Plaza berreskuratu nahi dute

Plaza berreskuratu nahi dute

Gaur abiatuko da Zapla, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bertsolaritzari plazak eskaintzekoantolatu duen egitasmoa. Datozen asteetan askotariko zazpi saio izanen dira herrialdean

Iker Tubia

Egoera berrira moldatzea ezinbestekoa da, eta halaxe egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak ere. Pandemia hasi zenez geroztik, bertso saioek behera egin dute nabarmen Nafarroan ere, eta egoera horri aurre egin nahian dabiltza. Zapla egitasmoa antolatu dute, “Nafarroako bertso plaza aktibatu eta sustatu nahian”, eta, gaurtik hasita, zazpi bertso saio eginen dituzte herrialdeko zazpi herritan. Lehendabiziko saioa Lizarran izanen da, eta Arantzako aterpean eginen dute azkena.

Egoera aztertu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak: joan den urtean ehun bertso saio antolatu ziren Nafarroan; ohiko urte batean, baina, berrehun baino gehiago izaten direla azaldu dute. “Osasun egoerak, gainera, erabat desagerrarazi ditu bertsolaritzaren adierazpenik informalenak; otorduen bueltan egindako saioak, kasurako”. Azkenik, aurten egitekoa zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa ere atzeratu beharrean izan dira, eta pandemiaren bilakaeraren arabera zehaztuko dute noiz izanen den.

Saio “seguruak”

Egoera ikusirik, plazak astindu nahi izan dituzte; berreskuratu, nolabait. Ez hori bakarrik: “Kultura, eta bertsolaritza, segurua dela eta erantzukizunez antolatu daitekeela erakutsi nahi dugu; eredu eman”, azaldu du elkarteak. Eta badute hirugarren xede bat: bertso saio ezberdinak eskaintzea. “Bertso saioen diseinuan berritu eta esperimentatu dugu, ohikotik harago egon daitezkeen ariketa, gai eta saio motak proposatuz”. Hala, Eneko Aizpuruaren Bidasoan gora liburuan oinarritutako saioa eskainiko dute Beran, zentzumenei buruzkoa Irurtzunen, bertso trama antolatu dute Zizur Nagusian, eta kopla saioa Antsoainen. Egitasmoa maiatzaren 15ean bukatuko da, bertso bazkari batekin.

Nafarroako bertsolariek begi onez hartu dute egitasmoa, plazak gutxitzen diren garaietan saioak antolatzea beti onuragarria baita haientzat. Irati Majuelok argi ikusi ditu pandemiaren ondorioak: “Batez ere, otorduekin lotutako saioak eta herri mugimenduak antolatutakoak galdu dira”. Hain zuzen ere, hark asko parte hartzen du halakoetan: “Iruñerrian, bertso saio gehienak herri mugimenduek edo elkarteek antolatzen dituzte; guk asko nabaritu dugu hori”. Ez hori bakarrik: entseatzeko zailtasunak dituztela nabarmendu du Majuelok: “Berez, ezin gara elkartu”.

Bertsolari beteranoak eta hasiberriak, denak ariko dira Zaplan. Horietako bat da Ekhiñe Zapiain, iazko Nafarroako eskolarteko txapelduna. Pandemiak sortu duen egoera “arraroa” dela dio; 18 urte ditu eta oraintxe hasia zen plazetan kantatzen: “Egiten duzu bertso eskoletatik plazetarako saltoa, hasten zara hau ezagutzen, eta bat-batean dena hankaz goiti jarri du pandemiak”. Bere burua ezagutarazteko tenorean heldu da koronabirusa, eta Zapiaini horrek zaildu dio egoera: “Bat-batean, aukera horiek guziak kendu dizkigute. Plazak erabat murriztu dira, eta, dauden saio horietan, on-onak egotea nahi dute. Egoera zaila zen; orain, are zailagoa”.

Horregatik, kontent da Nafarroako Bertsozale Elkarteak Zapla egitasmoa antolatzeko hautua egin duelako. “Horrelako egitasmoak arnasa dira; erraten duzu: ‘Ez dut deus, baina, behintzat, badut hau'”. Hurbileko jendearekin aritzea eskertu du batez ere, Nafarroako Bertsolari Txapelketatik landa gutxitan dutelako elkarrekin aritzeko parada. “Pila bat eskertzen da. Gainera, formatu ezberdinekoak dira”. Majuelok ere balio erantsia eman dio saioen moldeari. “Nabaritzen da urte berezia dela, eta betikoarekin hausteko gogoa, beste formatu batzuk bilatuz eta sinergia berriak eginez, normalean joaten ez garen herrietara joanda”.

Sarrerak bertsosarrerak.eus helbidean eskuratu daitezke.

 

Egitaraua

Gaur. 18:30. Bertso jaialdia, Lizarrako Los Llanos kulturgunean: Ekain Alegre, Erika Lagoma, Julio Soto, eta Saioa Alkaiza.

Bihar. 18:30. Bidasoan gora liburuan oinarritutako saioa, Berako kultur etxean: Alazne Untxalo, Ekhiñe Zapiain, Eneko Fernandez eta Xabier Terreros.

Apirilaren 30ean. 18:30. Zentzumenei bertsotan, Irurtzungo kultur etxean: Iker Gorosterrazu, Irati Majuelo eta Sustrai Colina.

Maiatzaren 2an. 18:30. Bertso trama, Zizur Nagusiko kultur etxean: Beñat Astiz, Idoia Granizo, Miel Mari Elosegi Luze, Sarai Robles eta Xabat Illarregi.

Maiatzaren 8an. 18:30. Kopla saioa, Antsoaingo antzokian: Ainara Ieregi, Joana Ziganda, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte, Patxi Castillo eta Saats Karasatorre.

Maiatzaren 9an. 18:30. Bertso jaialdia, Agoizko kultur etxean: Aitor Irastortza, Ander Fuentes Itturri, Endika Legarra, Joanes Illarregi eta Mintxo Astiz.

Maiatzaren 15ean. 14:00. Bertso bazkaria, Arantzako aterpean: Eneko Lazkoz eta Julen Zelaieta.