‘Drag’-a karrikan da

‘Drag’-a karrikan da

Azken urteetan ‘drag’ artea eztanda egiten ari da Iruñerrian, eta urtetik urtera ‘drag queen’ gehiago ari dira beren lanak publikoan erakusten. ‘Drag’ arteari balioa emateko eskatu dute, eta,aurreiritzien aurka, ikusgaitasuna aldarrikatu. «‘Drag’-a politika da»

Iker Tubia

Iruñerriak kolorea hartu du azkeneko bost urteetan. Drag tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizunak ugaritzen ari dira, pandemiak erritmoa geldotu badu ere. Interesa piztu du gaiak, eta ikusgaitasuna irabazi. Horrek drag queen gehiago sortzea ekarri du, eta Iruñerrian badira batzuk haien lanak publikoan aurkezten. Eztanda horren ardura puntu bat badute Donatella Mani, Albina Stardust eta Sussie Pussie trabestiek.

Sussie Pussie eta Albina Stardust drag queen nafarrak, asteazkenean, Uharteko karriketan. IÑIGO URIZ / FOKU

Gazteak dira, eta mezu politiko bat dute zabaltzeko. Eneko Gartzia (Burlata, 1997), Miguel Biurrun (Iruñea, 1999) eta Odei Alkazar (Iruñea, 1998), adiskideak ez ezik, gremioko kideak ere badira. Hirurak dira drag queen: Albina Stardust, Donatella Mani eta Sussie Pussie, hurrenez hurren. Argi dute drag-a tresna politikoa dela, genero bitasuna gainditzeko, norbera den modukoa eta aske izateko aldarria zabaltzen baitute lau haizeetara. Hori da trabestismoak ematen diena: askatasuna.

Txikitatik dira drag queen; hala uste dute hirurek. “Haurra nintzenean, banuen trabesti alderdi hori ezkutuan: amatxiri ezpainetakoa eta izebari takoiak kendu, eta aitatxiren irratiarekin playback egiten nuen”, kontatu du Sussie Pussiek: “Hau egiten nuenean, haurren tontakeriak ziren, baina, bat-batean, haurrak 15 urte ditu, eta ohartzen da jantzi horiek, ileordeak eta makillajea maite dituela. Behin, nire bikotekideak bere arropa utzi zidan; ispiluari begiratu, eta Sussie Pussie ikusi nuen”.

Donatella Mani, Iruñean egindako argazki saio batean. LUKENE SANCHEZ

Donatella Manik uste du drag-a “izaeran” dagoela. Disneyren filmak ikusten zituenean, emakumeetan paratzen zuen arreta. Are, emakume gaiztoetan edo errebeldeetan: Grimhilde erregina, Maleficent eta Esmeralda ziren haren erreferenteak: “Beti janzten nintzen Maleficent bezala”. Barrutik ateratzen da norberaren drag-a: “Hasten zara ohartzen zure baitan badela zerbait beste sexukoa izatea eskatzen dizuna; nik modu femeninoan adierazten nuen nire burua”. Nerabezaroan “txundituta” utzi zuen La Prohibidak: “Hasieran, baztertu egin nuen, emakume itxura izan arren gizon ahotsa zuelako”. Baina gero ezagutu zituen beste batzuk, eta zaletu. 2017ko Aste Santuan Madrilera joan zen: diru guzia xahutu zuen bidaia hartan, besteak beste, 180 euroko ileorde bat erosita. Iruñeko Gurutzeko Plazako institutuan, batxilergoko galan, drag zela erakutsi zuen lehenbiziko aldiz. “Denek oso ongi hartu zuten, eta hori egiten jarraitzea erabaki nuen”.

Antzekoa da Albina Stardusten sorrera: “Ni trabesti jaio nintzen. Txikitan amaren takoiak eta ahizparen gonak jantzita familiakoei Lady Marmalade abestiaren ikuskizuna egiten nien”. Nerabezaroan alderdi hori ezkutatu bazuen ere, Gasteizera ikastera joan zenean hasi zen berriz ere: “Nire burua ezagutzen hasi nintzen, eta horrela ezagutu nuen drag-a. Eta drag-a ezagutuz nire burua are gehiago ezagutu nuen. Azkenean, nire identitatearen garapena izan da”. Hasieran argazkiak egiten zituen. Iruñeko LGTBI besta batean sortu zen Albina Stardust, Donatella Manik bultzatuta.

Askatu egiten ditu drag-ak: “Enekok Albinari asko erakutsi dio, baina baita Albinak Enekori ere. Azkenean, pertsona bera gara, eta Albinak askatasuna ematen dit nahi dudan bezalakoa izateko, hitz egiteko eta nire artea erakusteko”, kontatu du Albina Stardustek. “Berdin zait jendeak pentsatzea maritxu hutsa naizela, berdin zait; Mírame (begira nazazu) da nire singlea, eta horixe: begira nazazu, sekulakoa naiz eta”.

Ez da mozorro bat; argi utzi du Sussie Pussiek: “Beste pertsona bat bilakatzen naiz, baina ez naiz mozorrotutako gizon bat; nire izaera da, eta oso terapeutikoa da”. Lagundu dio genero estereotipoak gainditzen, eta bere izaeran “oreka” lortzen. Donatella Manik uste du gizartearen “beste ikuspegi bat” ematen diola drag-ak. “Jendeak jarraitzen nauela eta egiten dudana maite duela ikusteak gogobetetzen nau”.

Albina Stardust, larunbatean, Txantrean. MARTA HERNANDEZ

Azken urteetan drag arteak ikusgaitasuna eta indarra lortu du Iruñerrian, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Basamortu batean sortu zen Donatella Mani: ez zuen erreferenterik, ez zuen inor ezagutzen, baina berak aurrera egin zuen drag-arekin. “Bost urte daramatzat, eta gero eta gehiago garela ikustea pozgarria da”. Lehenbizikoa izan zen Iruñeko harrotasunaren manifestazioan drag jantzita agertzen, baina gero eta gehiago dira han ere, Albina Stardustek azaldu duenez: “Harrotasun eguna trabestien fashion week-a bihurtu da Iruñean. Denak elkarrekin joaten gara, apain eta zoragarri”. Sussie Pussiek uste du Iruñea nahiko hiri beatoa dela, eta ikusgaitasuna falta izan dela: “Ezkontza aurreko agur bestetarako kanpoko drag queen-ak ekartzen zituzten. Uste dut gu hasi garela ikusgaitasuna lortzen”.

Gizartearen begien aurrean

Erreferenteen beharra azpimarratu dute hiru drag nafarrek, karrikara ateratzeko bultzada baita. “Iruñean drag asko izanen ziren, baina etxearen itzalpean. Ederra da hori ere, baina ez genituen ezagutzen”, esan du Sussie Pussiek. Bide beretik jo du Albina Stardustek: “Iruñean drag-a beti egon dela uste dut, asko horrela jaiotzen baikara. Baina gero traba asko daude. Azkenean, drag izatea ausarta izatea da”. Gainera, drag ikuskizunak ez dira ohikoak izan: “Telebista saio batzuei eta LGBT komunitatearen garapenari esker, ikusgaitasun handiagoa eta erraztasun gehiago lortu ditugu”.

Aukera gutxi izaten direla salatu du Donatella Manik, LGTBI giroko ostatu gutxi daudela Iruñerrian, eta daudenak ere ez daudela “haien onenean”. “Serio hartu behar gaituzte; batzuek uste dute margotutako maritxu batzuk garela; aizu, hain erraza bada, egizu zuk”. Hirurek eskaintzen dituzte ikuskizunak. Musika eta umorea erabiltzen dituzte jendeak ongi pasatu dezan, baina baita haiengan eragiteko ere. “Drag-a arma politiko bat da”, argitu du Donatella Manik: “Aktibismo politiko eta soziala egiten ari gara gure mezuarekin; mezu ezkutu asko daude gure ikuskizunetan. Lan garrantzitsua egiten dugu: asko esatera ausartzen ez diren gauzez hitz egiten dugulako, eta mendeetan zokoratu diren identitateak erakutsi eta normalizatzen ditugulako”.

Sussie Pussie, 2020an, Huarten. KAOSPELIRROJO

Albina Stardust kontent da handik eta hemendik deitzen dietelako hitzaldiak eta tailerrak emateko. Hala ere, oraindik lumafobia asko dagoela salatu du, eta aurreiritziei aurre egin behar zaiela. Gizartea irekitzen hasia da, hala ere, Donatella Maniren aburuz: “Trabestia gauza ilunekin lotzen zen lehen. Orain, homosexualitatearekin nahasten dute askok, baina, behintzat, ausartzen dira galdetzera. Gehiago onartzen da”. Azken eskari bat ere egin du Albina Stardustek: haien lanari balioa ematea. “Iruñerrian ez dago ikuskizunak egiteko taberna asko, eta daudenek ez gaituzte kontuan hartzen. Ez dute drag-a artetzat hartzen, eta bada”.