Gobernuak birziklatze datuak “edertzen” dituela salatu dute

Gobernuak birziklatze datuak “edertzen” dituela salatu dute

Iaz bildutako zaborraren %47 berrerabiltzeko edo birziklatzeko prestatu zela dio Nafarroako Gobernuak. Sustrai Erakuntzaren arabera, prozesu batzuk ezin dira birziklatze gisa hartu.

Iker Tubia

Urruti da Nafarroa hondakinak txikitzeko eta birziklatzeko ezarrita dauden helburuetatik. Hala salatu du Sustrai Erakuntza elkarteak, eta Nafarroako Gobernuari datuak “edertzea” leporatu dio. Izan ere, Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak martxoaren 23an emandako datuak ez dira hain onak. Gomezen arabera, Nafarroako hondakinen %47 birziklatzeko banatu dira, baina Sustrai Erakuntza elkarteak argitu du hondakin horietako batzuk tratatzeko modua ezin dela birziklatze gisa hartu.

NHP Nafarroako Hondakinen Planak eta Europako Zuzendaritzak hondakinen %50 birziklatzeko helburua ezarria dute; beraz, Gomezek uste du “oso gertu” daudela xede hori betetzetik. “Horrek hondakin horien kudeaketa egokiaren eboluzio positiboa berresten du”, esan zuen. 2027an helburua %75ean dago, eta Nafarroako Gobernuak egingarri ikusten du. Kontrakoa uste du Pablo Lorente Sustrai Erakuntzako kideak: “Nafarroan egun egiten den hondakinen kudeaketarekin ezinezkoa da helburu hori erdiestea; bideraezina da”.

Datuak ez dira itxuraz ematen duten bezain onak, elkartearen arabera. “Birziklatzeko banatzen dituzten hondakinen %47 horretatik, denek ez dituzte birziklatze gisa jo dezakegun prozesuak izaten” , azaldu dute. Izan ere, mankomunitate gehienek hondakin organikoen parte handi bat enpresa pribatuen esku uzten dituztela azaldu dute, biometaniza ditzaten.

Enpresa horietako bat da Caparrosoko HTN, Valle de Odieta behi etxalde erraldoiaren filiala. “Ongarri organikoa egiteko baliagarria liratekeen hondakin hauek abeltzaintza mindekin, araztegietako lohiekin eta beste produktu batzuekin nahasten dira. Erregai bezala erabiltzen den metanoa sortzen duen biometanizazio prozesuaren ondoren, hondakin likido bat eskuratzen dute, digestato deitutako minda, eta nekazaritza finketan isurtzen dute”. Greenpeacek salatu du isuri horiek “ingurumen gaitz larriak” sortzen dituztela. “Hondakin horiek ez dira birziklatu; are, kutsadura toxikoak sortzen dituzte tratamendu horien bidez”, adierazi du Sustrai Erakuntzak.

Erriberako kasua ere aipatu du elkarteak. FCC enpresak kudeatzen duen El Culebrete plantan, 2019an sartu ziren hondakinen %52,5 birzikaltu ziren, Erriberako mankomunitatearen arabera. Baina plantan sartutako hondakinen %33,2k biometanizazio prozesua izan dute, eta Sustrai Erakuntzak ez ditu birziklatutako hondakin bezala kontsideratzen. Modu horretan, El Culebreten sartutako hondakinen %19 baizik ez dela birziklatzen argitu du elkarteak.

Bestelako politika

Ez da hori gobernuak goratu zuen datu bakarra. Azken hamarkadan materia organikoaren gaikako bilketa %181 igo dela nabarmendu zuen Gomezek: 2010ean 11.105 tona ziren, eta 2020an, 30.658. “Gehien handitu den gaikako bilketa frakzioa da, eta hedapena Foru Komunitateko herritarren %85era iritsi da”, azaldu zuen. “Erabateko hedapena 2021ean lortzea aurreikusten da”. Erriberako Mankomunitateak, baina, ez du materia organikoa biltzeko edukiontzirik paratu, nahiz eta 2013tik sarritan esan duen hori eginen zuela.

Hondakin organikoak bereizteko aukera du nafarren gehiengoak, baina horrek ez du esan nahi egiten dutenik. 2019an sortu ziren hondakin organikoen %33 baizik ez zituzten banatu. Mankomunitate gehienek bosgarren edukiontziaren alde egitearen ondoriotzat du Sustrai Erakuntzak: “Sorburuan banatzeko eredu batek baizik ez du bermatuko Europako legediak zehazten dituen helburuak erdiestea”, esan du Lorentek. Bide horretan, Sakanako Mankomunitatea goraipatu du, atez ateko bilketa eta hondakinen tratamendu publikoa egiten baitu.

Eraginkorra bada, zergatik ez da eredu hori Nafarroa osora zabaltzen? Lorentek bi arrazoi aipatu ditu: batetik, eredu hori EH Bilduri lotu izan zaiolako. Bestetik, batez ere, hondakinen kudeaketa pribatuarekin talka egiten duelako. “Interes pribatu oso garrantzitsuak daude tarteko”. Lorentek argi du bidea: hondakin kopurua murriztu, eta “benetako berrerabilpen politika” martxan jarri beharko litzateke.