Iritzia: Arazoaren gainean, tiritak

Iritzia: Arazoaren gainean, tiritak

Amets Aranguren Arrieta

Gauza denek bezala, feminismoak ere baditu bere moda boladak eta horietako batean gaude, zalantzarik ez dago. Horren lekuko argi da “reggaetoi feminista” (feminista gehitzen zaion musika estilo horietako beste bat) bezalako esamoldeak asmatzeko beharra. Gaia funtsezko eta garrantzizkoa den heinean, labainkorra eta arriskutsua ere bada. Engaiamendua bai, baina agian formakuntza eskasagoa dugunon ahotik hitz egiterakoan diot.

Modak ekar dezake onurarik, bai, baina baita arriskuak ere: sakontasunik gabeko diskurtso panfletarioak edonon, kapitalismo inplizitua (gehiago edo gutxiago) dakarten mezu edo eskaintzak edota borroka kolektibo honetan modu erabat indibidualista edo klasistan borrokatzera eramaten ahal gaituzten jarrera eta gonbiteak.

Nola da posible “reggaetoi feminista” gisa saltzea ia 50 urte dituen gizonezko batek idatzi eta beste gizonezko batek konposatu dituen kantuak? Berdin zait nork jartzen dien ahotsa. Nola da posible 2021ean printzesa hau esnatuta dago izatea “reggaetoi feminista”-k (komatxo artean idazten segitzen dut, ez dudalako kontzeptua oraindik ongi ulertzen) bidaltzen duen mezurik potente eta iraultzaileena? Benetan? Horrez gain, hau kasualitatea kantatzen duena kanon edo eredu fisiko normatibo horren isla izatea. Abeslariaren kontra ez dut deus, ezta askoz gutxiagorik ere. Baina musika hori, izan beharko litzatekeena izan ezik, beste dena da.

Zara-k saltzen duen feminist dioen kamiseta jantzita eramatea feminista izatea ez den bezala, ez da feminista ehunka euroren truke Mediterraneoko irla batean “autoezagutzarako erretiroak” eskaintzea. Ez. Zeure burua zaindu eta kontzientziatzea ez da harri batzuk gau batez harea azpitan sartu eta energiaz beterik ateratzea, ez da zeure burua ezagutzeko milaka kilometro egin eta ez dakit nongo beste irla batean saltoka, irrika eta dantzan aritzea. [Kontuz, spoiler] Ez dakit non emandako saltoa, autoezagutzarako dantza bat edo harri horietako baten energia ez dira baliagarri izanen opor ideal horietatik bueltan senarrak garbigailua nola jarri galdetuko dioen emakumearendako. Harria bera balitz behintzat… Ezin dugu gisa honetako tirita superfizialetan geratu.

Eta bai, mierda bat da aurrekoan mozkor zegoela neska batekin pasatu zen zure lagunari zerbait desatsegina esan behar izatea. Gainera, segur aski “berak ez du inoiz halakorik egiten”. Mierda bat da zure aitarengan matxistak diren jarrerak gero eta gehiagotan identifikatu eta berari esan behar izatea. Are gehiago depende zein den bere erreakzioa.

Baina sasiak pasatu behar dira lorategira heltzeko eta, kasu, lorategia ere ez dago arantzaz libre. Oraindik sasietatik pasatzeko behar ditugun tresnaz hornitzen gaitu feminismoak, ez da mundu ideal eta irreal bat sortzeko erreminta ezta aitzakia ere. Bigarren honen bidetik segika, gureak egin du.