Garbiketa lanak erdigunean

Garbiketa lanak erdigunean

CCOO eta UGT sindikatuek patronalarekin sinatutako aurreakordioaren ondorioz, aste honetan garbitzaileek egitekoa zuten greba bertan behera geratu da. Gainerako sindikatuei ez zaie aski iruditzen akordioa. Lan baldintza eskasak eta genero arrakala salatu dituzte azken hilabeteotan.

Iker Tubia

Ezkututik argira. Orain arte zokoan geratu ohi zen lanbide bat ezinbestekoen zerrendan sartu da iaz pandemia hasi zenez geroztik. Hala ere, sektorean dauden lan baldintza eskasak ez dira hobetu, eta Nafarroako garbitzaileak karrikara atera dira azken hilabeteotan lan hitzarmen “duin” bat eskatzeko. Asteartetik gaur arte greba egitekoak ziren, baina azken orduan CCOOk eta UGTk patronalarekin aurreakordioa sinatu zuten, LAB, ELA eta Solidari sindikatuekin zuten batasuna hautsiz. Nolanahi ere, pandemiak garbitzaileen lana lehen lerroan paratu duen bezala, langileen antolaketak, protestek eta greba deialdiak agerian utzi dituzte garbitzaileen lan baldintzak.

Grebaren atarian erdietsi zuten aurreakordioa, astelehen arratsean. “Azkenean balioa eman zaio garbitzaileen lanari, ezinbesteko lana, eta, aurreakordio honi esker, haien soldatak nabarmen igoko dira, eta haien eskubideak hobetu”, azaldu du Pilar Piñeiro CCOO sindikatuko Eraikuntza eta Zerbitzu Federazioko idazkariak. “Akordioak sektoreak duen arazo handienetako bat ere leunduko du: partzialtasunarena”.

Azken hiru urteetan lan hitzarmenik gabe aritu dira garbitzaileak, eta hori eskuratu nahi zuten grebaren bidez. Akordioaren ondorioz, 2019tik 2023ra bitarteko hitzarmena sinatuko dute bi aldeek. Adostu dutenaren arabera, ez da soldata igoerarik aurreikusten aurtengo apirilaren 1era arte. %2,5eko igoera izanen da aurten, eta %1,75ekoa heldu diren bi urteetan. Gaixoaldien afera berdin mantenduko da, baina antzinatasuna aintzat hartuko dute. Azkenik, lanpostu hutsak daudenean edo bezeroen kontratuak handitzean, lanaldi partziala dutenei eskainiko diete lan hori.

Gainerako sindikatuak ez dira ados aurreakordioarekin. Yolanda Forcelledo garbitzaile eta LABeko ordezkariak “desleial” jokatzea egotzi die CCOO eta UGTri. Forcelledok azaldu duenez, CCOO izan zen grebaren bezperan bilera antolatu zuena: “Hitzarmen proposamen bat egin zuen, grebara deitu genuen gainerako sindikatuak aintzat hartu gabe”. Uste du aurreakordioak ez duela patronalak aurretik proposatutakoa hobetzen. “Laburbilduz: sektoreko langileak saldu gaituzte ia deusen edo deusen truke”. Sektoreko ordezkarien %35,29 ditu CCOOk, %24,37 LABek, %23,11 ELAk, eta %14,27 UGTk. Solidarik ez du negoziazio mahaian egoteko aski babesik, ordezkarien %2,95 baititu.

Otsailean hasi ziren patronalarekin hitzarmena negoziatzen. 2018an bukatu zen ituna, eta saiakera guziak hutsean geratu ziren, baita otsailekoa ere. “Patronala mahaitik altxatu zen; ez zitzaion deus ere ongi iruditzen”, esan du Pilar Saavedra garbitzaile eta ELAko ordezkariak. Orduan hasi zen mobilizazio zikloa, greba deialdia egin arte. Hiru aldarri zituzten: soldata %6 igotzea, KPIaren gainetik urte bakoitzeko %2ko igoera, beraz; gaixoaldietako osagarriak berreskuratzea eta gaixo baimena %100ean ordaintzea; eta jardunaldiak handitu ahal izateko hitzarmenean klausula bat izatea.

Fokuaren azpian

Anekdota bat egoeraren adierazgarri: “Inor ez zegoenean lan eginarazten ziguten, eta, mundu guziak alde egin arte, orgatxoa nolabait ezkutatu egin behar genuen. COVID-19ren kontuarekin, orgatxoa agerian utzi behar dugu, jendea dagoenean lan egin, dena garbitzen dela erakutsi eta lasaitasuna emateko. Bitxia da;, orain arte magia zen: gauez dena bere kasa garbituko balitz bezala”. Forcelledok kontatu du. “Badirudi gure lanaz lotsatzen zirela”. Baina ezinbestekoa zen lehen, eta ezinbestekoa da orain. “Ez badugu fabrika edo ebakuntza gela garbitzen, besteek ezin dute lanik egin. Orain, are ezinbestekoagoak gara”, esan du Saavedrak. Baina egoera ez da hobetu: “Kokoteraino gaude; soldata beraren truke eta lanordu kopuru berarekin ari gara lanean, baina toki batzuetan lan karga bikoiztu edo hirukoiztu egin da, pertsona batek ukitu dezakeen edozer gauza garbitu behar delako”.

Mari Urrutik hamabi urte darama garbiketan lanean. 30 ordu egiten ditu astean, eta salatu du beste lankide batzuek oso jardunaldi murritzak dituztela: bi ordu toki batean, beste bi beste batean… Ez hori bakarrik; osasuna zaintzeko zailtasunak dituzte: “Eskuak, besoak eta bizkar gaina asko kargatzen zaizkigu, eta aguanta, aguanta eta aguanta egiten dugu, ezin dugulako gaixoaldia hartu, diru asko galtzen dugulako”. Baina ez du egoera hori betikotzerik nahi: “Haserretzen hasi gara”.

Genero arrakala da garbitzaileek ozen salatzen duten beste afera bat. Sektorean emakumeak dira nagusi, baina dauden gizon gutxi horiek baldintza hobeak dituztela esan du Forcelledok: “Gizon bat zuzenean peoi espezialista gisa sartzen da lanean, zortzi ordurekin eta espezialista plusekin. Emakumeak lanaldi partzialekin hasten gara, garbiketa peoi gisa, maila igotzeko aukerarik gabe”. Beraz, jardunaldi murritz asko lotzen aritzen dira emakume gehienak, eta, hala ere, ez dira egunean zortzi ordura ailegatzen.

Ordu gutxi, eta soldata ere, eskasa. Saavedrak gogorarazi du soldatak izoztuak dituztela 2018tik: “Lanaldi osorik ez dugunez, miseriazko soldatak ditugu. Igo izan digutenean deus gutxi igo digute, eta azkeneko urteetan soldatak izozturik izan ditugu. Bizitza garestitzen da, baina gure soldatak, ez. Miseriara kondenaturik gaude horrela”.

Egoera “larria” dela ohartarazi du ELAko ordezkariak, eta egiten dituzten eskakizunak “oinarrizkoak” direla. Partzialtasuna eta genero arrakala bukatu nahi dituzte, eta grebarik gabe ere aurrera egiteko modurik badela uste dute. Izan ere, lantoki guzietan jende anitz antolatu da azken hilabeteetan, eta ereindakoak ekar dezake fruiturik.

7.500

GARBITZAILE KOPURUA

Nafarroan, 7.500 lagun inguru aritzen dira garbiketa sektorean lanean.

%95

EMAKUME KOPURUA GARBIKETAN

Garbitzaileen sektorean lanean ari diren 7.500 lagunen artean, %95 emakumeak dira. Emakume langileen %80 klanaldi partziala dute.

2018

SOLDATA, IZOZTURIK ORDUTIK

Garbitzaileen sektoreko langileek ez dute soldata igoerarik izan azken hiru urteetan. Azken igoera %0,9koa izan zen. Horren aurretik, 2016an, %0,5 handitu zieten soldata.

%16,3

SOLDATA ARRAKALAREN EHUNEKOA

Emakume langileen %90ek gizon langileek baino gutxiago kobratzen dute. %16,38ko aldea izaten da gizonen eta emakumeen soldaten artean.