Iritzia: Lehenagokoak?

Iritzia: Lehenagokoak?

Lohizune Amatria

Ez da onargarria. “Lagun talde bat talde kriminal bilakatu nahi dute”. Beste bat. Beste behin. Poliziak hilabeteak eman ditu zelatan, lagunen arteko elkarrizketak aditzen, transkribatzen eta paperean jasotzen. Hamar zigortzen ari dira, sistema aldaketaren aldarria isilarazteko. Beste hamar.

Leitzan nengoela ikusi nuen hiriko erdigunepeko auzoan egindako protesta jendetsua. Non dago Mikel? dokumentalaren emanaldia antolatu zuen udalak, eta herritarrekin solasaldia edukitzeko gerturatu ginen Zabalza zenaren senitarteko zenbait. Herriak ahantziko ez duela diogu maiz, baina denbora kontra dugu borroka honetan, horregatik poztu ginen bertan ere gazteak zirela ikustean. Zuzendariek azpimarratu zuten aurkezpenean: 2011n salatu zituzten azken tortura kasuak Nafarroan, egun hemezortzi urte dituztenek 8 urte zituztela, duela hamarkada bat: “Askorentzat lehenagoko kontuak izanen dira”.

Ez dakit zehazki zer pentsatuko zuten filma ikusi ondoren, ez baikenuen haiekin hitz egiteko aukerarik izan, baina egia jaso zuten, eta gaia gertutik ezagutzen zutenen testigantza entzun zuten.

Ez da gutxi. Iruñean 1985ean egindako manifestazio bat ekarri zuen gogora bertan zen leitzarretako batek. Polizia gazteei oldartu zitzaien, baina, halako batean, baten batek Poliziarengana joatera dei egin zituen. Eta berehala erantzun egin zuten denek: “Polizia izan zen atzera egin zuena. Ordura arte ez nuen halakorik ikusi”.

Hannah Arendt pentsalariaren boterean pentsatu nuen orduan. Kolektiboarekin lotzen du kontzeptua, indar metaketarekin, eta legitimitatea horrek berak ematen diola dio.

Hori bera gertatzen ari zela sentitu nuen une hartan. Nire sakelakoan hamarrak ez zeuden bakarrik, ehunka gazte Que se vayan kantatzen ari zitzaion Arrotxapea hartu zuen Poliziari.

Euskal presoen eskubideen defentsan, berriz, 220 eta ez dakit zenbat izanen ziren, baina mendi tontorretan ateratako argazkiak sare sozial guztietan nituen. Are gehiago, boluntarioek egin zuten posible proiekzioa Leitzako herri areto berrituan. Estatuaren eta Poliziaren gehiegikeria salatzen, beraz, milaka izan ginen egun hartan.

Beti bezala, hunkiturik irten ginen bertaratutakoen esker mezuak jasota. Hain zuzen ere, babesarengatik, gainerakoei ematekoa da, ordea, orain sentitzen dugun beharra: gauden tokian bagaude elkartasunari esker izan da. Torturatuak. Hildakoak. Presoak. Senideak. Atxilotuak. Kriminalizatuak. Jarraituak. Nahiko nuke gainerakoentzat ere baliogarria izatea bizitzen ari garena, bidea, oraindik ere, luzea izanen baita.

Urrun dugu bidegabekerien erantzuleak azaleratu eginen dituen justizia, baina herri justizia idazten ari gara bidean. Topikoa emanen du, akaso, baina berresten ari da Txileko leloa, behin eta berriz: Herria batua, inoiz ez garaitua.