Bardeako tiro eremuaren aurka batu dira hamabi gazte erakunde

Bardeako tiro eremuaren aurka batu dira hamabi gazte erakunde

Ager Vasconumeko kideek beren lurraldean gertatzen denari buruz erabakitzeko ahalmena izan nahi dute. Ekainaren 26an, manifestazioa

Iker Tubia

Bardeako tiro eremua sortu eta 70 urtera, haren kontra aritzeko mugimendu berria sortu dute Erriberan: Ager Vasconum. Erriberako eta Erdialdeko hamabi gazte antolakunde batu dira. “Jaio ginenetik, etengabe entzun ditugu bonben soinua eta hegazkin militarren hegaldia gure buruen gainean”, kontatu zuten, larunbatean, Uztarriko Ama Birjinaren baselizaren ondoan egindako agerraldian. Tiro eremuaren kontra erabakitzeko eskubidea galdegin zuten, eta manifestaziora deitu; ekainaren 26an izanen da, 11:00etan, Bardeako informazio gunetik abiatuta.

Tiro eremuaren kontra “gogor” borrokatuko direla aurreratu zuten gazteek: “Ekologiaren eta gure osasunaren aurkako eraso argi horren aurka gaude; izan ere, gure landaredian eta faunan eragin zuzena izateaz gain, kutsatzeko arrisku handia dago, maniobra militarretan erabilitako materialak direla eta”. Inguruko herritarren aurkako “abusu lizun” eta “lotsagabea” dela iritzita, horri buruzko erabakiak hartzeko ahalmena herritarren esku egotea eskatu zuten.

NATOko edozein herrialdek erabil dezake Bardeako eremua gerrarako prestatzeko, eta hori gogor salatu zuten Ager Vasconum taldeko kideek, NATO Europako eta Ipar Amerikako estatuen “interes inperialistak defendatzeko sistema” dela uste baitute. Gainera, eremuari buruzko alderdi askotan “iluntasuna” dagoela salatu zuten.

Herrietako gazteak, batuta

Ager Vasconumen bildu diren taldeek Tuteran, Caparroson, Martzillan, Tafallan, Erriberrin, Azkoienen, San Adrianen, Azagran, Andosillan, Carcarren, Zarrakaztelun, Figarolen, Artaxoan, Larragan eta Sesman egiten dute lan. “Gazte errebeldeak gara, eta aliantzak egiten eta elkartasuna adierazten, protesta egiten eta borrokatzen jarraituko dugu, tiro eremu honen eta ordezkatzen duenaren kontra”.

Ekainean kalera aterako dira, militarrei “beren planetara joan daitezela” eskatzeko.