da Maria Jose Carrascok, esklerosi anizkoitza zuen eta bere senarrak hiltzen lagundu zion emakumeak, esandakoa. “Nik ez dut lokartu nahi; nik hil egin nahi dut”, zioen hark. Ongi egindako zainketa aringarrien bidez posible da sedazio aringarria egitea. Agian, lege hau lagungarri izanen da kontzeptuak argitu eta zaintza aringarriak hobeki egin daitezen lortzeko.
Osasunbideak baliabide aski ditu zainketa aringarrietarako?
Zainketa horiek oso ongi antolatuta daude Nafarroan. Gaur egun, zentro guztietan ditugu sendagai eta erreminta nahikoa ongi lan egiteko. Gainera, kanpoko laguntza beharrezkoa denetan, San Juan de Dios Ospitalean bada zehazki horretarako prestaturiko talde bat. Horiek sekulako laguntza dira jendea etxean artatzeko. Inportantea da; izan ere, gehienek nahiago izaten dute etxean hil, ospitalean baino.
Eutanasiaren inguruko eztabaidak hautsak harrotu ditu maiz, eta asko dira haren alde egiten duzuenen aurkako kritikak. Nola eragiten dizute?
Lasai nago. Eutanasiaren Legeak ez du inoren kontra egiten. Eskubide indibiduala bermatu nahi du, eta, beraz, ez du inor behartzen deusetara.
Nafarroako Parlamentuan diren zenbait talde ere kontra agertu dira. Haien iritziz, legea “autoritarioa eta diktatoriala” da.
Bai. Esaten dute pertsona batzuek presioa sentituko dutela familiarengandik, arrazoi ekonomikoengatik edo ingurukoentzat zama bat direla pentsatuko dutelako, eta horrek, nolabait, eutanasia jasotzera eramanen dituztela. Hori ez da gertatuko, hain zuzen ere horrelakorik ez dagoela ziurtatzeaz arduratuko direlako hainbat profesional. Legea ez da diktatoriala, inondik inora. Diktatoriala da pertsona bati modu duinean hiltzeko eskubidea ukatzea, hau da, bizi nahi ez duen norbait bizitzera behartzea.
Elkartekoak 1984tik izan zarete Eutanasiaren Legearen aldeko borrokan. Nolakoa da gaur egun arte egindako bidea?
Helburu berarekin egin dugu lan betidanik: eskubideak bermatuak izatea nahi dugu. Jakina, urte hauetan guztietan ahal izan dugun guztia egin dugu lege hau aurrera atera zedin laguntzeko, eta, zorionez, posible izan dela ikusi dugu berriki. Gainera, beste gauza batzuetan ere zentratu ginen aspaldi. Besteak beste, lan handia egiten dugu bizi testamentuaren edo Aurretiazko Borondateen Agiriaren inguruan.
Oraintxe bertan, non duzue jarria begirada?
Eutanasiaren Legea onartu denez, moldatu egin behar dugu Aurretiazko Borondateen Agirirako eredua; argiagoa izatea nahi dugu, dudarik edo interpretazio okerrik egon ez dadin. Gainera, ezinbestekoa izanen da Eutanasiaren Legea ongi betetzen ari dela ziurtatzea. Adi izanen gara.