Euskara, auzoa eta eskola biziberritzeko

Euskara, auzoa eta eskola biziberritzeko

Duela 25 urte ezarri zuten D eredua Iruñeko Alde Zaharrean, San Frantzisko eskolan. Gurasoen eta auzokideen borrokari esker lortu zuten, eta euskarazko ereduak segurtatu zuen eskolaren etorkizuna.

Iker Tubia

Eguerdia da, eta eguzkiak goxo jotzen du Iruñeko San Frantzisko eskolan. Euskara ohiko hizkuntza da plaza horretan. Barruan dira Alde Zaharreko haurrak, haien eskoletan. Kanpoan, duela 25 urte D ereduan ikasten hasi ziren lehenbiziko ikasle ohietako lau eta haien gurasoak, ibilbide horren hasiera kontatzeko gogoz. Ez baitzen erraza izan Alde Zaharrean D ereduko eskola publikoa lortzea, baina gurasoek ez zuten amore eman. Geroz eta ikasle gutxiago zituen San Frantzisko eskolak; D eredua ezarri eta 25 urtera, 420 ikasle ari dira han; horietarik bi heren, euskaraz.

Marian Antoñana eta haren seme Ander Garcia de Bikuña; Nahia Lopez; Iñaki España; Ekiotz Lakasta eta haren aita Koldo Lakasta; eta Ane Lopez eta haren aita Koldo Lopez —argazkiko hurrenkeran— elkartu dira San Frantzisko eskolako atarian. Elkarrizketa bukatutakoan jarraitu dute orduko istorioek. “Guretzat eta auzoarentzat garrantzi handia zuen D eredua lortzeak. Guraso ginen neurrian, haurrak euskaraz hezi nahi genituen”, kontatu du Koldo Zabaletak. “Eskola ezin aproposagoa zen, auzoan bertan, gainera. Gazte hauek bizitza handia ematen diote orain auzoari”. Uste du Iruñeko Alde Zaharra herri txiki baten antzekoa dela.

1994. urtean hasi zuten D eredua lortzeko borroka, baina urte hartakoak ez ziren aski izan. Hurrengo urtean hemeretzi haur matrikulatu nahi zituzten euskaraz. “Argi genuen: seme-alabek euskaraz ikastea nahi genuen auzotik atera gabe”, azaldu du Marian Antoñanak. “Eskola hau desagertzear zegoen, oso gutxik ikasten zutelako hemen; beraz, haurrak hona ekarri nahi genituen”. D eredua zabaltzeko 20 ikasle behar zituztela esan zieten. “Uste genuen indarra egiteko bidean geundela, eta hasi ginen bilerak eskatzen. Administrazioan inoiz ez gintuzten hartu”, esan du Zabaletak. Ate guziak jo zituzten, protestak antolatu zituzten, kartelak egin, kalejirak, txarangak, kale antzerkia…; eta hedabideetara jo zuten.

Garai hartan UPNk zuzentzen zuen Nafarroako Gobernua, eta, entzungor egiten zuenez, ekintza zuzenera ere pasatu ziren, Antoñanak dioenez: “Santiago Arellano Hezkuntza zuzendariarekin biltzen saiatu ginen, baina, ez gintuenez hartu nahi, pankarta eta guzti joan ginen haren bulegora, eta baimenik gabe sartu ginen”.

Foru hauteskundeak izan ziren 1995ean, eta gobernu aldaketa. PSN, CDN eta EA alderdiek koalizio gobernua osatu zuten, eta horrek eman zien modua San Frantzisko eskolan D eredua ezartzeko. Hamabi haur hasi ziren: 3 urteko bederatzi eta 4 urteko hiru. “Bi promoziotako haurrak elkarrekin egotea normala zen guretzat”, kontatu du Nahia Lopezek. “Pozik bizi ginen”. Ekiotz Lakastak azaldu du institutura joan zirenean ohartu zirela haien eskola “berezia” zela. “Bederatzi ginen San Frantziskoko azken ikasturtean, eta institutura joaterakoan 30 kideko eskolak izaten hasi ginen”.

San Frantzisko eskolak ehun urte baino gehiago ditu, eta hori sumatu zuten ikasleek. “Hogwarts moduko eskola bat zen: jantokia sotoan zegoen; iluna zen, leihorik gabea…”, esan du Lopezek. “Amaiur edo Hegoalde ikastetxeak ikusten genituen, horrelako jolastokiekin, jostailuekin…; harritu egiten ginen”, dio Ane Zabaletak. “Gogoan dut antzokia; lehen urtean erabili genuen, antzezlan bat egiteko Riki riki kantarekin. Gero, lanekin hasi ziren, eta ezin izan genuen erabili”, gogoratu du Ander Garcia de Bikuñak.

Guraso borrokalariak

Euskarazko eredua lortzeko ez ezik, haurrak tokiz ez aldatzeko ere borrokatu behar izan zuten. 1999an liburutegi nagusia eskolaren tokian ezarri nahi zuten, eta ikasleak Ezpeleta jauregira bidali. “Ordurako, indar handiagoa genuen. 200 haur izanen ziren, eta zaila zen atzera egitea”, esan du Koldo Zabaletak. “Batasun handia genuen gurasoek, eta buru-belarri aritzen ginen”. Antoñanak ere gogoan du garai hura: “Manifestazio pila bat egin genituen auzoko kaleetan”. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ere onartu zuen gero beste tokia txikiegia zela.

Gurasoek esker hitzak izan dituzte han lanean aritu diren guzientzat: Ane Gaztelumendi lehenbiziko irakaslea eta Ane Diez de Ure jantokiko arduraduna aipatu ditu Antoñanak, eta ondoren etorritako guzien lana ere goraipatu: “Pedagogikoki ere, oso berritzailea izan zen D eredua garai horretan”. Gaur egun, auzoan erroturik dago eskola, eta, hein handi batean, eskolak auzoa biziberritu du. “Bikote gazteek alde egiten zuten haurrak edukitzerakoan, eta hori, nolabait, eten egin zen”, kontatu du Zabaletak. Izan ere, turismoaren gainetik, Alde Zaharra auzo bizia dela aldarrikatu du, eta horretarako eskolaren rola “ezinbestekoa” izan dela.