Gaitza pixka bat goxatzeko

Gaitza pixka bat goxatzeko

Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkarteak exoeskeleto bat eskuratu nahi du, gaitz hori duten lagunen bizi kalitatea hobetzeko. Dirua biltzen hasi dira,txokolate enpresa baten laguntzarekin.

Iker Tubia

Ez dute geldirik geratzeko asmorik. Esklerosi anizkoitza duten lagunen egoera pixka bat goxatzeko asmoa du Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkarteak, baina, horretarako, dirua behar du. Exoeskeleto bat erosita hobetu nahi dute gaitza dutenen bizi kalitatea, baina inbertsio handia da elkarteak laguntzarik gabe egiteko. Beraz, ekarpena egiteko prest direnen ahoak gozatuta pentsatu dute aurrera egitea: txokolatearen truke, alegia. Horretaz gainera, bestelako diru iturriak ere bilatzen dabiltza.

Urrian exoeskeletoa probatzeko aukera izan zuten elkarteko hamar kidek, eta txunditurik gelditu ziren. “Oso bizipen bizia izan zen. Makinari esker, hasiera-hasieratik gogoratzen ziren gaitzaren aurretik nola ibiltzen ziren”, azaldu du Nora Goñi Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkarteko fisioterapeutak. Probatu dutenez, badakite zer den hori, eta elkarteko kideek errehabilitazio prozesuan erabiltzeko aukera izan dezaten nahi dute.

Esklerosi anizkoitza nerbio sistemako gaixotasun degeneratibo bat da; ez du sendabiderik, eta gaixotasuna okerrera joan daiteke. Sintomatologia asko ditu: fisikoak, kognitiboak, sozialak… Sintomatologia fisikoari dagokionez, ibiltzeko arazoak izan ditzakete gaitza duten pertsonek; beraz, errehabilitazioa egin ohi dute. “Guk ditugun aparatuekin lortzen dugu errehabilitazioa egitea, baina ez modu oso naturalean. Baditugu taka-takak, paraleloak…, baina behar genuen zerbait benetan gogoraraziko ziena haiek garai batean nola ibiltzen ziren”.

Hain zuzen ere, hori da exoeskeletoak egiten duena. Aldez aurretik parametroak eta pertsonaren neurri guziak hartuta, exoeskeletoa erabat egokitzen zaio pazientearen gorputzari. Erabiltzaileak motxila moduko bat paratzen du bizkarrean, eta zangoetan itsasten diren sentsore batzuk. Atzean fisioterapeuta du, laguntzeko. “Makinak laguntzen dio. Pertsona horrek egin ditzakeen mugimenduak berak egiten ditu, makinak uzten dio hori egiten; beraz, soilik behar duenean laguntzen dio”, kontatu du Goñik.

Probatzeko aukera izan zuten urriko goiz hartan, bakoitzak ordu erdi inguruko saioa egin zuen makinaren eta fisioterapeutaren laguntzarekin. Berehala sumatu zuten beste errehabilitazio moduekiko aldea. “Arratsaldean oraindik, eta batzuk baita biharamunean ere, onurak sumatzen zituzten: aktiboago zeuden edo zutik egoteko beharra zuten, adibidez”, azaldu du fisioterapeutak.

Exoeskeletoa, baina, ez da etxean erabiltzeko makina bat: erabilera klinikoa du, eta horrek gastu handia dakar. Batetik, makinak berak kostu handia duelako, baina, bestetik, fisioterapeutarekin batera erabili behar dutelako, toki egoki batean. Elkarteak Antsoainen duen egoitza ez da horretarako tokirik egokiena, aurrera ibiltzeko eremu luzeak behar izaten direlako, zortzi metro ingurukoak, gutxienez. Horregatik abiatu dute dirua biltzeko kanpaina.

Elkartasun gozoa

Txokolatearena izan da sonatuena. Nakoa txokolate enpresari esker abiatu dute kanpaina, eta dagoeneko 30.000 tableta banatu dituzte. Irabazi marjina da elkarteak jasotzen duena; beraz, tableta asko banatu beharko lituzkete diru guzia biltzeko. Horregatik, bestelako iturriak bilatu dituzte: komertzioetan itsulapikoak paratu, enpresa handiekin eta udalekin hitzarmenak egin, zozketak… Esaterako, joan den igandean Osasuna eta Mulier futbol taldeen arteko partidan zozketa bat egin zuten, eta txokolate postua paratu.

Dena den, afera ez da soilik dirua eskuratzea: “Txokolatearen kanpainarekin interesatzen zaigu elkartearen berri zabaltzea, sentsibilizazio lana egitea”, azaldu du Goñik. Hori baita Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkartearen zeregina: gaitza duten pertsonei arreta eskaintzea eta jendea gaitzaren inguruan sentsibilizatzea.

 

150.000

ZENBAT BALIO DUEN

Exoeskeletoa erosteko 150.000 euro behar ditu Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkarteak. Oraingoz, 32.000 eskuratu ditu. Txokolate tableta bakoitzetik 0,50 zentimo jasotzen dituzte.