Arrosadiko merkataritza gunearen proiektuak kezka eragin du

Arrosadiko merkataritza gunearen proiektuak kezka eragin du

Iruñeko Udalak egitea onartu du, Navarra Suma eta PSNren botoekin. Bizilagunak egitasmo horren aurkako sinadurak biltzen hasi dira

Edurne Elizondo

Iruñeko Udalak oniritzia eman dio Arrosadia auzoko hegoaldean egin nahi duten proiektu berri bati: etxebizitzak eraikitzeko hasierako asmoa bazter utzi 600 etxebizitza egin nahi zituzten; haietako 400 inguru, babes ofizialekoak, eta merkataritza gune handi bat jarriko dute martxan. Navarra Sumak PSNren babesa jaso du egitasmo horrek aurrera egin dezan. EH Bildu eta Geroa Bai etxebizitzak egiteko aukerari eusten saiatu dira, baina udalak ez du onartu.

Zehazki, Mari Abrego karrikako gasolindegiaren eta Zaragoza etorbidearen artean orain hutsik dagoen orubean eraiki nahi dute. Horretarako, udal plana aldatzea onartu zuen Iruñeko Udalak, hilaren 6ko osoko bilkuran. Proiektuak, halere, kezka eragin du bizilagunen artean.

Merkaritza guneak 6.000 eta 11.000 metro koadro arteko azalera izanen luke, onartutako proiektuaren arabera. Horrek ekarri du Arrosadiko eta inguruko auzoetako bizilagun anitzek ezbaian jartzea; Arrosadiko, Azpilagañako eta Iturramako dendarien elkarteek ere zalantzan jarri dute egitasmoa, eta nabarmendu dute gisa horretako zentro batek auzoetako dendari txikiei “kalte handia” eginen liekeela.

“Ehun sozialari eutsi”

Arrosadiko, Iturramako eta Azpilagañako bizilagunak sinadurak biltzen hasi dira, asteon, Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari eskatzeko Arrosadiko merkataritza gune handia ez egiteko. Plataforma bat osatu, eta manifestu bat argitaratu dute, auzoetako azken urteotako bilakaera erdigunean jartzeko.

“Anitz dira ateak itxi behar izan dituzten negozio txikiak; gure auzoetako ehun sozialari eusteko denda txiki horiek behar ditugu, ordea”, erran dute sinadurak biltzen hasi diren herritarrek, plazaratutako testuan. Nabarmendu dute egoerak okerrera egin duela azken urtean, koronabirusaren pandemiaren eraginez. Sinadurak Peticiones.net helbidean ari dira jasotzen.