Lohizune Amatria
Gaur zortzi, mode happy on aldartea nagusitu zen Nafarroa ekialdean. 60 urtetik gorakoak txertatzen hasi ziren, eta, @TurismoAbaurreak Twitterren azaldu zuen bezala, askok esan dezakete haien inguruko ia auzokide denek jaso dutela ziztada edo jasotzear direla. Ez naiz, baina, mono-gaiaz gehiago mintzatuko. Txio horri Aezkoa, Erroibar, Auritz eta Luzaide hartzen dituen eskualdeko mediku Angelines Munarrizek eman zion erantzunak deitu zidan arreta: “Horrek esan nahi du zure auzokide gehienak urtetsuak direla”. Barrez ari diren emotikonoak gehitu zizkion mezuari. Nola ez, errealitateari umoretik begiratzea izaten da maiz egoerari aurre egiteko modurik onena, eta, kasu honetan, ez da batere itxaropentsua.
Nafarroako Estatistika Institutuaren datu demografikoen arabera, Nafarroako Pirinioek biztanleriaren %23 galdu dute azken hogei urteetan. Zenbatekoa, kostatuta, 5.000 lagunera iristen da, eta badakigu badela hirian bizi baina herrian erroldatuta dagoenik, beraz, apalagoa izanen da, seguru, errealitatean. Kasu kezkagarri bat: Aribe da Aezkoako herri neuralgikoa; han daude supermerkatua, bankuak, gasolindegia, bailarako etxea eta irratia. Horien inguruko etxeetan, ordea, gero eta pertsona gutxiago bizi dira. 2000. urtetik ia biztanleriaren erdia galdu du herriak: 60 ziren; orain, 33. Orbarako egoera ere ez da hobea, eta bada azken 30 urteetan jaio berririk izan ez duen herririk.
Eta zer ari gara egiten egoera iraultzeko? Hainbatetan izan ohi dut galdera buruan bueltaka. Ezin da ukatu azken urteetan hainbat aurrerapauso eman direla instituzioen aldetik: Pirinioetako mahaia eratu da, ez da erabatekoa utzikeria, eta gazteen alokairurako etxebizitzak eraikitzen hasi dira azkenaldian, esaterako. Baina ezin da ahaztu, halaber, gehiago ere egin dezaketela, eta administrazioaren jarduna nolakoa den gainbegiratu behar dugula etengabe. Inoiz eseri beharko garelako foruzainen aurrean herria biderkatzera doazen makinak geldiarazteko. Ez dugu eskualdea jendez hustea nahi, baina lotsagarria da Lekarozen baimentzen ari direna. Zer lehenesten duten argi utzi dute Baztanen, eta halakorik, nik behintzat, ez dut nahi.
Baina horretaz harago, norbanako gisa egoera latz horri nola erantzuten diogun ere kezkatzen nau. Hirirako exodoa eta biztanleriaren zahartzea. Institutuko liburuetan azaltzen ziren hitzak, baina gertu izan ditudan arte ez naiz ohartu duten esanahiaz. Ez naiz konturatu ni ere banaizela bizi dugun egoeraren parte, eta, hala, nik ere egin dezakedala zerbait aurreikuspenak bete ez daitezen. Galdera zopa, berriro: Zer da lehenesten ari naizena? Zer, lehenetsi beharko nukeena? Herria edo ikasketak? Herria edo profesioa? Herria edo hiria? Nahikoa egiten al dut? Ez dira erraz aurkitzen diren erantzunak, bainaz beteta baitaude hautaketa denak, eta susmoa dut ez naizela hausnarketa puntu horretan dudan bakarra.