Hutsune bat bete nahian

Hutsune bat bete nahian

Txalaroa jardunaldiak abiatu dira Iruñean.Hutsun taldeak hamar urte darama txalapartan sakontzen eta zabaltzen. Egoera ona bada ere,lekukoa pasatzeko beharra aipatu dute.

Iker Tubia

Txalapartan sakontzeko gogoak batu zituen Hutsun taldeko kideak. Ttakuna jotzen hasi, eta hamar urteko ibilbide oparoa egin dute. Aritu dira ere txalapartaren zabaltze lanetan; egitasmoak, tailerrak eta ikuskizunak antolatzen, eta horrek izan du fruiturik: Iruñerrian txalapartari gehiago dago orain, eta proposamen berriak egiten dituzte. Lekukoa hartzeko jenderik izanen ote den galdetzen diote orain beren buruei. Horretan lagundu dezake astelehenean abiatutako Txalaroa jardunaldiak. Heldu den ostiralera arte txalapartari buruzko hitzaldiak, kontzertuak eta tailerrak izanen dira, Iruñean.

Mikel Urrutia eta Anai Ganbra dira Hutsuneko partaideak gaur egun. 2011n sortu zen Hutsun. “Gehiago behar genuen”, kontatu du Urrutiak. “Hasieran hutsune bat zegoela ikusi genuen: jendeak txalaparta ezagutzen zuen, baina ez bere historia”. Horrela, kontzertu didaktikoekin hasi ziren, jendeak sakonago ezagutu zezan musika tresna hura. “Musika tresna zaharra izan arren, aldaketa asko izan ditu”. Gerora, erritmoa bakarrik zegoen tokian, notak ere paratu zituzten. “Txalaparta afinatua niretzat iraultza izan zen: barruan nituen erritmo guztiak noten gainean jartzeko aukera izan nuelako”.

Ganbra pixka bat beranduago sartu zen Urrutiak eta Simon Ahechuk sortutako taldera. “Uste dut egunerokotasuna eta ausardia izan direla gure ezaugarriak. Ongi ezagutzen ez genituen gauza askotan sartu gara, eta eman diogu saltsa eta energia. Orain badugu esperientzia”, azaldu du.

Hutsunek bidean gauza anitz egin dituela esan du Urrutiak: bideoklipak, kontzertuak, tailerrak, diziplina askotako jendearekin aritu dira…, eta baita txalaparta dibulgatzeko jardunaldiak ere. Duela sei urte Munduko Txalaparta Kongresua antolatu zuten Iruñean, Jazar zentroan, eta, hari horretatik tiraka, Iruñeko Udalak eskatu zien Txalaroa antolatzeko. Bosgarren edizioa du aurtengoak.

Asteartean Ttakunbira egitasmoari buruz ariko dira Hutsuneko biak. Duela zazpi urte haien bi zaletasunak elkartuta sortu zen proiektua: bizikletan ibiltzea eta txalaparta jotzea. “Lagun batek gurditxo bat utzi zigun txalaparta txikia eramateko. Beraz, bost egunez herriz herri ibiltzen gara Euskal Herrian barrena. Herrietan txalaparta atera, garagardoa eskatu, txorizoa prestatu eta jotzen dugu”, esan du Urrutiak.

Urteko hitzordu berezienetakoa dutela aitortu du Ganbrak: “Ikusten duzu hasierako idei ero batek nola hartu dezakeen ibilbide bat; urtean ez dira hainbeste gauza egiten txalapartari buruz, beraz, Ttakun-birak badu bere garrantzia Euskal Herrian egiten diren egitasmoen artean”. Iruñerriko adiskideak joan ohi dira haiekin batera, baina baita beste herrialde batzuetako txalapartariak ere. Bidean ere bada Ttakun-birari batzen zaionik. “Polita da, herri askotan txalapartariak topatu ditugulako, eta sarea zabaltzeko modu bat ere bada hau”, azaldu du Ganbrak.

Lekukoa pasatu nahian

Hutsunekoek badute eskarmentua, eta txalapartaren bilakaera ikusteko aukera izan dute. Duela hamar urte ari ziren batzuek utzi dutela dio Urrutiak, baina gehiago dira, egun, hala ere. Txalaparta mota eta jotzeko manera berriak sortu dira tarte horretan, eta hori goraipatu du. Baina bada zer eginik: “Txalaparta oso bizirik dago, baina zor bat dugu harekin: hemen ezin da musika eskoletan ikasi”. Ikasketak arautu beharko liratekeela uste du Urrutiak, Gipuzkoako zenbait herritan egiten duten modu berean.

Ganbrak uste du Iruñerrian “inoiz baino sasoikoago” dagoela txalaparta: talde anitz, jotzeko ohitura, Txalaparta Topaketak eta Txalaroa, emanaldiak… Baina, hala ere badu kezka bat: “30 urtetik beherako txalapartari gutxi daude”. Hor da erronka: “Txalaparta modu eraginkorrean nola bultzatu pentsatu behar dugu”.

 

EGITARAUA

Txalaroa txalapartari buruzko jardunaldiak abiatu ziren astelehenean, Iruñean. Egunotako egitaraua:

Gaur

19:30. Sendoa Gomezen hitzaldia, Iruñeko Juslarrocha Civivoxen: Sestaoko txalaparta eskolak 30 urte.

Bihar

10:00. Joko txukun: haurrendako txalaparta tailerra, Juslarrocha Civivoxen.

Astelehena

19:00. Txalaparta hastapen tailerra, Juslarrocha Civivoxen.

Asteartea

19:30. Mikel Arrutia eta Anai Ganbraren hitzaldia Juslarrocha Civivoxen: Ttakun-bira.

Asteazkena

19:00. Txalaparta hastapen tailerra, Juslarrocha Civivoxen.

Maiatzak 14

19:30. Bihotx taldearen kontzertua, Sanduzelaiko Civivoxen