“Liburu katalogoari begira, Igelak jadanik irabazia du zerua”

“Liburu katalogoari begira, Igelak jadanik irabazia du zerua”

Iragan abuztutik, Lander Majuelo da Igela argitaletxeko editorea. Xabier Olarraren lekukoa hartuta, argitaletxea biziberritzeko lanean ari da. Egin ditu aldaketak, baina aitortu du norabide berean segituko dutela aurrera.

Uxue Rey Gorraiz

Igela argitaletxeak 32 urte bete zituen joan den apirilaren 14an. Estreinakoz argitaletxeko lemazaina Lander Majuelo (Iruñea, 1988) dela ailegatu da urteurrena. Xabier Olarraren partez ari da. Udatik, hark gidatzen du Igela literatur itzulpenen uretan.

Abuztuan hasi zinen editore Igelan. Ordutik, zer aldatu da han?

Egia esan, ez da hainbesterako alderik. Gauzak egiteko modua, bai, hori erabat aldatu da, baina, finean, argitaletxearen noranzkoa lehengo bera da, eta, printzipioz, hala segituko du beti. Igelak jarraituko du itzulpenak soilik argitaratzen, eta soilik euskaraz.

Zer moduzkoa izan da hasiera?

Ofizioa ikasten aritu naiz. Editore lana ez dago inon idatzia, eta ohartu naiz oso lan soziala dela. Premiazkoa da asko entzutea, asko kopiatzea, eta, ahal dela, akats gutxi egitea, gero, apurka, erabakiak hartzen hasteko. Lanez betetako hilabeteak izan dira, baina konturatu naiz editorearen lana ederra dela, oso bizia. Janoren buruak bezala, bi alde ditu, bi aurpegi. Batetik, oso teorikoa da: asko irakurri behar da, munduko beste txokoetan zer irakurtzen den aztertu, argitaratu nahi ditugun testuak oso zehazki hautatu… Bestalde, oso praktikoa ere bada: egon behar duzu irakurleekin, liburu dendetako jendearekin, inprentakoekin, banatzaileekin…; hau da, kalean egon behar duzu, nora joan erabakitzeko.

Zeren premia zuen Igelak?

Katalogoari begira, Igelak jadanik irabazia du zerua. Kalitate izugarria du horretan, bai itzulpenen mailagatik, bai lanen aukeraketagatik. Nik sentsazioa nuen argitaletxeak gaur egungo irakurleei begiratu behar diela, eta horien arabera moldaketak egin. Irakurlea eraldatuz joan da, eta kulturak eta Euskal Herriak ere bide bera hartu dute haiekin. Igelak premia zuen urte hauetan guztietan egindako lan eskerga aintzat hartua izan zedin. Euskal kulturan askotan gertatzen da hori: sekulako lana egiten da, eta, gero, atera bezain laster kamusten da, produktuak ez duelako aurkitzen jendeak kultura hori gozatzeko aukera izan dezan bermatuko duen bidea. Komunikazioan ere egin ditugu aldaketak, eta orain bizirik gara sare sozialetan. Inportantea da.

Twitterreko idazkeran bistakoa da tonu umoretsua, jostalaria.

Ez dakit, iruditzen zait hori dela Iruñeko tonua. Gertatu izan zaigu, batzuetan, Donostian prentsaurreko bat egin, eta amaitutakoan aditzea: “Zer arina izan den, zer alaia!”. Eta, horrelakoetan, zera pentsatzen dut: nik berdin egiten dut gauza serioez eta ez hain serioez. Umore tonua ez da antzeztua, inondik inora. Hori bai, eskerrak liburuei buruz ari garela eta ez beste edozein gauzaz, porruez edo. Bestela, ez dakit zer irudituko lukeen.

Euskarara ekarritako itzulpenak argitaratzen dituzue. Enpresarialki, nola eragiten du horrek?

Erraz esanda, gaztelaniak askoz gehiago saltzen du euskarak baino, eta, gainera, askoz gehiago erosten dira fikzioaren bertsio originalak haren itzulpenak baino. Igelarena ez da apustu erraza, baina oso estrategikoa da, eta, niretzat, ukiezina ere bai. Etorkizunez beteriko aukera bat dela uste dut. Denborak aski arrazoi eman ditu horretaz konturatzeko. Hasi zirenean, orain 32 urte, ez zegoen kasik ezer, eta sekulako ekarpenak egin dituzte urte hauetan.

Zer irizpide ditu Igelak zer lan euskaratu erabakitzeko?

Lehenik eta behin, bada irizpide pragmatiko bat: argitaletxea bizirik mantendu behar da. Horretarako, ongi legoke gauza ezberdinak hautatzea, erakargarriak, helduei zein gazteei erreparatuta. Baina, egia esateko, bistan da Igela ez dela oso arrazionala. Hori aprobetxatuta, iruditzen zait hain justu Igelak izan behar duela beste batzuk egitera ausartzen ez diren hori egingo duena.

Berredizioen aldeko apustua egin duzue berriki. Zergatik?

Balio dute jadanik eginak ziren itzulpenei garrantzia emateko, eta, bestetik, modu egokia dira argitaletxea biziberritzen hasteko. Dena dela, aurten datozen ia denak nobedadeak dira.

Zein uzta dakarzue aurten?

Elio Vittorini italiar antifaxistaren liburu bat aterako dugu maiatzaren erdialdean, Solasaldia Sizilian. Izugarri ederra da, eta Pello Lizarraldek itzuli du. Gainera, aurreraxeago oso modu berezian aurkeztuko dugu lana. Liburua azaldu, eta lan horretan oinarritutako Straub-Hullieten Sicilia! pelikula emanen dugu Nafarroako Filmotekan, ekainaren 3an.

Datozen hilabeteetan Igelak argitaratuko dituen itzulpenetako bat zurea izanen da. Hain zuzen, Karl Marx euskaratuko duzu. Nola heldu diozu erronkari?

Iruditu zitzaidan argitaletxeak hanka bat falta zuela. Literatur Sailarekin eta Sail Beltzarekin primeran ari ginen, baina behar genuen literatura ez diren baina nolabait literatura bilakatu diren horiek sartzeko txoko bat; historiatik, filosofiatik eta kazetaritzatik datozenak, adibidez. Horiek horrela, akatsa egin dut; modu ederrean, jakina. Ni ez naiz itzultzailea, baina behintzat sentitzen dut inguruan ditudan itzultzaile onek ematen didaten babesa. Eginen dut, eta ikusiko dugu, agian hori izanen da inoiz itzuliko dudan liburu bakarra. Ezin jakin.

Aldaketak gertatzen ari dira hainbat argitaletxeren edizio buruetan. Gazteek hartu dituzte lekukoak, eta nafarrak dira asko. Zerbaiten seinale da?

Uste dut guk gutxi egin dugula, eta gehiago izan dela egin digutena. Nahiko fina iruditzen zait gure gurasoek kultura ulertzeko zuten modua; kultura gozatzea zuten helburu, eta ez hainbeste kulturaren bidez estatus bat lortzea. Hemen hainbeste argitaletxe eta hainbeste editore baldin badaude, hori izan daiteke gu izan garelako ikastoletan hezitako lehenengo belaunaldi horretakoak, euskara eta kultura oso modu xumean baina irekian ulertuz hazi garen horiek. Tira, agerikoa da: Garazi Arrula, Hedoi Etxarte, Uxue Razkin… Iruñeko urak izanen du zerbait hainbeste editore esportatzeko.