Lur Albizu Etxetxipia
Hau argitaratzen denean ez dakit zein izanen den egoera zehatza, baina esanen nuke han jarraituko dutela. Han jarraituko dutela dozenaka eta dozenaka pertsonak, egunez egun, Aroztegiko proiektuaren kontrako kanpalekuan. Txandaka, denbora luze edo laburrez, egun batzuetan jarraian edo ordu batzuetarako, besterik ez. Inportantea da auzolana, elkartasuna eta batzen gaituen zerbait: proiektua gelditzeko grina. Garai hauetan, ez da gutxi: asko da. Asko da irautea, erresistitzea eta eraikitzea: Aroztegia gelditzeko bidea eraikitzea ere badelako. Ez da zerbaiten kontra egotea bakarrik: lurraren aldeko borroka da.
Luxuzko hotela, 200 etxebizitzako urbanizazioa eta golf zelaia egin nahi dituzte Baztanen. Lekarozen, 300 biztanle pasatxoko herri batean. Gentrifikazioaz dezente hitz egin da azken urteetan, hiriak bizitzen ari diren prozesu hori: nola egin bizilekuak parke tematiko. Aroztegia ere ez da oso atzean geratzen: nola moztu haritzak golf zelaiak paratzeko, nola lapurtu herri lurrak kapitalaren mesedetan. Turistifikazioaren beste adibide lazgarri bat da Baztan. Turistentzat gero eta leku gehiago duen tokia, emantzipatzea nekeza den leku batean.
Herritarren aurkakotasunarekin aurrera eraman nahi den proiektua da Aroztegikoa. Herri galdeketan ezezkoa jaso zuen. Udalari bere eskumenak lapurtu zaizkio, gainera: 2015ean, gobernuaren azken egunetan, UPNk UGEP izendatu zuen proiektua (interes orokorraren mesedetan omen), eta Geroa Baik bide horrekin jarraitu zuen aurrera. Espekulazioa, herri-lurrak nekazariei kentzea, herritarrentzat ez diren eta herria bera guztiz desitxuratuko duen etxeak eraikitzea beharrezkoa eta ezinbestekoa omen da. Enpresak berak bide judiziala hartu izan du behin baino gehiagotan herritarren aurka (haien artean alkateak), proiektuari pelotazo deitzeagatik, edo prentsaurreko bat egiteko baimena emateagatik.
Urte luzetako bidea izan da Aroztegiarena. Finean, Baztan zer izanen den egon daiteke jokoan. Baina ez bakarrik Baztan: harago ere begira dezakegu, porlana ama lurraren kontra. Eta horretan ari dira aste hauetan Baztanen: proiektuari aurre egiten, makinei suntsiketa oztopatzen; lurra, ingurua, oraina eta etorkizuna babesten eta zaintzen. Garapenkeria zalantzan jartzen, kapitalismoaren aurka borrokan; izan ere, ez dira gutxi bizitzen ari garen krisiak, baina klima larrialdiari dagokiona ere, hortxe. Etorkizunari begira, zulora joanen garen ala ez baino gehiago, zein izanen da galdera? Zulo horren tamaina? Erronka handiak etorriko zaizkigu, eta igual konturatuko gara: dena irauli edo… ez orainik, ez etorkizunik.
Jarraituko dute, jarraituko dugu. Suntsiketa besterik nahi ez duten zementuzko eraikin eta proiektu horien aurka. Ekonek duela urte batzuk esaten zuen: “Gizakiaren garapen suntsitzailearen aurkako ekintzak. Aurrera ekosabotaia, gora bizitza!”.